Prentsa Aretoa
2017/01/31
Gorka Urtaranek aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-arazoa planteatu du Gasteiz ez gelditzea lortzearren
Udal gobernuak hiria ezin delako geldirik egon hartu du erabakia, herritarren interesak eta ez besterik gogoan dituela.
Gorka Urtaran alkateak konfiantza-arazoa planteatu du Gasteiz ez gelditzeko eta 2017an aurrekontua izateko bidetzat. Hartara, aurreikusitako proiektu garrantzitsuak aurrera atera litezke. “Hiria ezin dela geldirik egon guztiz sinetsita, eta Gasteizko herritarren interesak eta ez besterik gogoan izanik, aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-arazoa aurkeztea erabaki dugu”, adierazi du.
EAJ-PNV eta PSE-EEko udal taldeek —udal gobernua osatzen duten bi alderdiak— eta Arabako agintari nagusiek gaur goizean egindako bileran hartu da erabakia. Ororen ustez, aurrekontua desblokeatzeko formula onena da, Udalak herritarren beharrizan eta eskaerei erantzun diezaien.
Alkateak gaur bertan deituko du aparteko osoko bilkura, zeina hiru egun barru egingo baita, eta bilkuran aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-arazoa planteatuko da. Alkateari dagokio hori proposatzea, eta kontuak onestea ahalbidetuko luke. “Urrats hau elkarrizketarako eta akordiorako aukeratzat ulertu behar da, hiriak aurrera egin dezan eta Udaletik herritarren eskaerei erantzun diezaiegun”, aldarrikatu du Gorka Urtaranek. “Denei eskua luzatzen jarraitzen dut, salbuespenik gabe, gure hiriarentzat beharrezko diren akordioak lortzeko. Gasteizek akordioak behar ditu. Hitz egin beharra dugu, negoziatu beharra dugu, premia dugulako eta horretan sinesten dugulako. Agertoki berri honek hitz egiteko eta adosteko balio dezala".
Lehen alkateorde Peio López de Munainek, berriz, hau esan du: "batzuen arduragabekeriak ezin du Gasteiz proiekturik gabe utzi, beraz, geuk hartuko dugu gure gain hori lortzeko erantzukizuna, konfiantza-arazoa aurkeztuz, Gasteizek aurrekontua izan dezan. Gaur konfiantza-arazoa aurkezten dugunok beste hiri-eredu bat posible dela uste dugu. Beste batzuek hausnartu egin beharko lukete, eta gaueko mahaian auzokoen arazoak ala 2019ko hauteskunde-programa duten argitu".
Odón Elorzak bitan erabili zuen aurrekontua onesteko formula hori Donostian, eta duela aste batzuk Ada Colauk ere baliatu zuen, Bartzelonan. Kataluniako hiriburuko alkateak bide horretatik lortu zuen udal kontuak onestea, urtarrilaren 25ean.
Ziur aski otsailaren 3an jarriko da alkatea aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-arazoaren mende. Udalbatzaren gehiengo soilaren sostengua lortzen badu, 2017ko aurrekontuari hasierako onespena emango zaio. Bestela, oposizioak zentsura-mozioa aurkeztu ahalko du hilabeteko epean, eta alkatetzarako beste hautagai bat. Hori gertatu ezean, alkateak automatikoki jasoko luke Udalbatzaren konfiantza, aurrekontua onetsita geratuko litzateke, eta proiektuek aurrera egingo lukete. Zentsura-mozioa aurkeztu eta beste hautagaiak gehiengo osoa lortuko balu, hura litzateke alkate.
Luzapena oso negatiboa da
Alkateak gogorazi du Udalak aurrekontua luzatuta duela, joan den ostiralean, hilak 27, aurrekontuaren kontra bozkatu baitzuten EH Bilduk eta Alderdi Popularrak. “Hiriak badaki udal gobernua azken egunera arte ahalegindu dela akordioa lortzen; Irabazi eta Podemosekin lortu ahal izan genuen, eta haiei eskerrak ematen dizkiet, hiriarekiko erantzukizunez eta ikuspegi zabalaz jokatu baitute, baina Bildu eta PPrekin ezinezkoa izan zen”, adierazi du.
Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, talde politiko guztiak bat datoz esatean luzapena oso negatiboa dela interes orokorrarentzat. “Denok bat gatoz pentsatzean luzapena albiste txarra dela”, azpimarratu du. Gogoan izan behar da baztertu den aurrekontu-proiektuak % 23ko hazkundea zekarrela Udalaren inbertsio-ahalmenean, hau da, 29 milioi eurotik gora. “Egoera berri honen ondorioak lasai eta sakon aztertu ostean, ondoriozta dezakegu aurrekonturik ez izateak agintaldi honetan aurreikusitako inbertsio gehien-gehienak gelditzea dakarrela. Eta herritarrek ez gaituzte aukeratzen denbora galtzeko eta aspalditik eskatzen dituzten inbertsioak gelditzeko”, erantsi du agintariak.
Haren ustez, 2017 urte gakoa da Gasteiz eraldatu eta modernizatzeko. "Aurrekontuan jasotako inbertsioak herritarrek eskatu eta behar dutenak dira. Luzapenarekin, ordea, gehienak bertan behera geratuko dira”. Adibide gisa, hauek aipatu ditu: tranbia Salburura luzatzea eta Zabalganerako luzapenaren planifikazioa; Bost Enparantza proiektua, eta Santa Barbara plaza eraberritzea; Emakumeen Etxea; linea periferikoan autobus azkarra edo BRT ezartzea; adinekoentzako zentro soziokulturaletako inbertsioak; Kultura Eratzen zentroa; Gasteiz Antzokia; udalaren futbol-zelaiak berritzea; Beti-Jai pilotalekuak eraberritzea; Araneko silo aparkalekua; Turismo bulego berria; Koroatzearen auzoko inbertsioaren zati handi bat; Sansomendiko agoraespace-a, eta herritarrek aurrekontu parte-hartzailearen bidez onetsitako proiektuak (Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeari buruzko azterlana, Borinbizkarreko eta Elexaldeko jolas-eremuak, Konstituzio plazaren irisgarritasuna hobetzea, eta Adurtza-San Ignazioko pilotalekuetako lanak, besteak beste).
"Garbi dago luzapenak agertoki kezkagarria uzten duela, errotik blokeatzen baitu Udalak inbertsiorako duen ahalmena. Aurrekontu aldaketak egiteko aukera oso baldintzatuta dago, Udalbatzak onetsi behar dituenez tramitatzeko hilabeteak behar direlako, eta aurrera aterata ere atzerapena handia litzateke”.
Elkarrizketa, kontsentsua eta akordioa
Gauzak horrela, udal gobernuak uste du aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-arazoa dela formularik egokiena. “Hiri-proiektu argia eta definitua dugu, aurten bertan garatzen hasteko ideiak ditugu, proiektu eta inbertsio zehatzekin, aurrekontua baino ez zaigu falta”, adierazi dute EAJ-PNVk zein PSE-EEk.
Elkarrizketa, kontsentsua eta akordioa. "Azken egunera arte negoziatu dut, atsedenik gabe, aurrekontu akordioa lortzeko, eta orain ere jarraituko dut. Hain zuzen ere, talde politikoekiko negoziazio-bilerei ekingo diet berriro, konfiantza-arazoari begira Gasteizek behar dituen akordioak lortzen saiatzeko. Gasteizen onuran baino ez dugu pentsatu behar denok. Hauxe da nire konpromisoa”, amaitu du alkateak.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09