Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/10/22

San Antonioko kontabilitate-erantzukizunaren garbiketa gobernu talde osora hedatzea larria dela uste du EAJ-PNVk

“Estatuko Kontuen Auzitegiak epe laburrean informazio zehatz ugari bidaltzeko eskatu dio Marotori eta hori benetan larria da”

rss Ezagutzera eman

Gorka Urtaranen ustez larria da Estatuko Kontuen Auzitegiak San Antonioko bulegoen alokatze-erantzukizunaren garbiketa Alderdi Popularraren gobernu talde osoari zabaltzea, alderdi horrek kontratu hori esleitzeko erabakia hartu zuelarik. Adierazi duenez, “oso larria da Auzitegiak alkateari hamabost eguneko epea eman izana kasuarekin erlazionatutako informazio zehatz ugari bidaltzeko. Auzitegiak irregulartasunak egon ahal izan direlako susmoa duela ulertzen dugu horrekin”.

Eusko Alderdi Jeltzaleak San Antonioko bulegoen alokatze-kontratuari dagokion dokumentazioa Estatuko Kontuen Auzitegiari bidaltzeko eskatu zuen pasa den apirilaren 10ean, Osoko Bilkuran onetsitako akordioari jarraiki. Estatuko Kontuen Auzitegia da kontabilitate-erantzukizuna argitzeko eskumena duen erakundea. Hala ere, Javier Marotok ez zuen espedientea ekainaren 3ra arte bidali, Udal Talde honek behin eta berriz eskatu bazion ere. Espedienteak Atariko Zuzemenen fasea igaro du jada eta bigarren fasean dago, Aurretiko Jarduketen fasean hain zuzen. Gainera, kasua ikertzeaz arduratzen den ordezko instruktore bat izendatu dute.

Urriaren 14an Kontuen Auzitegiak argitu beharreko gaiei buruzko informazio xehatu eta egiaztatua eskatu zuen. Gai horietako batzuk ondorengoak lirateke, adibide gisa: alokairua nola adostu zen, udalbatzak onetsi aurreko pausuak, sinatutako kontratua eta azken horretan egindako aldaketak, egindako ordainketak (txostenen xehetasunak azalduz), hartutako erabaki politikoak arrazoitzen dituzten txostenak (adibidez, balioespenetarako teknikariak ezarritako alokairua baino altuagoa zergatik onetsi zen), etab.

Eskaera horretan, instruktoreak erabakia hartu zeneko udalbatzan bozkatu zuten pertsonak identifikatzeko eskatu du, baita botoa zergatik eman zuten azaltzeko ere. “Deigarria da kontabilitate-erantzukizunen garbiketa Alfonso Alonso eta Javier Marotoz harago hedatuz doala ikustea, 2007an udal gobernu taldea eratzen zuten Alderdi Popularreko zinegotzi guztienganaino. Jada ez gara alkateaz eta alkate ohiaz bakarrik hitz egiten ari, Gasteizko Alderdi Popular osoa dago susmopean. Instruktoreak larritasun handiagoa eman dio gai honi, hori posible bazen", adierazi du udal oposizioko buruak.

“Alderdi Popularreko alkateak ongizate egoera murrizteko antolatutako sinadura-bilketarekin sortutako polemikaren erdian, Marotori eskatzen diogu bilketa hori gasteiztarrek alokairu honen kudeaketaren inguruan duten iritzia ezagutzeko baliatu dezan. Horrek bai haserretzen dituela hiritarrak, Marotok lokal batzuen alokairuagatik 6 milioi euro ordainarazi izana erosteko prezioa 2,6 milioi zenean”, ondorioztatu du Gorka Urtaranek.