Prentsa Aretoa
2014/11/11
EAJ-PNVk ahalik eta azkarren osoko bilkura egiteko eskatu du, Marotok Rajoyri martxoaren 3ko erantzuleak Interpolen esku jartzeko eska diezaion
“Alderdi Popularrak ezin du gertatutakoa gehiago estali eta lana erraztu behar dio Servini epaileari, justizia egin dadin”.
Vitoria-Gasteizko Udaleko EAJ-PNVren bozeramaileak alkateari eskatu dio ahalik eta arinen ezohiko osoko bilkurarako deia egiteko, udalbatzak espainiar gobernuari eska diezaion 1976ko martxoaren 3an Zaramagan izandako hilketen erantzule politikoak Interpolen eta Argentinako justiziaren esku uzteko. “Atzo Memoriaren Egunaren harira Arabako zein Gasteizko Alderdi Popularrak egin zituen baieztapenek eta gaur Iñaki Oyarzabal legebiltzarkideak hedabide digital baten egin dituenek ez dute atzerapen handiagorik onartzen. Gasteizko udalbatzak Mariano Rajoyren exekutiboari eskatu behar dio Servini epaileari lana errazteko eta horrela erantzukizunak zehaztu, justizia egin eta biktimak eta beren familiak gogoan hartzeko. Alderdi Popularrak ezin du sarraski haren erantzuleak estaltzen jarraitu. Marotoren isiltasun konplizea guztiz onartezina da”, azaldu du Gorka Urtaranek.
EAJ-PNVk ez du duela 38 urteko hilketa ahaztu. Poliziaren eraso baten ondorioz bost langile hil ziren. Horregatik, Urtaranen esanetan Espainiako gobernuak justiziarekin lankidetzan aritu behar du eta azken horren esku utzi behar ditu Servini epaileak auzipetutako hiru pertsonak: Espainiako gobernuko presidenteorde eta ministro ohi Rodolfo Martín Villa, garai hartako presidentzia ministro Alfonso Osorio eta garaiko Poliziaren buru Jesús Quintana. “Hirurak erantzule politikoak direnez, epaileari aurrean kontuak eman beharko dizkiote, behingoz martxoaren 3 ilun hartako biktimak kontuan hartuz", adierazi du Urtaranek.
Udal oposizioko burua oso kezkatuta agertu da Gasteizko Alderdi Popularrak terrorismoaren biktimen memoriaren zentroari eman nahi dion ikuspuntua ikusita. “Hori ez da indarkeria mota ororen biktimak ohoratzeko modua. Alderdi Popularrarentzat orokorrean eta bereziki alkatearentzat lehenengo eta bigarren mailako biktimak daude eta gu ikuspegi horren aurka gaude. Gainera, Alderdi Popularreko Justizia, Eskubide eta Askatasunen idazkari eta legebiltzarkide Iñaki Oyarzabalek egun hartan gertatutakoa poliziaren gehiegizko karga baino ez zela izan adierazi du, polizia jende askoz inguratuta omen zegoen eta defendatu baino ez zirela egin. Onartezina da”, bukatu du.
“Egia bestelakoa da: gobernu frankistak aginduta, poliziak tiroka hil zituen bost gasteiztar. Onartezina da oraindik sarraski hari garrantzia kentzen dioten politikari gasteiztarrak egotea, erantzule bakartzat garai hartako polizia hura jotzea eta hildako bost biktimak bigarren mailako gisa hartzea. Martxoaren 3ko biktimak gogoan izan behar ditugu eta justizia egin behar da. Alkatearen isiltasun konplizea onartezina da”, ondorioztatu du EAJ-PNVren bozeramaileak.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09