Prentsa Aretoa
2014/09/24
EAJ-PNVk 2014an JEZ, pasabideak eta mahaitxoak kobratzea legeetara egokituko du udalaren porrota saihesteko
Urtaranek adierazi duenez, Udalak ezingo ditu aurreikusitako 12 milioiak ingresatu ordenantza eta kale-zerrenda aldatzen ez badira
EAJ-PNVk bihar kale-zerrenda fiskala aldatzearen alde bozkatuko duela adierazi du, aurten udalak JEZaren eta pasabide eta mahaitxoen tasetatik eratorritako 12 milioi euroak kobra ditzan. Bestela, udalaren Kutxak porrot ekonomikoa izango luke. “Alderdi Popularrak eta Bilduk bere garaian gai honen inguruan adostutako akordioak aurten 4,4 milioi euro enpresei itzultzera behartzen du udala, 2013an JEZ behar bezala ez kobratzeagatik. Horrez gain, 2014an zerga hori eta beste tasa batzuk kobratzea eragozten du, EAEko Justizia Auztiegi Gorenak legez kanpokotzat jo duen kale-zerrenda dela eta. Beste behin, EAJ-PNVk konpondu behar ditu Alderdi Popularrak eta Bilduk egindako akordio kaltegarriek Gasteizi eragiten dizkioten arazoak. Biek batera hartutako erabakiak Gasteizentzat txarrak izateaz gain, gero irtenbidea bilatzen laguntzera behartzen gaituzte", salatu du udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak.
Udaleko legelari nagusiak bi aldiz ohartarazi du alkatea hainbat txostenen bidez (abuztuan lehenengoz eta pasa den astean bigarrenez), JEZaren ordenantza fiskala berehala aldatu eta 2012an indarrean zegoen kale-zerrenda sartu beharra dagoela esanez. Bihar Ogasun batzordeari eramango zaio gaia eta ostiralean ezohiko osoko bilkurara. Goi funtzionarioak ondorengoa dio bere idazkietan: “kontrakoa legez kanpoko kasu argi batean erortzea litzateke, 2014ko ordenantzaren edukia 2013koaren berbera baita eta azken hori baliogabetzat jo baitzen" EAEko Justizia Auzitegi Gorenaren apirilaren 14ko 179/2014 epaiari jarraiki, SEA Arabako Enpresariek kontra egin ostean (administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren bitartez).
Legelari nagusia bat dator, ondorengoa azaldu ostean: “gai hau garrantzitsua da, egokitzapen hau egiten ez bada ezingo dira kale-zerrendak eragindako tasak kobratu legez kanpokoa litzatekeelako, ez baitago aplika daitekeen kale-zerrendarik". Horrez gain, "edonola ere epaiaren osteko jarduketek agindua errespetatu behar dutela eta beharrezkoa izanez gero, epaia eman osteko urteetako ordenantzak aldatu behar direla, baliogabetzea eragin duen akats bera baldin badute” azpimarratu du.
Gorka Urtaranek udala deskribatutako egoera horretan dagoela azaldu du. “EAJ-PNVk, ardura duen aldetik, 2012an indarrean zegoen kale-zerrenda (2010eko abenduan onetsia) berreskuratzearen aldeko botoa emango du eta beraz, kobrantza legeetara egokituko du. Oraingo honetan ere Alderdi Popularrak eta Bilduk hiriari eragindako kaltea konpondu behar dugu. Nekatuta gaude haiek eragindakoa konpondu behar izateaz", esan du oposizio-buruak. Bozeramaile jeltzaleak “lardaskeriatzat” jo du bi alderdiek bere garaian hartu zuten erabakia. “Penagarria da Maroto Bilduri batzen zaion aldi bakoitzean Gasteizi nola kalte egiten dion ikustea", adierazi du.
Ogasunaren udal sailaren arabera, aurreko kale-zerrenda aplikatzeak 2014ko aurrekontuan JEZ, pasabide eta mahaitxoengatik jasotzea aurreikusten zen 1,3 milioi euro galtzea ekarriko du. “Baina kontrako egoera okerragoa da. Aldaketa egiten ez bada, legez kanpokoa izateaz gain, Udala hiru kontzeptu horiei dagozkien eta gastu arrunterako erabiliko liratekeen 12 milioiak kobratu gabe geratuko litzateke. Ondorioz, udalak porrot ekonomikoa izango luke”, argitu du Urtaranek.
Amaitzeko, EAJ-PNVren bozeramaileak kezkatuta dagoela adierazi du, Alderdi Popularraren eta Bilduren erabakien ostean udala zein egoeratan dagoen ikusita: Etxebizitza-kanona aplikatzeak zergapekoei 1,9 milioi itzultzea ekarri zuen; 2013an JEZari buruzko epaia aplikatzeak 4,4 milioi itzultzea ekarriko du; eta 2014rako 1,2 milioi itzuli beharrak porrot ekonomikoa ekarriko dio udaleko Kutxari. “Guztira 7,5 milioi gutxiago dira. Azalpen argiak zor dizkigute eta ez bakarrik EAJ-PNVri aurrekontu-kidea den aldetik, batez ere hiritarrei zor dizkiete azalpenak. Alderdi Popularrak Udala horren egoera ekonomiko larrira eraman izanaren arrazoia ezagutu nahi dugu eta hortik ateratzeko zer egitea proposatzen duen”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09