Prentsa Aretoa

2015/10/06

Euzkadi Buru Batzarraren agiria Andaluziako Presidente andreak egindako adierazpenen aurrean

Andaluziako Presidente andre eta Andaluziako Alderdi Sozialistako Idazkari Nagusi Susana Díazek, Itun Ekonomikoa, Kupoa eta euskal hiritargo osoaren solidariotasuna auzitan jarriz egin dituen adierazpenen aurrean, EBB honek zera adierazi nahi du:

rss Ezagutzera eman
Euzkadi Buru Batzarraren agiria Andaluziako Presidente andreak egindako adierazpenen aurrean

ARGAZKIA JAITSI

1) EBB honek kezka handiz hartu ditu adierazpen hauek. Lau eguneko tartean, zentzu berean egindako bigarrena da honakoa. Berriz ere, Espainiako Alderdi Sozialistaren baitan erantzukizun gorenenetakoa duen pertsona batek auzitan jarri ditu Itun Ekonomikoa, Kupoa eta euskal hiritargo osoaren solidariotasuna. Halako baieztapenek Euskal Herriak berezko dituen eta 1978ko Espainiar Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak babesten dituzten Eskubide Historikoen kontrako aurrez aurreko erasoa suposatzen dute. Gainera, ez dute kontuan hartzen euskal hiritargo osoak Espainiar Estatuaren kutxari egiten dion diru ekarpena.

2) Pedro Sánchezek eta Susana Díazek agerian utzi dute gaiaren inguruan duten ezjakintasuna, eta hori zerbait onartezina da horren erantzukizun handiko kargu publiko batentzat. Biek jakin beharko lukete Itun Ekonomikoa pribilejio izatetik urrun geratzeaz gain, itunpeko tresna bat dela “alde bakarreko arriskuduna” eta arrisku hori osorik euskal erakundeek beren gain hartzen dutela. Ezinbesteko dugu gogoratzea krisialdi garaian, 80. hamarkadako birmoldaketa industrialean bereziki, Euskadik bere esfortzu fiskala bikoiztu beharrean egon zela euskal erakundeek Espainiar estatu barruan zituzten derrigorrei aurre egin ziezaieten. Susana Díazek huts egiten dio nabarmenki egiari Euskadik “beste Autonomi Erkidegoek baino funts gehiago jasotzen dituztela” esatean. Euskadik ez ditu Estatuaren funtsak jasotzen: Euskadi da funtsak ematen dituenak eta Estatuari ordaintzen diona.

3) Gogoratu beharrekoa da Kupoaren bidez arautzen dela Euskadik Espainiari egin beharreko ordainketa, Estatuak Euskal Autonomi Erkidegoaren barruan ematen dituen zerbitzuen truke. Euskal hiritargoak Estatuko aurrekontu osoaren %6,24a finantzatzen du Estatuko biztanleria osoaren %4,5a besterik ez garen arren, eta gure BPGaren garrantzi erlatiboa ere baxuagoa den arren, hau da, %6,07a 2014. urtean. Baieztapen bidegabea izateaz gain, gezur borobila da euskal gizarteak pribilejioak dituela edo Estatuarekin solidariotasunik ez duelako baieztapena. Euskadi solidarioa da %6,24ko ekarpenarekin Legeak gainerako Erkidegoekiko izan beharreko Solidariotasun Funtsetan parte hartzen duelako.

4) Espainiako Alderdi Sozialistari eskatzen diogu Euskal Autogobernuaren, Itun Ekonomikoaren eta, azken finean, euskal hiritargoaren solidariotasunaren eta ekarpen eskuzabalaren kontrako erasoak egiteari utz diezaiola. PSOEk nahi duena Euskadik Espainiako gobernuari gehiago ordaintzea baldin bada, bere hauteskunde egitasmoan hala adieraztera gonbidatzen dugu.

5) Euskadiko Alderdi Sozialistari exijitzen diogu adierazpen horiek argi eta garbi gaitzez ditzala. Ezinbestekoa da PSE alderdiak Itun Ekonomikoa eta euskal hiritargoak gainerako Erkidegoei egiten dien ekarpen solidario ukaezina defendatzea.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU