Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2016/12/10

Ortuzar: “Euskobarometroak agerian utzi du euskal gizartearen gehiengo zabal batek bere etorkizuna erabaki nahi duela”

EBBko presidentea Pobesen izan da gaur Añanako Alderdikide Egunean, Fidel Andari eskaini zaion omenaldian.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal gizartearen gehiengo zabal bat bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eskatzen ari da, eta aitortza hori izango da EAJ-PNVk hurrengo lau urteotan bilatuko duen helburuetako bat. Horixe izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur talde jeltzaleak Añanako Alderdikide Egunaren kariaz Pobeseko Urbigain kiroldegian egin duen ekitaldi politikoan zabaldu duen mezua. Ekitaldiak Arabako kuadrilla horretako 150 alderdikide eta alderdizale batu ditu eta ospakizun giroan Fidel Anda alkate jeltzale ohia izan da omendua. José Antonio Susok, Araba Buru Batzarreko presidenteak, Andari esker onik beroena adierazteko esan dizkion hitzekin batera, alkate jeltzale izandakoari EAJ-PNVren fundatzaile Sabino Aranaren irudiaren erreprodukzioa eman eman zaio. Ortuzarrekin batera, ekitaldian batu dira, besteak beste, Arabako Foru Ahaldun Nagusi Ramiro González, Herrialdeko Batzar Nagusietako Presidente Pedro Elosegi, Ahaldun Nagusi orde Pilar García de Salazar eta Enplegu eta Gizarte Politika Sailburu Beatriz Artolazabal.

“Atzo ezagutzera eman ziren Eusko barometroaren datuen ezaugarririk esanguratsuena da” , esan du Ortuzarrek, “euskal gizartearen gehiengo zabal eta handiak bere etorkizunaren jabe izan nahi duela, bere etorkizuna erabaki nahi duela. Gero, hiritar bakoitzak erabakiko du bere aukera, baina bere eskuetan izan nahi du bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena eta eskubidea. Eta horrek bat egiten du EAJk oraingo legealdi honetan Autogobernu Lantaldearen mahai gainean abian jarri nahi duen ildo politikoarekin: erabakitzeko eskubidearen aitortzak izan behar du euskal autogobernu berriaren elementuetako bat”. EBBko presidenteak atzo ezagutu zen inkestaren beste alderdi bat nabarmendu nahi izan du. “Esanguratsua ere bada EAJk, bere hauteskunde egitasmoan , eta Urkulluren Jaurlaritzak, bere gobernu jardunean, euskal hiritargoaren eskariak eta kezkak identifikatzen eta aintzat hartzen jakin izan dugula. Euskobarometroak argi eta garbi utzi du Urkullu Lehendakariari eta Euzko Alderdi Jeltzaleari ematen zaien balorazio ona eta, horrekin batera, datozen lau urteotarako Gobernu egitasmoan jasotako lehentasunek bat egiten dutela euskal gizartearen kezka eta eskariekin, eta horrek bide onetik joaten laguntzen digu”.

Begirale batzuek EAJ-PNV eta Partido Popularraren arteko harremanetan antzeman duten “desizozteaz” galdetuta, Ortuzarrek esan du desizozte hau “momentuz itxurazkoa” baino ez dela, “baina Madrilekin antzeman daitekeen giro berri honen gakoa da hitz egin daitekeela eta aurrean esertzen denak irizpide ezberdinak izan ditzakeela onartzen dela, hau da, bizitzari eta politikari buruzko ikuskera ezberdinak eta nazio sentipen desberdinak. Nik euskaldun jotzen dut neure burua, euskotarra; nirea Euskal Nazioa da, baina ez ditut beste nazioak ukatzen. Batzuetan gertatu izan da Espainiar nazioa aldarrikatzean, beste nazioak ukatzen zirela, kasu honetan euskal nazioa. Nik uste dut bidean datorkigun aldi politiko berrian ez dela ezer ukatu behar: ezberdintasuna onartu behar da eta hitz egin behar da. Hitz egiten bada eta akordioetara iritsi behar bada, dena dago idazteko”.

Ortuzarrek baieztatu du Estatuko Aurrekontu Orokorretarako balizko negoziaketarako denborak “Rajoy eta bere Gobernuaren eskuetan” daudela, eta “urtarriletik edo otsailetik aurrera hasiko da negoziaketaren aldi gogorra”. Kazetariek galdetu diotenean EAJk Espainiako Gobernuari Abiadura Handiko Trena Euskadin martxan jartzeko konpromiso irmo eta finkoa eskatuko ote dion, Ortuzarrek argi bezain sendo hitz egin du. “Hainbatetan nahastu ditugu nahiak eta errealitatea, ezen ez bainaiz datak ematera ausartzen. Esan ahal dizuedana da Estatuko Gobernuak EAJrekin harreman irmoa izan nahi baldin badu, hori argi eta garbi utzi behar den gaia dela. Eta eskarmentua hartuta gaudenez, bete ez diren hainbeste data eman dizkigutenez, hauxe izango da azken aukera. Beraz, emango diguten datak bai ala bai betetzekoa izan beharko du” ezarri du.