Prentsa Aretoa
2016/09/17
Urkulluk “esfortzua, lana eta lankidetza” hitzeman ditu, eta hiriburutasun kanona handituko duela esan du Gasteizek aurrera egiten jarrai dezan
Lehendakariak Probintzia Plazan azpimarratu ditu hurrengo legealdira begira dituen lehentasunak “aukerak gazteentzat, enplegu gehiago eta hobea sortzea eta langabezia %10etik jaistea”. “Autogobernu gehiago, ongizate gehiago delako” esan du Ortuzarrek
Andoni Ortuzar. 2016.09.17. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2016/09/17Iñigo Urkullu. 2016.09.17. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2016/09/17
Iñigo Urkullu lehendakari eta I-25eko Arabako zerrendaburu jeltzaleak “esfortzua, lana eta lankidetza” hitzeman ditu gaur Vitoria-Gasteiz eta Araba osoa modernizazio eta etorkizunerako bidean jar daitezen. Urkulluk berak zuzendutako gobernuak Euskadiko hiriburuaren alde eta Arabar herrialde osoaren alde azken lau urteotan egin duten lan handia ekarri du gogora, baina batez ere, hurrengo lau urteotarako hartu dituen konpromisoak eman ditu ezagutzera. Konpromiso hauen artean dago Vitoria-Gasteizek hiriburutasun kanon gisa jasotzen duen kopurua handitzea, une honetan 5 milioi eurokoa dena. Urkullu Gasteizen izan da gaur arratsaldean EAJ-PNVk Probintzia Plazan egin duen ekitaldi politikoan. Lehendakariarekin batera, beste hizlariak izan dira Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, eta Jone Berriozabal, Eusko Legebiltzarrerako Arabako zerrendako bigarrena.
Urkulluk gaurko hitzaldia hasi nahi izan du arabar gizarte osoari bere esker ona adierazteko helarazi dion mezuarekin. “Nire esker ona, betiko, zuen jarreragatik: hartu eta integratu egin nauzue. Hobeto ezagutu zaituztet. Arabar sentitzen naiz” esan du EAJ-PNVk Euskadiko hiriburuarekin duen konpromisoa gorpuzten duten proiektuen zerrenda luzea azaldu baino lehen: “Eusko Jaurlaritzak Tranbia finantzatzen du eta modernizatzeko egin diren lan guztietan parte hartu du: autobusen geltokia; Europa Jauregiaren birmoldaketa; Salburua eta Zabalganako Osasun Zentroak, Gasteiz Etorbidearen birmoldaketa; Arabako Unibertsitate Erietxeak, Txagorritxu eta Santiago erietxeak handitzeko egitasmoak; Andre Mariaren Katedrala, Jazz Jaialdia… Hiriburutasun kanona aitortzen duen lehen akordioa izenpetu dugu. 220 milioi euro inbertitu ditugu Gasteiz modernizatzeko. Etorkizunerako proiektu guztietan gaude. Horiek dira Gasteizen burututakoak. Harrotasuna sentiarazten digu Euskadiko hiriburua izateak. Harro nago Eusko Legebiltzarrean Araba eta Gasteiz ordezkatzen ditudalako” esan du berraukeratua izateko aurkezten den Lehendakarigaiak.
Baina Urkullu ez da lortutakoetan geratu, eta erronka eta konpromiso berriak planteatu nahi izan ditu Vitoria-Gasteizek modernotasun eta ongizaterako bidean aurrera egiten jarraitzeko, beti “Udalarekin eta Foru Aldundiarekin lankidetzan” ,“batasuna indarra delako”. “Gure konpromisoa da hirien mugikortasuna hobetzea eta Gasteizko auzoak garraio berde eta jasangarrirako azpiegitura berriekin `lotzea´. Tranbiaren sarea zabalduko dugu. BRT edo Autobus Elektriko berria jarriko dugu martxan. Zadorra eta Batan eta Zapardiel ibaiak onbideratuko ditugu. Koroatze auzoa birmoldatuko dugu, zeinetan 12.000 hiritar bizi diren. Konpromisoa hartu dugu Zaintza Intentsiboko unitatearekin eta Txagorritxuko Lagundutako Ernalketarako Unitate berriarekin; dialisi zerbitzuak eta ospitaleratze unitateak Santiagon; Lehen mailako arreta emateko zentro berriak Kanpezu, Murgia eta Amurrion; Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Zentro berriak, Araialde Zabalganan eta Errekabarri Salburuan; DBHko zentro berria Zabalganan. Konpromisoa Jundizeko Plataforma logistikoarekin eta Arasur egitasmoarekin. Konpromisoa hiriburutasun kanonarekin eta bere hedapenarekin. Konpromiso integrala modernizazioarekin eta etorkizunarekin! Euzko Alderdi jeltzalea: Konpromisoa Vitoria-Gasteizekin eta Arabarekin! “ esan du Urkulluk.
Vitoria-Gasteiz eta Arabarekin hartutako konpromisoa Urkulluk hurrengo legealdirako ezarri duen erronka handiaren barruan jasota dago. “Enplegu gehiago eta kalitate hobekoa, aukera gehiago gazteentzat eta langabezia %10etik jaistea” errepikatu du. Hori dena egingarria izan dadin eta “etorkizuna jokoan dugulako” Euskadik “Gobernu sendo eta irekia behar du bide onetik aurrera egiten jarraitzeko. Jokoan dugu Espainiako blokeo politikoak ez dezala Euskadi geldiarazi. Jokoan dugu Euskadiko etorkizun politiko berria”. Horregatik eskatu du EAJ-PNVren aldeko botoa.
Andoni Ortuzarrek ere konfiantza eskatu dio arabar gizarteari, eta batzuek beldurra eragiteko eta besteek dena doan duten `paradisuak´ iragartzeko zabaldu dituzten mezuen aurrean ohartarazi ditu herritarrak. EBBren presidenteak Partido Popularra eta bereziki Alfonso Alonso, Sáenz de Santamaría, Margallo eta ondokoak sustatzen ari diren beldurraren kanpaina kritikatu du. “EAJren estremisten arriskuaren kontua asmatu dute jendea beldurrarazteko. Bai txarto ibili behar dutela eta benetan konfiantza eskasa izan behar dutela beren ideietan” esan du Ortuzarrek. “Esan dute EAJ ameskeria identitariora itzuli dela, autogobernua eta “erabakitzeko eskubidea” jendearen beharrizanen gainetik jartzen ditugula. Jakina autogobernua nahi dugula; baina autogobernuaz hitz egiten dugunean, burujabetasunaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Zer da autogobernua? Zer da burujabetasuna? . Ba, argi eta garbi, guk geure arazoak konpontzea. Gure erronkak, gure arazoak eta kezkak, guk geuk konpontzea. Urteetan erakutsi dugu gure gobernuarekin eta gure kudeaketarekin, hemendik bertatik, eraginkorragoak garela eta bizitza kalitate handiagoa lortzen dugula. Horregatik aldarrikatzen dugu lan egiteko esparru zabalagoa, tresna gehiago ongizate maila handiagoa izateko. Autogobernu handiagoa, ongizate handiago. Burujabetasun handiagoa, etorkizun handiagoa” esan du jeltzaleen buruak.
Ortuzarrek beste ideia bat azpimarratu du: EAJk memoria ekonomikoarekin planteatzen dituen proposamen serio eta bideragarrien aurrean besteen “burutazioak” daude, besteak beste “Podemosen Oinarrizko Errenta baldintzarik gabea eta Bilduren 40.000 funtzionario berriak. Eta, zer proposatzen dute, soldata jasotzeko lan egin beharrik egongo ez den herria? Funtzionarioen herria? Nola eusten zaio horri? Nork eta nola ordainduko dute? Horiek gure alternatiba izan nahi dute? Hauek Euskadiren etorkizuna badira, azkena!. Horiek herria hondoratuko digute. Horiek ez dira proposamenak : Podemosenak eta Bildurenak burutazioak dira, eta Euskadi ez dago lelokerietarako“ iragarri du.
Jone Berriozabal legebiltzarkide eta Arabako zerrendako bigarrena izan da ekitaldia hasteko lehen hitzak esan dituena. Berriozabalek bere hitzaldian azpimarratu ditu Urkulluren Gobernuak Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean, hurrenez hurren, Ramiro Gonzalezek eta Gorka Urtaranen zuzentzen dituzten gobernuekin burutako lan koordinatuak Araba eta Gasteizerako ekarri dituen ondorio onuragarriak.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09