Prentsa Aretoa

2017/01/31

Gernikako bonbardaketan Estatuak izan zuen erantzukizuna aitor dezan exijitu dio EAJk Espainiako Gobernuari

Senatuko bozeramaile jeltzalea den Jokin Bildarratzen iritziz, erasoaren 80. urteurrena “une egokia da Estatuak barkamen ofizialak eska ditzan, oraindik bete gabe dagoen hutsunea betez”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Senatuko Euzko Abertzaleak Taldeak mozio bat aurkeztu du Goi Ganberari eskatuz Gobernuari exijitu diezaion Estatuak 1937ko apirilaren 26an izan zen Gernikako bonbardaketan zuen erantzukizuna onar dezan. Jokin Bildarratzek, EAJren bozeramaileak, Exekutiboak Gernikako herritarrei barkamena eskatu diezaien ere eskatu du, errurik izan gabe eragin zitzaien sufrimenduagatik.

Laster beteko dira 80 urte aipatutako eraso suntsitzaile hura gertatu zenetik, horregatik Bildarratzen aburuz, aukera aproposa da “Estatu espainiarrak ere dagokion erantzukizun historikoaren zatia ona dezan”. Senatariak gogoratu duenez, Alemaniak onartu zuen euren herrialdeko Condor Legioaren parte hartzea eta Estatu alemaniarraren erantzukizun subsidiarioa Gernikako bonbardaketan, lehenengo Roman Herzog presidentearen bitartez, 1997an, eta urte bete beranduago Alemaniako Parlamentuak aho batez egindako adierazpen baten bitartez.

Bildarratzen esanetan, Estatu batek beharrezkoa du “bere izenean edo bera ordezkatuz egindako ekintzengatik” izan ditzakeen erantzukizunak aztertzea; eta bere iritziz, bonbardaketaren hurrengo urteurrena “une ezin hobea da, denborak ematen duen distantzia eta objektibotasun historikotik, biktimei eta Gernikako herritarrei barkamen ofizialak eskatzeko, gaur egun oraindik bete gabe dagoen hutsunea betez”.

EAJren bozeramaileak gogoratu duenez, “Espainiako Gobernuak ez du inoiz memoria ariketarik egin historia triste honen inguruan. Hori saihesteko, Franco errepublikaren legezko Exekutibo demokratikoaren ordezkaria ez zela jarri da aitzakiatzat, baina egia da, baita ere, hurrengo berrogei urteetan Estatuko agintari nagusia izan zela Gernikan gauzatutako erasoaren antzeko ekintzez baliatuta”. Senatariak gaineratu duenez, Franco diktadorearen agintean “bi aldiz zigortu” zituen bizirik atera ziren biktimak, “euren lotsarako, ezin izan zutelako kontatu egun horretan ikusi ahal izan zutena Estatuko aparatuek euren aurka joko zutelako”.

Goi Ganberan aurkeztutako testuan, Gerra Zibilean Euskadin hainbat heriotza eragin zuten beste eraso batzuk ere aipatzen ditu EAJk, Otxandio, Elorrio, Elgeta edo Durango bezala, baina ekimena Gernikan zentratu du, hau “mundu mailako ikur bihurtu zelako gerraren izugarrikeria eta populazio zibila gerra arma moduan erabiltzea irudikatzeko”, azaldu du Bildarratzek.

Alderdi Eguna 2017
Suso Blog
Jarrai iezaguzu Telegramen
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU