Prentsa Aretoa

2015/03/01

Gorka Urtaran eta Vitoria-Gasteizeko kudeaketa bere gain hartzeko prest dagoen taldea aurkeztu ditu EAJ-PNVk

Urkullu Lehendakariak, Andoni Ortuzarrek eta Xabier Agirrek alkatetzarako hautagaia abalatu dute politika zorroztasunean akordioan eta parte hartzean oinarrituta egiteko duen helburuan.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNV-k gaur goizean aurkeztu du maiatzaren 24ko hauteskundeei begira Vitoria-Gasteizerako aurkeztuko duen  hautagai zerrenda. Gorka Urtaran zerrenda-buruak zuzenduko du hiriaren kargua bere gain hartzeko prest dagoen lan taldea, eta bere helbururik nagusiena izango da hiriburuko politikagintza berreskuratzea eguneroko arazoak konpontzeko  eta enplegu aukera berriak sortarazteko tresna eraginkor gisa. Lehendakaria eta Euzkadi Buru Batzarraren eta Araba Buru Batzarraren presidenteek alkategaia abalatu dute hiriaren eraldaketari ekiteko helburuan, zorroztasuna, akordioa  eta norbanakoaren eta gizartearen parte hartzea oinarri.

Alkategai Gorka Urtaranek azpimarratu du pertsonak direla EAJ-PNVren helburu eta lehentasuna, eta, horien artean une honetan dauden 21.000 langabeak, legegintzaldi hasieran baino 5.000 gehiago, hain zuzen. “Vitoria-Gasteiz berreskuratu behar da sustapen ekonomiko eta enplegu onerako gune erakargarri gisa, industriari, zientziari eta teknologiari behar eta merezi duten garrantzia emanez”.

Urtaranek hitza eman du “Gasteiz hazi arazteko politikagintza eginez, pertsona guztiek hiria egiteko eta osatzeko duten eskubidean oinarri, arraza edo naziotasunagatiko ezberdintasunik egin gabe. Gure arteko bizikidetza baketsua ez dugu arriskutan galduko eskukada bat boto lortzearren,  eta PPren helburu bakarra da arreta egin gabe utzitako lanetatik, kudeaketa okerretik eta  gainean dituen ustelkeria kasuetatik aldentzeko”.

“EAJ-PNV –gaineratu du- hauteskundeetan aurkeztuko da erabat desberdina den mezu batekin, politikagintzan jarrera positiboa baliatuz, eraikitzeko asmoarekin eta indarrak batzeko, eta ez elkarrengandik banatuta egoteko. Hiri honek behar duen eraldaketa gobernu onaren bidez burutu behar da,zorroztasunean, akordioan eta norbanakoaren eta gizarte osoaren parte hartzean oinarritutako politikagintzarekin. Nire konpromisoa da politika egitea, eta ez soilik hiritar guztientzat, baizik eta Gasteizko emakume eta gizon guztiekin lankidetzan ere”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak duela bi urte Lehendakaritzaren kargua hartzean gasteiztar egin zela azpimarratu nahi izan du, Eusko Jaurlaritza osoak eta berak Vitoria-Gasteiz hiriarekiko hartu duten konpromisoa gogoratu baino lehen. “Konpromisoa hartu dugu pertsonak helburu dituen hiriarekin;hiri integratzailea, aukeren eta aurrerapenaren hiria; hiri irekia, hazteko helburua duena. Horixe da guk nahi dugun Gasteiz hiria. Elkarrekin lan eginez, oztoporik gabe, bazterketarik gabe. Gasteiz, aurrerapenaren hiriburua, gazteriaren hiriburua, etorkizunaren hiriburua. Nik ez dut sinesten bere etorkizuna biktimismoan oinarrituko duen Gasteiz hirian. Gasteiz irekian dut fedea, beren buruan sinesten duten pertsonena, beren ardurak eta erantzukizunak  zintzotasun osoz onartzen dituzten hiritarrena. Beren nortasunaz harro dauden pertsonak, Vitoria-Gasteizen ondareaz harro”. Urkulluk aitortu du Ajuria Enean eman zituen lehen hilabeteak ez zirela bat ere errazak izan, baina aldarrikatu egin nahi izan du orduan ere irmoa  eta zalantzan jarri ezina izan zela EAJ-PNV-k eta Jaurlaritza osoak Vitoria Gasteizen alde egin zuten apustua. “2013 urtea hasi genuen aurrekontu bat aurkeztuta, baina ez genuen onartzea lortu izan. Gasteizen eta Araban gobernatzen duen Alderdi Popularrak ez zuen aurrekontua onartu nahi. Gaur, harrotasun osoz erakuts dezakegu zein den orduan eman genuen erantzuna. Erantzun positiboa: Gasteizen inbertitzea. Gure erantzuna konpromiso sendoagoa izan zen. 2013 urte hartan historian lehen aldiz onartu genuen Euskadi osoa gobernatzen duten erakundeak kokatuta dauden hiriburuan urtean 5 milioi euroko inbertsioa egitea. 20 milioi euro Gasteizentzat, ordura arte ez da hemen halako inbertsio bat sekula egin ` gure egintzek emango gaituzte ezagutzera´. Eta Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak egintzen bidez hitz egiten du: Uztai berdea, 8 milioi euroko inbertsioa; Autobus geltokia, 14 milioi euro; Salburuako Gizarte Zentroa, 9 milioi; Zabalganako Gizarte Zentroa, 8 milioi; Europa Jauregia, 10 milioi; Alde Zaharreko lanak eta arrapalak, 2 milioi; Kanpoko kontsultak Unibertsitate Erietxean, 25 milioi; Salburuako Osasun Zentroa, 6 milioi; Zabalganako Osasun Zentroa, 6 milioi; Haur Eskolak, Zabalganako Institutua, Erekabarri Zentroa, 22 milioi.  Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan, osasunean bizitza kalitatearen hobekuntzan eta aurrera egiteko egitasmoetan inbertitzen du. Pertsonengan inbertitzen du. Pertsona helburu. Hori da Gasteiz Hazi araztea. Inbertitzea, ekarpenak egitea, eraikitzea... elkarrekin eginez. Gobernu Egitasmoan hitzartutako egitasmoak dira. Araba eta Gasteiz guztiz ezinbesteko ditugu Euskadirentzat. Hiri honetan sinesten dugula erakusten ari gara, bere etorkizunean sinesten dugula. Egintzen bidez. Inbertsioen bidez. Jardueren bidez. Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteiz defendatzen du. Eta, berdin egiten segituko dugu”.

Xabier Agirre Araba Buru Batzarraren presidenteak azpimarratu duenez “EAJ-PNVk mezu argia eramango du udal hauteskundeetara: erantzukizuna, egonkortasuna, kudeaketa lan ona, lan zintzoaren bermea, egitasmo zehatza, hiriko gizarte taldeekin ehun bat bilera izan ondoren, eta, batez ere, lan talde batekin, Alderdi honek duen onena ordezkatzen duena”.

EBBren presidente den Andoni Ortuzarrek ekitaldia zarratu du Euzko Alderdi Jeltzaleak Gorka Urtaran Gasteizek eskatzen duen aldaketa burutuko duen gizona izango dela bermatuz batera. “Hiri honek aldaketa behar du. PPren garaia bukatu da. Ganora gabeko gatazkekin atentzioa desbideratzeko garaia amaitu da. Garai hori bukatua dago jada. Vitoria-Gasteizek ezin du denbora gehiago galdu. Norabide berri bat behar du. Etorkizunari baikor begiratu behar dio. Eta bestelako Vitoria-Gasteiz bat eraikitzea posible da. Gasteizko hiritarrek orain bi aukera desberdin dituzte: Marotoren M-arekin dagoen aukera, Manipulazioarena, pasio baxuenekin jolasten dutenen aukera, gezurrezko gatazkak bilatzen dituztenen aukera; Madrilgo M-aren aukera, izan ere, Gasteizko PPri bakarrik balio dio Madrilek esaten duena; Mariano Rajoyren M-aren aukera, izan ere, azken finean, Maroto eta Mariano berbera baitira. Estatuaren Egoeraren Eztabaidan Marianok ez zuen hitz bakar bat izan Euskadirentzako, agian, jada ez gara Espainiaren parte. Eta bestetik, G aukera dago. Gorkaren aukera; Gasteizen G-a. Gorkak Gasteizen baino ez dauka burua, ez du haratago begiratzen; Gertutasunaren G-a; Gardentasunaren G-a. Hori da Gorka Urtaran; gertutasuna eta gardentasuna”.

 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU