Prentsa Aretoa
2016/06/07
Gorka Urtaranek hirien zeregin estrategikoa nabarmendu du, bertan emango baitzaie irtenbidea XXI mendeko erronkei
Gasteizko alkateak hitzaldia eman du Forum Europan, zeinean Europa mailan erreferentea den hiria eraikitzeko gakoak azaldu baititu.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek “Vitoria-Gasteiz, XXI. mendeko hiri modernoen erronkaren aurrean” izenburuko hitzaldia eman du gaur Bilbon, Forum Europa-Tribuna Euskadik antolaturik. Hirien zeregin estrategikoa nabarmendu du, giza arazoak azaleratzen diren espazioak ez ezik, planetaren gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken irtenbideak ere hirietan sortzen baitira.
Euskadiko sektore guztietako (ekonomia, politika, gizartea, kultura, hezkuntza, erakundeak, hedabideak, etab.) ordezkari ugarik –ia 300 pertsona– osatutako publikoaren aurrean, hiriak mende honetan hartzen ari diren protagonismoa aldeztu du, eta Arabako hiriburua Europa mailan erreferentea bihurtzeko gakoak azaldu ditu. Nazio Batuen demografia txostenen arabera, hiru pertsonatik bi hirietan biziko dira 2050ean. Euskadin, gaur egun, biztanleriaren % 50 baino gehixeago udalerrien % 3an biltzen da, eta Arabaren kasuan, 4 biztanletik 3 Gasteizen bizi dira.
“Hiriak globalizazioaren fenomenoak azaleratzen diren agertoki fisiko eta politikoa dira. Espazio horretan azaleratzen eta nabaritzen dira giza arazoak, eta zorionez, irtenbideak ere horietan sortzen dira”, adierazi du. Hiriak nazioartean jasotzen ari diren aitorpenaren adibide gisa Klima Aldaketaren kontrako Alkateen Ituna aipatu daiteke, zeina bost kontinenteetako ehunka alkatek sinatu baitzuten iazko abenduan Parisko Gailurrean. Beste adibide argi bat duela gutxi onetsitako EAEko Udal Legea da, zeinean udalerrien papera aitortzen baita, udalen autonomia eta gure gizartearen arazoez erabakitzeko eta horiei erantzuteko ahalmena.
Euskadiko hiriburuko alkateak gaur egungo hirien aniztasuna aipatu du. “Mende honetako hiriak anitzak dira, kolore, erlijio eta kultura askotako pertsonek bat egiten baitute. Gurean, munduan ofizialki onartuta dauden 195 herrialdeetako 130 herrialdetatik etorritako pertsonak bizi dira. Migrazioaren presioa ez da handia: hiriko 246.000 biztanleetatik % 8,8 besterik ez da atzerritarra, baina jatorrien askotarikotasuna nabarmengarria da. Horregatik, gure erronka askotarikotasuna ongi kudeatzea da. Etsaitasunaren edo koexistentziaren ordez, bizikidetzaren alde egiten dut. Eta horren barruan sartzen ditut elkarreragina, elkarrengandik ikastea, elkarrekikotasuna eta, guztiaren gainetik, loturak. Azken batean, elkar aitortzea eta errespetatzea. Horrela bakarrik lortuko dugu Gasteiz aniztasunezko bizikidetzaren erreferentzia bihurtzea, hiri moderno eta plurala, solidario eta irekia bihurtzea”.
Ondoren, Gorka Urtaranek hiri modernoen ezaugarria den eredu ekonomiko berria aipatu du. Baikor samar agertu da, hazkunde ekonomikoko tasa positiboak kateatzen ari baitira, eta langabezia tasak gutxitzen. Hala ere, gerta daitekeen dualizazio prozesuari adi egon behar dugula uste du, handitu egin baitaitezke desberdintasunak eta oso langile espezializatu eta prestatuen eta espezializazio txikia edo batere ez dutenen arteko arrakala. “Hirien etorkizun ekonomikoa neurri handi batean ditugun giza baliabideen gaitasunaren eta prestakuntzaren mende izango da. Talentua sortu, gorde eta erakartzeko zenbat eta ahalmen handiagoa, hainbat eta hobeto kokatuta egongo dira munduko sarean”, esan du.
Aldi berean ohartarazi du ezen hiriek etorkizun ekonomikoa izango badute azpiegitura modernoak, nazioarteko konektagarritasun handia, zerbitzu espezializatu eta adimentsuak, teknologia zentro handiak eta abar beharko dituztela, bai eta giza baliabide gaitu eta prestatuak ere. Gorka Urtaranen iritziz,” erronka lokal eta globalei erantzuteko gauza diren sektore ekonomikoen aldeko apustua egin behar da. Euskadin, eta Gasteizen bereziki, industria eta enpresa jarduerak zeregin erabakigarria du. Enpresarik gabe ez dago munduko ekonomia berrira konektatzerik. Horregatik, funtsezkoa da gure ekonomia eta enpresa ehunari laguntzea, Gasteiz industria hiri moderno eta digitalizatua izan dadin, zientzian, teknologian eta berrikuntzan bermatua, ekonomia espezializatuaren egoitza izan daitekeen hiria, horrexek sortzen baititu garapen ekonomikoa eta kalitateko enplegua”.
Hiriek klima aldaketaren kontrako borrokan duten paperari dagokionez, Gasteizko alkateak uste du inork ez duela zalantzan jartzen horien protagonismoa. “Gasteizek hiri aktiboa izan behar du alor horretan. Hiriek planetaren azaleraren % 2 besterik ez dute hartzen, baina energiaren % 60-80 kontsumitzen dute, eta karbono emisioen % 75 sortzen. Ezin dugu baliabideak kontsumitzen jarraitu; duguna erabili eta hobetu behar dugu, etxebizitzak energia eraginkortasuna lortzeko birgaituz, mugikortasun iraunkorra sustatuz eta hiri trinkoagoa planifikatuz”, adierazi du Gorka Urtaranek.
Alkateak gogoratu du Gasteiz Green Capital dela eta, beraz, nazioarteko erreferentea ingurumenaren eta politika iraunkorren alorrean. “Gure hiriaren ezaugarri behinena da, gure DNAren barruan baitago. Orain gure hiria klima aldaketaren kontrako borrokaren erreferentea bihurtu behar dugu”, azpimarratu du. Horretarako, dagoeneko identifikatu dira CO2 emisio kopuru handiena sortzen duten hiri jarduerak, eta horietako bakoitzean esku hartzeko berariazko proiektuak landu dira (etxebizitzen klimatizazioa, hiri garraioa eta produkzio jarduera).
Azkenik, hirien gobernantza berriaren oinarriak herritarren partaidetza eta gardentasuna izan behar dutela esan du. “Adostasunean, entzuketan eta pertsonekiko gertutasunean oinarritutako politikagintza, bai eta hirien arteko lankidetzan oinarritutakoa ere. Politikariok apalak izan behar dugu, gure helburu nagusia pertsonen bizi-kalitatea hobetzea izan behar baitu, udalerriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen aurrerabidearen bitartez. Horixe da nire helburua”, amaitu du Gorka Urtaranek.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
ABB
2023/03/28
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25