Prentsa Aretoa
2014/09/19
San Antonio kaleko lokalen alokairuari buruz egia ez jakiteko ahalegina egitea leporatu dio EAJ-PNVk Marotori
Erabateko gardentasuna exijitzen dio, eta Estatuko Kontuen Epaitegiarekin kolaboratzeko, 6 milioitik gorako eragiketa hori argitzeko
San Antonio kaleko lokalen alokairuaren inguruan gertatutakoari buruz egia ez jakiteko ahalegina egitea leporatu dio alkateari EAJ-PNVk. Jeltzaleen Taldeak jakitea lortu dunenez, Estatuko Kontuen Epaitegiak ekainean aurretiazko diligentziak ireki zituen gai honekin lotutako guztia ikertzeko. “Ordutik hona hiru hilabete igaro badira ere, Javier Marotok informazioa ezkutatu die Korporazioari eta herritarrei, udalaren eta epaitegiaren arteko solaskide izendatu duelako bere burua. Hori dela-eta, mozio baten bidez, erabateko gardentasuna eta erakunde horrekiko kolaborazioa exijituko dizkiogu, eta, kasu honetan, udal-ordezkaritza Idazkaritza Nagusiari eskuordetzeko, organo independentea den aldetik", azaldu du Gorka Urtaranek.
Fiskalizazio- eta epaitze-organoak diligentziak ireki ditu, Epaitegiak sinesgarritasun-zantzuak antzeman dituelako udal-oposizioak eginiko salaketan. Bestela, ez zuen aurrera jarraituko eta ez zuen kasu honetarako instruktorea izendatuko. Instruktore hori, orain, informazioa biltzen ari da, ondoren Kontabilitate arloko Epaitze Sailera pasatu ahal izateko, bereizitako pieza irekitzeko. “Epaitegiaren prozedura hori ohikoa dela esaten ari da Alderdi Popularra. Ezta hurrik eman ere. Ohikoa izango zen gauzak ondo egitea eta fiskalizazio-organoak esku hartu beharrik ez izatea. Baina, puntu honetara iritsi ostean, aurrera ez jarraitzea erabaki ahalko zuen. Hala ere, aurrera jarraitzea erabaki du, ikertu beharreko materiala dagoela uste duelako", argitu du udal-oposizioko buruak.
Gogorarazi behar da joan zen apirilaren 10ean, udaleko osoko bilkurak, EAJ-PNVren ekimenez, eta PPk bakarrik kontra bozkatuta, hau erabaki zuela: San Antonioko ikerketa-batzordearen ondorioak Estatuko Kontuen Epaitegira bidaltzea, "balitekeelako ondasun publikoen kaltea egotea eta, beraz, baita kontabilitate-erantzukizuna ere". Ia bi hilabeteko atzerapenarekin osoko bilkuraren erabakiaren ostean, alkateak ekainaren 3an bidali zuen dokumentazioa Epaitegira, eta, ia bi aste geroago, Epaitegi horrek diligentziak ireki zituen. “Aldi horretan guztian, Marotok ez du Epaitegiak egin dituen urratsen berririk eman, eta, Udal Talde honek egin duen lanari esker, orain badakigu organo hori bi bider jarri dela harremanetan udalarekin - ekainaren 19an eta uztailaren 10ean-, kolaborazioa eskatzeko. Informazio hori ezkutatzea ez da egokia alkate batentzat. Horrela jokatzeak Marotoren benetako jarrera erakusten du".
Gertatutakoa ikusita, EAJ-PNVk mozio bat erregistratu du gaur goizean. Mozio hori datorren irailaren 26an eztabaidatuko da osoko bilkuran. Mozioan, salatu egiten da alkateak jokabidearen eta gobernu onaren kodea urratu duela, gardentasunik gabe eta kontuak emateko inolako asmorik gabe jokatu duelako 6 milioi eurotik gorako alokairuari buruzko xehetasun guztiak argitzeko; kontuan hartu behar da lokal horien salerosketa-prezioa 2,6 milioi eurokoa zela.
Horrez gain, testuan, Estatuko Kontuen Epaitegiarekiko erabateko kolaborazioa exijitzen zaio alkateari, egitateak argitzeko, eta, gardentasunari begira, udal-ordezkaritza kasu honetan Idazkaritza Nagusiari eskuordetzeko, organo independentea den aldetik. Horrela, organo horrek talde politiko guztiak informatu ahal izango ditu, neurri berean, epaitegiko instrukzio-fase ezberdinei buruz.
Azkenik, jeltzaleen mozioak alkateari eskatzen dio Idazkaritza Nagusiaren eta alderdien esku jartzeko une honetara arte aipatutako epaitze-organoari bidali dion dokumentazio guztia, eta oraindik aurrera bidaliko dena.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09