Prentsa Aretoa
2014/10/28
EAJ-PNVk langile gehiago jartzeko eta eremuak hobeto banatzeko eskatu du adingabeen kale heziketaren programa garatzeko
“Onartezina da bi hezitzaile egotea udalerriaren hegoalde osorako", salatu du Nerea Melgosak
Vitoria-Gasteizko Udaleko Eusko Alderdi Jeltzaleak adingabeei zuzendutako Kale Heziketaren Programarako langile gehiago jartzeko eta eremuak hobeto banatzeko eskatu dio Alderdi Popularraren gobernu taldeari. Egun zerbitzu honek 16 hezitzaile ditu guztira eta bikoteka banatuta daude zortzi eremutan. Langile kopuru hori berbera izan da azken bost urteotan, programan parte hartu duten adingabeen kopurua % 13,5 hazi bada ere (2009an 606 izan ziren eta 2014an 688). Horrez gain, esku-hartze eremuak gehiago dira orain, Ibaiondo, Salburua eta Zabalgana auzo berriak sartu baitira. Egoera horri esku-hartze eremuen banaketa irregularra gehitu behar zaio. Hezitzaile bikote bakarra dago hiriaren hegoalde osorako, Mariturritik Errekaleorrera. 45.000 pertsona bizi dira eremu horretan.
“Kale hezitzaile bikote batek adingabeak askotan egoten diren tokietan egiten du lan: Auzo Etxeetan, ikastetxeetan eta aisiarako eremuetan, skate pistetan esaterako. Oinarrizko gizarte zerbitzua hartzen dute abiapuntutzat. Kasu askotan familiekin eta erkidegoarekin ere egin behar izaten dute lan. Horrenbestez, hiriaren hegoaldeko auzo guztiak hezitzaile bikote bakarrari uztea guztiz zentzugabea da, Ariznabarratik Txagorritxura lekualdatu den oinarrizko gizarte zerbitzu batetik abiatuz lan egiten dutela jakinda. Egoera konpondu beharra dago. Baliabide gehiago eman behar zaizkio adingabe askoren bizitzako aldi garrantzitsu bat hobetzea lortzen ari den programa honi", adierazi du Gizarte Politiketako bozeramaile jeltzale Nerea Melgosak.
Kale Heziketaren Programaren esku-hartze eremuetan auzo berriak sartu izanak hezitzaileen lana zaildu du, eremu horietan gero eta beharrizan gehiago daudelako. “Zabalganara heltzeko hiriko beste auzo batzuetan egin beharreko ibilbideak egin gabe uzten dira eta antzekoa gertatzen da Salburuaren kasuarekin. Pilare auzoan hezitzaile bakarra dago 40.000 biztanlerentzako eta adingabeen arazoak gehituz doaz. Banaketa berri bat egiteko aukera sakon aztertu beharra dago, oraingoa bezalako banaketa irregularra ekiditeko”, gehitu du Nerea Melgosak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09