Prentsa Aretoa

2015/04/18

Ortuzar: “EAJ da Araban Alderdi Popularraren desgobernuari aurre egiteko alternatiba bakarra”

EBB-ren presidenteak eta Ramiro Gonzalezek Marotoren PPren politika populista eta egitasmorik eza salatu dute EAJ-PNV-k Arabar Errioxan proposatuko dituen 14 hautagaiak aurkezteko ekitaldian.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • González1
    2015/04/18

    ARTXIBOA JAITSI

  • Ortuzareus1
    2015/04/18

    ARTXIBOA JAITSI

  • Ortuzarcast2
    2015/04/18

    ARTXIBOA JAITSI

  • Ortuzarcast1
    2015/04/18

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

“EAJ da Araban Alderdi Popularraren desgobernuaren alternatiba bakarra”. Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek zabaldu duen mezu nagusia, gaur, EAJ-PNV-k Arabar Errioxan maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko dituen 14 hautagaiak aurkezteko ekitaldian. Ekitaldi hau Lapuebla de Labarcan egin da, bertan elkartu diren 500 alderdikide eta lagunen aurrean.Ekitaldi berean hizlari izan da Ramiro González, Arabako Foru Aldundirako hautagai jeltzalea. Araban aldaketa eragin ahal izateko, Ortuzarrek ahalegina,lana eta dedikazioa eskatu die Arabar Errioxako hautagai eta alderdikideei. “36 egun ditugu Arabak behar duen aldaketaren alde lan egiteko. Eta EAJ guztiz erabakigarria izango da aldaketa lortzeko prozesu horretan. Arabak eta Arabar Errioxak ez dute merezi orain duten gobernu hau. Maiatzaren 24ra arte lan egitea eskatzen dizuet. Garrantzitsua da hilaren 24an Arabako Hautestontziak EAJren botoekin beteta egotea, horixe izango delako transformazioaren botoa, aldaketaren botoa, desgobernu honen alternatibaren botoa. Dena dela, egin beharko duzuen lanik handiena maiatzaren 25ean bertan hasiko da, hauteskundeak irabazten ditugunean , herrialdea martxan jartzeko ordua denean, Alderdi Popularraren desgobernu honekin amaitzeko”.

EBB-ren presidenteak berriro gogoratu du EAJ-PNV-ren lehentasuna dela enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea. “Araba ezin da bidean datorkigun aurrerapen prozesutik kanpo geratu. Astero Euskadira iristen zaizkigu ekonomiari, enpleguari eta herrialdera datozen enpresei buruzko albiste onak. Arabak ezin du etorkizun tren hori galdu, aurrerapen horren motoreetako bat izan behar du, eta PP-rekin hori ezinezkoa izango da, alderdi horrek ideiarik eta egitasmorik ez duelako” iragarri du; eta, adibide gisa jarri du aste honetan bertan gertatutakoa. “Ramirok Arabar Errioxako Jatorri Deitura esklusiboa lortzeko proposamena aurkeztu duen bitartean- EAJkook eskualde honetan eta bere produktuan sinesten dugulako-zer egiten egon dira De Andrés, Maroto eta Oyarzábal? Ba, euskaldunak iraintzen, euskararekin eta bizkaitar eta gipuzkoarrekin sartzen. Beti bezala, ezberdina denarekin sartzen. Hori ote da PP-k Arabarentzat eskaintzen duen alternatiba? Denaren kontra joatea? Hemen, Arabar Errioxan, seme alabak ikastolara eramaten dituzuen gurasoen kontra joatea? Ikastola hau sortzen egin duzuen ahaleginarekin? Eta, orain diote bizkaitarrak eta gipuzkoarrak zaretela? Euskaldun bakarrak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, ala? Bai astakeria galanta! Bai astakeria handia herrialdeen artean pozoia ereitea!, etorkizunean aurrera egin nahi badugu elkarrekin egin beharko dugu”ezarri du Ortuzarrek. “Txarrena da PP-k hau guztia ez duela ideologiak gidatuta egiten, hilabete biren buruan Araba Euskaraz jaian ikusiko dituzuelako argazkia ateratzen. Zergatik egiten duten? Ciudadanos taldeari beldur handia diotelako, eskuindar guztiak bere inguruan batu nahi dituztelako, fatxa guztiak. Eta horretarako, sentimendu zitalenak eta doilorrenak erabili behar badituzte, horiek denak sartuko dituzte jokoan. Horregatik bakarrik ere, ez dute erakundeetan egotea merezi, eta horregatik bakarrik merezi dute kalera joatea, eta lortu egingo dugu kalera bidaltzea”.

Ortuzarrek amaitzeko esan duenez “PP ez da alderdi sendoa , EAJ-PNV bai da sendoa eta indartsua. Jende prestatua daukagu, ilusioz beteta dauden pertsonak ditugu eta ideiak ditugu. Eta, gogotsu gaude Arabara aldaketa ekartzeko. Maiatzaren 24an EAJ-k uzta ezin oparoagoa jasoko du, eta maiatzaren 25-ean Araba herrialde osoa izango da EAJren eskutik indarberrituko dena”.

Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusirako hautagaiak,bere aldetik, bere hitz egitean gogoratu du datu ekonomikoak publiko egiten diren bakoitzean, Araban Euskadiko beste lurraldeetan baino okerragoak direla. Produkzio Industrialaren urte arteko indizea % 5 jaitsi da Araban, Gipuzkoa eta Bizkaiaren gainetik eta, era berean, langabezia Euskadiko beste lurraldeetan baino okerrago dago Araban. “Lau urte galdu ditugu, zeinetan Foru Jauregiak Gobernuaren Ordezkaritzaren itxura hartu duen, eta Javier de Andrések Rajoy-k Araban duen ordezkariaren funtzioa bete duen. Egoera honek berehalako neurriak hartzea eskatzen digu. Eta, Araba lideratzeko prest gaude. Araba herrialdea azken urteotako gelditasun egoeratik aterako dugu. Alderdi Popularraren kudeaketak eragindako paralisiarekin amaituko dugu” baieztatu du Ramiro Gonzalezek.Zentzu honetan, hitza eman du arabar herritar guztien bizitza kalitatea hobetzeko lana egingo duela. EAJ-PNV-k Arabarentzako eta Arabar Errioxarentzako egitasmoa duelako eta proposamen argi eta adoretsua aurkeztu da,jada, Jatorri Deituraren inguruan. Arabar Errioxak Jatorri deiturari egiten dion proposamena da, kudeaketa propioa emango diona, eskualde honek mundu mailako ardo erreferente izaten segi dezan.

Ekitaldi politikoa bukatutakoan, 300tik gora alderdikide bazkaltzen elkartu dira eta ABBren presidente Xabier Agirrek konbentzituta esan du EAJ-PNV-k Arabar Errioxako koadrilako udaletako alkatetzak lortuko dituela “gureak hautagairik onenak direlako”.

 

 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU