Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/11/07

Gorka Urtaranek hausnarketa egiteko eskatu dio Marotori, 2015erako aurrekontu-akordioa honda ez dezan

rss Ezagutzera eman

Vitoria-Gasteizko Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak hausnarketa bat egiteko eskatu dio alkateari, 2015eko aurrekonturako akordio bat lortu nahi badu behintzat.

“Ituna hondatu nahi ez badu, duela ia bi aste proposatu genizkion baldintzak onartzeko prest dagoela erakutsi behar du lehenbailehen”, adierazi du Gorka Urtaranek. Gogorarazi duenez, Javier Marotok ezarritako oinarri horietako bi ez ditu bete. “Momentuz hori izan da haren erantzun bakarra”.

Azken egunotan gertatutakoa aztertu ondoren, Talde Jeltzaleak ez du uste Alderdi Popularrak adostasuna lortzeko interesa duenik. Izan ere, Maroto Gabinetea kontrakoa erakusten ari da. Pasa den astean (eta pasa den astelehenean berriz) alkateak Kohesioaren eta Bizikidetza Baketsuaren aldeko Itunaren aurka dagoela ikusi genuen, eta atzo 2015ean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga % 40 igotzeko asmoarekin jarraitzen duela.

“Krisialdian egonda ezin diogu ekonomia-eta industria-sareari esfortzu handiagoa eskatu, sare horrek sortzen du enplegua. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga igotzea onetsi zuten atzo Alderdi Popularrak eta Bilduk. Horrek 4 milioi euro gehiago ekarriko ditu udal diru-kutxentzat, baina Gasteizko kaltetutako 1.650 enpresek jarri beharko dute diru hori (2.250 establezimenduren tituludunek). Ez da bidezkoa eta gainera enpresa batzuen amaiera ekar dezake”, azpimarratu du Urtaranek. Kontuan izan beharra dago Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga ez dela zerga gehikor bat. Horrez gain, fakturazioaren arabera ordaintzean datza, eta ez gehien duenak gehiago ordaintzean.

Pasa den urriaren 27an EAJ-PNVk “2015eko aurrekontu-akordioa lortzeko baldintzak” dokumentua eman zion alkateari. Dokumentu horretan argi azaltzen da datorren urteko kontuak eztabaidatzen hasteko baldintzetako bat enplegua sustatzeko politikak egitea dela. Testuan azaldutakoaren arabera, “Gasteiz hiri erakargarria izan behar da enpresa berrientzat eta hori lortzeko modu bat enpresa-sarearentzako zerga politika iraunkor eta orekatua garatzea da, udal gobernuak proposatutako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren igoera biltzen ez duena".

“Alkateak ondo daki dokumentu horretan proposatu genizkion baldintzetako bi hautsi dituela. Hamabi egun igaro dira jaso zuenetik eta oraindik ez digu erantzun ere egin", gailendu du Urtaranek. Bildurekin itundutako Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga igotzea ez da gauza bakarra izan. Alderdi Jeltzaleak udalbatza osorako eta hiriko gizarte-, ekonomia-, kultura- eta hezkuntza-eragileentzako Kohesioaren eta Bizikidetza Baketsuaren aldeko Ituna proposatu zien, pertsona guztien arteko berdintasuna bermatzeko eta gizarte-gatazka eta hiritarren ziurtasunik eza ekiditeko. Dena den, Alderdi Popularrak ez du sinatu nahi izan.

Ondorioz, udal oposizioko buruak hausnarketa egiteko eskatu dio alkateari, 2015erako aurrekontu-akordioa lortu nahi badu behintzat. “Akordioa ez hondatzeko eskatu nahi diot, benetako lehentasunak aintzat hartuko dituzten eta finantzaketa-iturri zehatz eta gauzagarrian oinarrituko diren kontuak adostu nahi dituela erakusteko, AMVISAren tankerako udal sozietate bat deskapitalizatu behar izan gabe". Gainerako baldintzak ondorengoak lirateke: Salburua, Zabalgana, “urrezko auzoak" eta landa-eremurako Ekipamenduen eta Zerbitzuen Plana betetzea, 21 Zabalgunea deuseztatzea eta estatuko gobernua udal Aurrekontuan gehiago nahastea.

“Maroto garaiz dabil hausnarketa egin eta akatsak zuzentzeko. Gu ahaleginetan ari gara 2015. urtean aurrekontua izatea nahi dugulako, hauteskundeen urtea izan arren. Orain bere txanda da”, bukatu du.

Laguntzei buruzko haserre-giroa baretu

Bestalde, Gorka Urtaran laguntzei buruzko haserre-giroa baretzeko galdegin die alderdi guztiei eta gizarte-eragile guztiei, zeren horrek guztiak tentsioa sorrarazten baitu gizartean, eta tentsio hori oso arriskutsua izan daiteke. “Baretu egin behar dugu giroa eragile guztiok, asteon El Pilar auzo etxean gertatu den agresioa bezalako kasurik berriro jazo ez dadin”, proposatu du Urtaranek. 

Udal oposizioaren buruak bere kezka agertu du azken egunetako gertaera-saldoa dela-eta: agresioa, salaketa, alderdi politikoek eta gizarte-eragileek egin dituzten adierazpenak, “Gurpil-zoro hau ez da egoera konpontzeko bidea; aitzitik, gero eta gatazka gehiago sorrarazten ditu horrek guztiak. Autokritika egin behar dugu denok, eta tentsioa baretzen saiatu. Alkatea izan zen lehena sua pizten, bere alderdia lagun, baina erreakzio batzuek ere ez dute batere mesederik egiten”, adierazi du Urtaranek. Hori dela eta, eragile guztiei lasai egoteko eskatu die, gizarte-kohesioa arriskutan ez jartzeko. “Baretu dezagun presio-maila. Javier Marotori eskatzen diot bereziki, baina nik neuk ere konpromiso hori hartzen dut”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak.

Gorka Urtaranek berriro eskatu dio Marotori sina dezala Gizarte-Kohesiorako eta Bizikidetza Baketsurako Ituna, EAJ-PNVk joan den asteko Udalaren Osoko Bilkuran proposatu eta Alderdi Popularraren ezezkoa jaso zuena. Amaitzeko, azkeneko urte hauetan guztietan gizarte-babeserako eta bizikidetzarako eratua dugun euskal sistemari buruz jadetsitako adostasunak arriskutan ez jartzeko galdegin du EAJ-PNVren bozeramaileak.