Prentsa Aretoa

2015/03/10

Ortuzarren esanetan, Aburto, Goia eta Urtaran izango dira herri eredu partekatuan oinarritutako eta hiriburuen arteko "ezberdintasunen larriagotzea" atzean utziko duen ‘euskal Y politikoaren‘ hiru erpinak

EAEko hiru hiriburuetako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiek batera parte hartu dute gaur Fórum Europa Tribuna Euskadi izeneko foroan, zeinetan Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizerako dituzten gida-lerroak aurkeztu dituzten

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Forum Europa Tribuna Euskadi-n: Andoni Ortuzar
    2015/03/10

    ARTXIBOA JAITSI

  • Forum Europa Tribuna Euskadi-n: Juan Mari Aburto
    2015/03/10

    ARTXIBOA JAITSI

  • Forum Europa Tribuna Euskadi-n: Eneko Goia
    2015/03/10

    ARTXIBOA JAITSI

  • Forum Europa Tribuna Euskadi-n: Gorka Urtaran
    2015/03/10

    ARTXIBOA JAITSI

  • Forum Europa Tribuna Euskadi-n: Galderak
    2015/03/10

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Andoni Ortuzarrek, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran aurkezteko orduan esan du pertsona hauek maiatzeko 24ko udal hauteskundeetatik sortuko den ‘euskal Y politikoa’-ren hiru erpinak izango direla. "Euskal hiru hiriburuentzako eredu partekatuan" oinarrituko den ‘euskal Y politikoa’ "gatazkak atzean utziko dituen eredua, txikikeria edo handikeria konplexuak eta ezberdintasunaren larriagotzea atzean utziko dituena. EAJren barruan gustuko izan dugu beti ‘Euskal Hiria’ kontzeptua. Amerikako Estatu Batuetatik etorri berria naiz. Hiri ertain edo txiki baten neurriko herria gara, eta elkartuta egin behar dugu hirien hiria. Eta hiru pertsona hauek, Juan Mari Aburtok, Eneko Goik eta Gorka Urtaranek, martxan jarriko dute herri eredu berri hori. Konbentzituta nago beraiek izango direla Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko hurrengo alkateak”.

Ortuzarrek hiru hautagai jeltzaleak aurkeztu ditu Fórum Europa Tribuna Euskadi delakoan, gaur goizean Bilboko Ercilla Hotelean egin den informazio gosarian, EAE osoko bizitza politiko,ekonomiko,sozial eta kulturaleko 400 bat ordezkariren aurrean. “Hurrengo legegintzaldirako dugun konpromisoa da Euskadi Hazi Araztea, hau da, Gasteiz Hazi Araztea, Donostia Hazi Araztea eta Bilbo Hazi Araztea. Hazi Araztea goiburu hutsa baino askoz gehiago da: konpromisoa eta erronka da. Egiten duen alderdia gara. Eta, une honetan, herri honek hazi beharra du, krisi luze eta mingarri honen ondoren. Gizarte gisa hazi behar dugu, nazio gisa hazi, arlo ekonomikoan ere hazi behar du. Baina horretarako jendea behar da, eta guk pertsonarik onenak proposatzen ditugu. Juan Mari, Eneko eta Gorkak curriculum profesional paregabea daukate, baina espediente hori erakundeetan osatu dute, batzuetan gobernuan eta besteetan oposizioan; batzuetan administratzen eta besteetan administratzailea kontrolatzen. Hirurak dira gure hiru hiriburuak Hazi Arazteko alternatibarik onenak".

Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagaia izan da hitz egiten lehena. Aburtok azpimarratu nahi izan du "baloreen politika, politikaren balioa auzitan jartzen den garai honetan. Zintzotasuna, apaltasuna, solidariotasuna, konpromisoa eta inplikazioa izango dira nire baloreak. Bilboko Alkate gisa eramango ditudan nortasun ikurrak izango dira. Eta, ez hori bakarrik, nire lan taldearenak ere bai. Bai, talde-lana ere izango da nortasun ezaugarri handia.Ilusioz beteta nago. Hurrengo udala lideratzeko ilusioa, Alkate hurbila, apala, zintzoa eta langilea". Aburto gaurko ekitaldiaz baliatu da Bilborentzat eta bilbotarrentzat ezarri dituen lehentasun nagusiak azaltzeko. "Ez dago zalantzarik. Hiru lehentasun nagusi ditut, eta ditugu, hiru lehentasun hauek dira Bilboko Alkatetzaren hurrengo agintaldian Bilbo hiria Hazi arazteko: Jarduera ekonomikoan haztea; Enpleguan haztea; eta Bilboko emakume eta gizonen bizitza kalitatean haztea”. Amaitzeko, Aburtok informazio gosarira bertaratu diren pertsonak gonbidatu nahi izan ditu hemendik aurrera eta maiatzaren 30era arte "kaleak zuri-gorriz tindatzera, zuri-gorriz leihoak, zuri-gorriz bihotzak". Amaitzeko "Aupa Athletic!!!" esan du hunkituta eta txalo zaparrada beroa jaso du.

Eneko Goia, Donostiako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia, izan da hitz egiten hurrengoa. Goiak bere hiriari buruzko aurkezpena egiterako orduan esan du eragile nagusi eta funtsezkoa dela Herrialde osoko jarduera industrialaren esparruan; ondorioz, Donostia eta Gipuzkoaren arteko aliantza estrategikoaren proposamena aurkeztu du. "Jarduera industriala Euskadin mantentzeko apustua, eta bereziki Gipuzkoan. Donostiak ezinbesteko du apustu horren alde egitea. Oinarri industrial sendoa duen ekonomia da sendoena. Donostian, jarduera industrialak indar txikia du une honetan, Herrialdearen BPGren %5,24 baino ez dator industria esparrutik, baina oinarri industrial sendoa izango duen Herrialdeari eta Herriari eustea ere bada gure Hiriaren egiteko nagusi bat. Gipuzkoarentzat ona dena, Donostiarentzat ere bada". Goiak herrikideentzat nahi duen hiri eredua deskribatu du. "Benetan sinesten dut gizarte zibilaren ekimenaren indarrean, kultur eragileen ekimena, ekintzaileen ekimena... Donostia erkidegoa osatzen dugun pertsona bakoitzaren indarra. Hori ezin da ezerekin ordezkatu. Eta, hori da erakundeetatik ulertzen eta kudeatzen jakin behar duguna. Zintzotasunaz, gardentasunaz edo parte hartzeaz harago, esparru publikoan ezinbesteko jotzen ditudan kontzeptu horiez gain, lankidetza da giltza. Lankidetza erkidego bizi baten barruan. Udalak, herritarrei zerbitzu egokiak emateko duen egitekoaz gain, ezinbesteko du gure Hiriaren aurrerapena lortzeko helburua partekatzen duenari laguntzea. Kontrol soziala edo ekimenak kapitalizatzeko obsesioa, ikuspuntu itxiak,dogmatikoak edo sektarioak erabat bateraezinak dira nik sinesten dudan Hiri ereduarekin".

Gasteizko alkatetzarako EAJ-PNVren hautagai Gorka Urtaranek amaitu du hitz egiteko txanda, eta bertaratuei azaldu dienez, etorkizuneko Vitoria-Gasteiz hiriak "protagonismoa eman beharko digu bertan bizi garen herritarroi. Etorkizuneko Vitoria-Gasteiz hiriak aurrerapen soziala bermatu behar du, gizarte kohesioa, bizikidetza baketsua, herritarren segurtasuna; hiri adeitsua gero eta gehiago izango diren pertsona nagusiekin, inklusiboa, solidarioa, berdintasun sustatzailea. Udal politikak hirietan sortzen diren bizikidetza arazoak konpontzeko ahalegina egin behar du, eta ez arazoak eragitea edo piztea, zoritxarrez Vitoria-Gasteizen gertatzen ari den bezala. Biziki kezkatzen nau kanpora begira zabaltzen ari den irudia. Gasteiz hiri bikaina da eta lan handia izango dugu hurrengo urteotan bere izen ona berreskuratzeko”. Urtaranek argi eta garbi azaldu du ingurumenarekin konpromiso sendoa hartu duen apustua. Eta argi eta sendo azpimarratu du alkatetzatik enpleguen sorrera sustatzeko asmoa duela. "Ez gara hiri jasangarria izango langabezian 21.000 gasteiztar baditugu. Hiria eraldatu behar dugu, ekonomia motore bilakatu behar dugu, sustapen ekonomiko jasangarri eta iraunkorrerako aukera leku bihurtu behar dugu, kalitatezko enpleguekin. Eta horretarako, ezinbesteko dugu Vitoria-Gasteizek biztanleria aktiboaren talentu eta kualifikazioaren aldeko apustua egitea. Etorkizuneko enplegu gehienek hartuko dituzte lizentziatuek edo goi mailako lanbide heziketan titulatuek. Beraz, kualifikazio hori ez dutenak lan merkatutik kanpo geratu ahalko dira. Beste alde batetik, Vitoria-Gasteiz eraldatzeko gai diren sektore ekonomikoen aldeko apustua egin behar da, tokian tokiko erronkei erantzuna emanez. Vitoria-Gasteizen kasuan, jarduera industrial eta enpresarialak ezinbesteko egitekoa du, enpresarik gabe, garapen ekonomikorik ez dagoelako”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU