Prentsa Aretoa
2014/09/08
Urtaranek autobus geltokiaren kudeaketa eredua aldatzeko eskatu du, antiekonomikoa eta antisoziala delako
EAJ-PNV alderdiak Gasteizko Udalean duen bozeramaile Gorka Urtaranek hainbat alegazio aurkeztu ditu autobus geltokiaren zuzeneko kudeaketako proiektuari dagokionez, eta aldatzeko eskatu du, antiekonomikoa eta antisoziala delako.
“Zuzeneko kudeaketa horrek gastuak bikoiztea ekarriko du, inbertsioa berreskuratzeko eta errentagarritasun irizpideen aurka doa, enplegua suntsituko du eta ez du betetzen bidaiarien garraiorako araudia; ez da hirirako aukerarik onena. Bilduren laguntzarekin, dagoeneko inor gutxi konbentzitzen duen iruzur bati eutsi dio PP alderdiko alkateak. Iruzur horretan inplikatu nahi izan gaitu; positiboena zera da: oraindik atzera egin dezakeela” adierazi du udal oposizioko buruak.
Urtaranek nabarmendu duenez, autobus geltokiaren zuzeneko kudeaketa proposatzeko Marotok erabilitako arrazoi ekonomikoek ez dute funtsik. “Udaleko kontu-hartzaile nagusiak berak ere ohartarazi du defizit arrisku larria sortzen ari dela, eta tarifak igotzeko gomendatu du, hurrengo udal aurrekontuan murrizketak saihesteko. Bere garaian esan genuen moduan, datu ekonomikoei dagokienez zuzeneko eta zeharkako ereduen arteko konparazioa faltsua da. Gastuak bikoizten ari dira, esaterako terminala zaintzeko zerbitzuan, eta horrek gainkostua eragiten du. Hau dena egiten ari dira BEZ kontzeptuari dagozkion hiru milioi euro ordaindu behar ez izateko, horixe da benetako argudio bakarra; baina diru hori aurreztea garesti aterako litzaiguke” ohartarazi du bozeramaile abertzaleak.
Zeharkako kudeaketa eredutik zuzeneko kudeaketara igarotzeak eragingo duen enplegu suntsiketa ere gehitu behar zaio horri. “Ez da aintzat hartu zenbait lanpostu suntsitu egingo direla. Beste kasu batzuetan horrelako enplegu suntsiketa saihesteko modua aurkitu dute, eta, horregatik, Osoko Bilkurako idazkari nagusiari hemen modu berean jokatzeko aukerei buruzko txosten bat egiteko eskatu diogu “ gaineratu du Gorka Urtaranek.
Horrez gain, autobusen terminalaren zuzeneko kudeaketa justifikatzeko PP alderdiak erabiltzen dituen arrazoi sozialak ezbaian jarri ditu bozeramaile abertzaleak. “Zuzeneko ustiapenari esker pertsonen garraioaren irisgarritasuna bermatzen dela baieztatzen da, esate baterako. Baina hori ez da kudeaketa ereduaren araberakoa; aitzitik, autobus bidaiarien eskubideei dagokienez Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren Araudiak ezarritakoa betetzearen araberakoa da“ zehaztu du Urtaranek.
“Kudeaketa zuzena gomendatzeko arrazoi ekonomiko eta sozial sendorik ez badago, legeak berak, Bidaiariak Errepidez Garraiatzeko Araudiaren bitartez, oro har kudeaketak zeharkakoa izan behar duela ezartzen du. Araudi horrek ezarritakoaren aurka jardun nahi dute, eta horregatik PPko alkateari eskatzen diogu kudeaketa eredua alda dezan, zentzugabekeria bat ekiditeko" ondorioztatu du bozeramaile abertzaleak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09