Prentsa Aretoa

2015/05/03

EAJ-PNV-k erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua berretsi du eta “norabide berean egiten duen lantalde gisa” aurkeztu da

Hautagai jeltzaleak Vitoria-Gasteizen elkartu dira gaur Urkullu lehendakaria, Andoni Ortuzar, Bakartxo Tejeria, Ibone Bengoetxea, Arantxa Tapia eta Ana Oregi batu dituen erakunde arteko koordinazio batzarrean.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Andoni Ortuzar, Gasteizen II
    2015/05/03

    ARTXIBOA JAITSI

  • Andoni Ortuzar, Gasteizen
    2015/05/03

    ARTXIBOA JAITSI

  • Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen
    2015/05/03

    ARTXIBOA JAITSI

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, izan dira gaur EAJ-PNV-ren 15 ordezkari batu dituen bilerako buru. Jeltzaleak Vitoria-Gasteizen elkartu dira gaur, Euzko Alderdi Jeltzaleak Euskal erakundeen arteko lankidetzaren alde egiten duen apustua eguneratzeko. Hurrengo udal eta foru hauteskundeetarako sei hautagai jeltzale nagusiek, Gorka Urtaranek (Vitoria-Gasteiz), Ramiro Gonzálezek (Araba), Eneko Goiak (Donostia), Markel Olanok (Gipuzkoa), Juan Mari Aburtok (Bilbao) eta Unai Rementeriak (Bizkaia) bere egin dute EAJ-PNV-k bere ibilbide osoan defendatu izan duen erakunde arteko lankidetzaren aldeko konpromisoa. Aliantza horren lekuko izan dira Batzar Nagusietako presidenterako hiru hautagai diren Pedro Elosegi (Araba), Eider Mendoza (Gipuzkoa) eta Ana Otadui (Bizkaia); eta EAJ-k erakunde ezberdinetan dituen ordezkari batzuk: Eusko Legebiltzarreko presidente andre Bakartxo Tejeria, Arantxa Tapia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako sailburu andreak eta EUDEL-eko presidente andre Ibone Bengoetxea. “EAJren lidergoa proposatzen dugu krisitik irteteko bidea ikusten ari garen honetan. Herri honi gertatu ahal zaion gauzarik onena da euskal erakunde guztiek norabide berean egitea, beren indar guztiekin eta denok aldi berean. Eta hementxe daukagu norabide berean egiten duen eta egingo duen lantaldea. Norabide onean egiteko. Suspertze ekonomikoa bideratzeko eta enplegua sortzeko norabidea. Hori, EAJ-PNV-ren lidergoak eta egiteko moduak baino ez du bermatuko”, laburtu du Ortuzarrek.

EBB-ren presidenteak baieztatu duenez, “gaurko bilera honek erakusten du zein den Euzko Alderdi Jeltzaleak funtzionatzeko berezko duen modua, gure ‘modus operandi’. Euskadiren interesen defentsarako egitasmo baten alde ari den lantaldea gara. Elkarrekin lan egiten dugu. Hauxe da egunero, astero, Euzko Alderdi Jeltzalearen emakume eta gizonek erakundeen artean egiten ditugun bileretako bat. Egunero batzartzen gara bizkaitarrak, arabarrak eta gipuzkoarrak; nafarrak ere bai. Urteak daramatzagu elkarrekin lan egiten. Elkarrekin, erakundeen arteko lan bateratu eta koordinatuan, denok batzen gaituen helburu bat lortzeko. Eta denon helburu hori, pertsona da. Pertsona helburu duzunean, hobeto ulertzen duzu haren zerbitzurako egitasmo bat partekatzeko beharra. EAJ-PNV-ren baitan Arabarrak, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, soinez soin ari gara, elkarrekin lankidetzan”. Ortuzarrek jendaurrean adierazi du gaur EAJ-PNV-k hartu duen konpromisoa: “Herrialde bakoitzerako konpromisoa, herrialde bakoitzak bere hiriburuarekin eta bere udalerriekin ; eta bestea partekatua, hiru Herrialde Historikoek elkarren artean hartu dutena. Barruko batasuna da gure kanporako gaitasunaren motorea. Batasuna da hazteko bermea. Ez dugu Gasteiz eta Donostia arteko gatazkarik onartzen, ezta Gasteizen hazkundea Bizkaiaren borondaterik gabe. EAJ-PNV-k ez du inoiz aurkaketa antzurik eragingo edo sustatuko, ez ditu grina zentzugabeak elikatuko. Botoak ez ditugu demagogiaren eta probintzien arteko gatazkaren bidez eskuratuko. Guztiok batera. Elkarrekin. Inor atzean utzi gabe”.

Urkullu lehendakariak bere aldetik baieztatu duenez, EAJ-PNV-ren emakume eta gizonak “elkarrekin gaude eta elkarlana bultzatu behar dugu. Gure estrategia da akordioak bultzatzea. Argi daukagu hobeto egongo garela elkarrekin egiten badugu. Hiriburuek eta Herrialdeek elkarrekin egin behar dute gure egitasmoan aurrera egiteko. Elkarrekin lan eginez hobeto erantzungo diegu hiritarraren lehentasunei. Herri txiki batek batu egin behar du, ahaleginak batu behar ditu. Partekatzen dugun egitasmoaren lehentasuna da hazkundea ahalbidetzea. Gaur egun, Euskadi BPG-aren %2tik gora hazten ari da. Hauxe da enplegua era egonkor eta iraunkorrean sortzen lagunduko duen hazkundea. Une honetan enplegua sortzen ari
da, lehen hiruhilekoan %1,4 hazi da”. Urkulluk era berean azpimarratu nahi izan duenez, “partekatutako hazkundea sendoagoa da. Vitoria-Gasteizen hiriburutasun berdea edo gastronomikoa, edo Bilboren hiri garapena Herri egitasmoak dira. Donostiaren hiriburutasun kulturala ere Herri egitasmoa da. Egitasmo partekatuak dira. Batu egingo gara ‘Basque Country’ gisa hazteko. Batu egingo gara hazteko eta enplegua sortzeko. Hauxe da partekatzen dugun egitasmoa: bizikidetza, kohesioa eta hazkundea. Herri txiki batek batzea du beharrezko, hazi nahi badu”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU