Prentsa Aretoa
2014/09/03
EAJ-PNVk salatu du PP-k oraindik ez dituela erabili aurrekontuan enplegua sortzeko jasotako funts gehienak
Ez da gauzatu ezta industria politikako, enpresetarako laguntzako edo eskualdeko enpleguko planen % 10 ere
Gorka Urtaran EAJ-PNVren Gasteizko Udaleko bozeramaileak enplegua sortzeko udal aurrekontuaren betetze-maila txikia salatu du. Oraindik ez da euro bakar bat inbertitu Industria Politikako Planerako, Industria Kontseilua sortzeko edo berrikuntzarako laguntzetarako. Enpresei laguntzeko dauden funtsetatik % 3,16 baino ez da erabili, eta, Udalak sustatu duen Ekintzaileen Eskualdeko Enpleguko Planari dagokionez, betetze-maila % 8,11koa izan da, urtea amaitzeko lau hilabete bakarrik falta badira ere. Enplegu Batzorde Txostengilerari dagokionez, erabilitako aurrekontua bakarrik %12,89koa izan da. Antzeko zerbait gertatzen da ekonomia eta merkataritza dinamizatzeko programetarako aurrekontuarekin, horretan inbertsioa % 23,84koa eta % 18,71koa baino ez dela izan, hurrenez hurren.
Urtaranek datu horiek ezagutarazi ditu, atzo Gasteizen abuztuan langabezia-tasa handitu zela jakitera eman ondoren. 402 lagunek lana galdu zuten, eta Gizarte Segurantzako afiliazioak 2.017 lagun gutxiago izan zituen Araba osoan. Hori Euskadiko datu txarrena da, baita estatuko datu txarrenetako bat ere. Langabezia-tasa % 1,7 handitzearekin batera, udalerriko langabeziak 21.817 laguni eragiten die
“Maroto PPren politika ekonomikoaren hondamendiko burua da. Argi dagoenez, ez dago interesik, udal aurrekontua langabeziaren aurka borrokatzeko tresna eraginkorra izan dadin. Iraila izanda, onartezina da hainbat programa garrantzitsutako euro bakar bat ere inbertitu ez izana udalerriaren garapen ekonomikorako. Argi dago PPko alkatearentzat enplegua ez dela lehentasun bat” adierazi du jeltzaleak. Ondoren, gobernu taldea bultzatu du ekonomia sustatzeko eta lanpostuak sortzeko helburua duten aurrekontu partida guztiak berraktibatzera.
Enplegurako aurrekontua gauzatzeko unean dagoen utzikeriaz gain, kudeaketa txarra egon da, adibidez, aurten Lanbideren garapen ekonomikorako 330.000 euroko funtsak galtzea ekarri duena. Halaber, EAJ-PNVren ustez oso larria da industria politikak gaur egun duen utzikeria. Ez da sortu ezta Alderdi Jeltzaleak sustatu zuen aurrekontu akordioari esker aurreikusi zen Industria Kontseilua. “Zer esanik ez, Betoñoko enpresa parkearen proiektuari eta Jundizerako aurreikusitako enpleguaren aldeko aurrez aurreko planari buruz; horiek PPko alkateak Gasteizi enpleguaren arloan kontatu dizkion bi iruzur nagusiak izan dira. Non daude plan horiekin batera iragarri ziren zortzi mila lanpostuak?” galdetu du bozeramaile jeltzaleak.
Ekonomia Sustatzeko Arloaren aurrekontu orokorraren betetze-maila % 50ekoa ez bada ere, horretan sartutako aurrekontu partidetako batek, Gastronomiaren Hiriburu Nazionalari buruzkoak, hain zuzen, erabilgarri dauden funtsen % 158 erabili du dagoeneko. “Gasteizko garapen ekonomikorako plan eta programa guztien artean, PPri interesatzen zaion bakarra alkatea irudi pertsonaleko kanpaina gisa erabiltzen ari den gertaera da. Gauzak horrela, aurreikusitako funts guztiak amaitu dira, eta orain aurreikusi gabe zeudenak gastatzen ari dira. Ez dute inbertitu merkataritza dinamizatzeko aurrekontuaren laurden bat ere, eta, bien bitartean, gastronomiaren hiriburua izateari lotutako babesen gestioak bizkortzen ari dira. Ez dago horrela jarduteko justifikaziorik” esan du Gorka Urtaranek.
Euzko Alderdi Jeltzaleak Enpleguaren Batzorde Txostengilearen premiazko bilera egiteko eskatu dio PPri, abuztuan lan-merkatuaren bilakaerak agertu dituen datu kezkagarriak eta sustapen ekonomikorako eta enplegurako udal aurrekontuaren betetze-maila txikiaren arrazoiak aztertzeko. Halaber, kontu hori Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko Batzordearen bileran aurkeztuko du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09