Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2014/12/01

EAJ-PNVk jarduera ekonomikoen gaineko zerga bere horretan atxikitzeko eskatu du, Marotok igo egin nahi duela ikusita

“Ezin esan dezakegu Alderdi Popularrak guregana hurbildu nahi duenik", adierazi du Urtaranek

rss Ezagutzera eman

Gorka Urtaranek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga bere horretan atxikitzeko eskatu du, Alderdi Popularrak Gasteizko 1.600 enpresa baino gehiagoren kontura igo nahi duela ikusita. Marotok iritziz aldatu du berriz eta orain Ordenantza Fiskalen alegazioen eztabaidan zerga horren % 10eko igoera onestea planteatu du (alkateak Bildurekin itundutako % 41eko igoeraren ordez). Talde Jeltzalearen planteamendua zerga honen tasa bere horretan mantentzea da. “Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga izoztea da babestuko dugun neurri bakarra. Marotok zergen arloan Bilduren eskutik jarraitzearen edo zerga hau izoztearen aldeko gainerako taldeekin aritzearen artean aukeratu behar du”, azaldu du Urtaranek.

Talde Nazionalistak Alderdi Popularraren 2015erako kontuen proiektuko defizita 13 milioi eurokoa dela salatu du. Kopuru horretatik 10,2 milioi AMVISA uren sozietatearen funtsak kentzeko proposamenari dagozkio. “Alkateak aurretiaz bazekien ez dagoela horrelako deskapitalizazio baten alde dagoen talderik, pribatizatu aurreko pausoa delako”, ohartarazi du Urtaranek. Horri Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako aurreikusitako diru-sarreretan izandako 3 milioiko murrizketa gehitu behar zaio. “Alderdi Popularrak onetsia izateko lehen baldintza betetzen ez duen aurrekontua aurkeztu du:  aurrekontu-oreka, hau da, diru-sarreren eta gastuen arteko oreka. Horrenbesterako deskoadratzea duen kontuen proiektu batek agerian uzten du Alderdi Popularraren seriotasun eta zorroztasun falta. Alkate honek gauza bat esaten du eta handik egun batzuetara guztiz kontrakoa. Banatzen ari den, iparra galduta dabilen eta kontuak ondo egiteko gai ez den gobernua dela erakusten du horrek. Orain badirudi defizitaren parte handi bat Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergak kaltetutako 1.600 enpresa gasteiztarrek eta udal langileek ordaintzea nahi duela, azkenengo horiei Elkarkidetza BGAEri egindako ekarpena kenduz", gehitu du oposizioko buruak.

Gorka Urtaranek Alderdi Popularrak Eusko Alderdi Jeltzalearekin biltzeko espazioak bilatzeko borondate eskasa duela azpimarratu du. “Ezin esan dezakegu datorren urterako Aurrekontua adosteko hurbilketa bat planteatzen ari zaigunik. Aurrekontu-akordiorako gure oinarrietako bat Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren igoera bertan behera uztea zen. EAJ-PNV aintzat hartu gabe, guretzat gakoa den zerbaitez urrun dagoen igoera negoziatzen ari da Maroto. Eta ez ditzagun akordiorako beste oinarriak aipatu, momentura arte ez baitugu jarrera aldaketarik ikusi (AMVISA ez pribatizatzea, auzo berri eta zaharretan Ekipamendu eta Zerbitzuen Plana betetzea, Kohesioaren eta Bizikidetza Baketsuaren aldeko Ituna eta gobernu zentralak ekarpen ekonomiko handiagoak egitea)”, adierazi du bozeramaile jeltzaleak.