Prentsa Aretoa

2016/03/24

‘Euskadi, Bultzada Berri Bat‘, EAJ-PNVk igandean Bilbon ospatuko duen Aberri Eguneko goiburua

Itxaso Atutxak, BBBren presidenteak, eta Joseba Aurrekoetxeak, EBBren burukideak, talde jeltzaleak igandean Aberri Egunaren kariaz ospatuko duten jaia aurkeztu dute

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • 2016ko Aberri Egunaren Aurpezpena Bilbon
    2016/03/24

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, eta Joseba Aurrekoetxeak, EBBren Arlo Instituzionalaren burukide arduradunak, elkarrekin aurkeztu dituzte gaur goizean EAJ-PNVk igandean, martxoak 27, Bilboko Plaza Barrian eta Areatzan Aberri Egunaren kariaz ospatuko duen jairako aurreikusten diren ekitaldiak. ‘Euskadi, Bultzada berri bat’ goiburupean, talde jeltzaleak “Euskadi berria, autogobernu berria eta bizikidetza politikorako sistema berria eraikitzeko konpromisoa erakutsi nahi du. Aurrerapauso berria, Bultzada Berria Euskadiri, euskal emakume eta gizonen aberriari”, aurreratu du Bizkaiko burukideak.

Igandeko ekitaldi politikoa 11:30ean hasiko da eta hizlari nagusi izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta EBBren presidente Andoni Ortuzar. Baina Aberri Egunaren jaia ez da horretara mugatuko. Eguerdi partean jaiak Bilboko Areatzan izango du jarraipena, eta EAJ-PNVren uri erakundeetako 1.100 lagun elkarrekin bazkaltzeko elkartuko dira. Arratsalde partean erromeria izango da eta ‘Joselu ta Anaiak’ taldearen musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.

Atutxak azpimarratu du EAJ-PNVk, beste behin ere, Aberri Eguna harrotasun osoz ospatuko duela. Gogora ekarri duenez, “Euskal abertzalea izateak esan nahi du gure aberria eta gure nortasun hori garatzeko bidea emango digun estatus politikoa aldarrikatzea. Baina hori ez da soilik aitortza bat aldarrikatzea –zalantzarik gabe errealitate bihurtuko duguna–, gure herriarekiko eta herrikideekiko konpromisoa ere esan nahi du, solidariotasun eta justizia sozialean oinarritutako gizartean aurrera egitera eramango gaituena, arazoei aurre egiteko modu propioaren balioa azpimarratuz eta gure kultura eta nortasuna mundu globalizatuan dauden balore gisa eskainiz”, esan du, eta jarraian azaldu duenez, “EAJ-PNVk betidanik bere abertzaletasuna ulertu izan du pertsonen zerbitzura, euskal emakume eta gizonen zerbitzura dagoen adierazpen demokratiko gisa”. Horregatik, “gaur, 2016 urte honetan, gure iragana aldarrikatu nahi dugu izan garena eta izango garena aldarrikatzeko; abertzaleak gara, euskal aberriaren defendatzaileak, gure ahotsa eta konpromisoa berdintasunaren, ideien askatasunaren, eskubide eta aukeren defentsaren mesedetan eskainiko dugu”, azpimarratu du.

Atutxak aditzera eman duenez, Espainiar Estatua krisian dago maila instituzionalean zein politikoan, funtzioko egoeran dagoen Gobernuarekin eta Exekutibo berria osatu ahalko delako zantzurik gabe. Bien bitartean, “Euskal Autonomi Erkidegoan amaitzear dago legealdia, eta herritargoaren konfiantza berriz eskatzeko prestatzen ari gara, autogobernuari bultzada berria ematen segitzeko”. “Azken urteotan Eusko Legebiltzarrera eraman dugu gaur egun babesa ematen digun autogobernuaren eguneratzeari ekiteko beharra”, gogoratu du. Ildo beretik, hitzeman du epe legegilea amaitutakoan, EAJ-PNVk “legebiltzarrean argi eta garbi ezarri nahiko ditu, ahal denik eta adostasun mailarik handienarekin, hurrengo lau urteotan estatus berria eraikitzeko orduan beharko ditugun oinarriak. Euskadi berria, autogobernu berria eta elkarbizitza politikorako sistema berria eraikitzeko konpromiso berria. Bultzada berria, aurrera pausu berria Euskadirentzat, euskal emakume eta gizonen aberri honentzat”.

Atutxak era berean ekarri du gogora Nafarroako Foru Erkidegoa non “aldaketa ekarri duen aukerak aurrerako pausuak eman dituen eta laster Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernuaren lehen urtea beteko den”. “Aldaketa hori errespetatzen eta babesten dugu, Gobernuaren kudeaketa sinpletik harago doan jarduketa delako ustean oinarrituta. EAJ-PNVrentzat, Nafarroa izango da nafar emakume eta gizonek beren kabuz eta askatasun osoz erabakiko dutena”, baieztatu du. Aldi berean, Ipar Euskadiko herrialdeez ere hitz egin du, une honetan etorkizunarekin hitzordu erabakigarria duten heinean. “Argi dago une honetan planteatzen den ‘Elkargo Bakarrak’ ez dituela Euzko Alderdi Jeltzalearen asmoak bete betean asetzen. Dena dela, bai uste dugu bere sorrera aukera berria izango dela Lapurdi, Xiberoa eta Baxe Nafarroa lurraldeei izaera administratiboa emateko”, aldeztu du.

“Euskal nazionalistak gara. Abertzaleak. Euskal aberrian sinesten dugu eta aberri hori haztea nahi dugu nazioartean erabateko aitortza lortu arte. Esparru globalak edo inguru politiko hurbilak ez digute helburu hori erraz jarriko. Baina guk uste osoa daukagu gure helburuan, gure buruarengan. Konfiantza osoa daukagu herri honetako emakume eta gizonengan, Euskadi izeneko egitasmo hau bultzatzen jarrai dezagun. Bizitzeko bultzadak. Konpromiso bultzadak. Askatasun eta erabakimen bultzadak”, baieztatu du. Eta EAJ-PNV osoaren izenean, Atutxak talde jeltzaleak urtero euskal hiritargo osoari egin ohi dion deia errepikatu du. “Euskal emakume eta gizonak animatu nahi ditugu bakez eta askatasunez bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzera, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurra, gure Ikurrina, kalea ateratzera. Keinu horren bidez erakuts dezagun herri berria eraikitzeko dugun borondate irmoa; herri berria, zeinetan herritar guztiok adierazpen eta erabaki askatasuna izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babespean”, aldarrikatu du. Era berean, Aberri Egunean egingo diren ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egin du “errespetuan oinarri, Eusko Abertzaleak garela aldarrikatzeko, gizabanako bakoitzaren atxikimendu askean oinarrituta, gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aldezteko”, ezarri du.

XEHETASUN TEKNIKOAK

Ekitaldi politikoa. Bilboko Plaza Barria. 11:30ean

- Hizlari izango dira, orden honetan: Iñigo Urkullu, lehendakaria, eta Andoni Ortuzar, EAJ-PNV-ren EBB-ren presidentea

- 14 x 8 metroko oholtza = 112 metro koadro, 80 pertsona hartuko ditu: EBB, Eusko Jaurlaritza, Herrialde Buru Batzarrak, hiriburuetako alkateak, ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietako eta presidenteak, Kongresuko eta Senatuko bozeramaileak eta EAJ-PNV-ren eurodiputatua, beste batzuen artean.

- 20 x 10 metroko karpa = 200 metro koadro

- Mitinerako 1.000 aulki

- Argi eta soinua emateko 60.000 watio

Bazkaria. Areatza. 14:30ean

- 90 x 15 metroko karpa = 1.350 metro koadro. Uri Erakunde guztietako 1.100 pertsonek bazkalduko dute. 55 pertsonentzako 20 mahai jarriko dira.

- Bazkalostean, 16:00etan erromeria Joselu eta Anaiak taldearekin

- Txosna

- Bertaratuentzako komunak

- Antolakuntzan 50 boluntariok lagunduko dute

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU