Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2017/02/06

Gasteizko 2017ko udal aurrekontua onetsi da, zeina ezinbestekoa baita hiriak aurrera egin dezan

Gorka Urtaran alkateak konfiantza-galdea gainditu du, eta talde politikoei eskua luzatu die, proiektu berriak adostu eta gehitzeko.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Gasteizek badu aurrekonturik 2017rako, zeina ezinbestekoa baita hiria gelditu ez dadin eta hainbat arlotan aurrera egin dezan. “Garbi dago hiriak aurrekontua behar duela, herritarrak ezin ditugula aurrekontu-luzapenera zigortu. Udal gobernu honek ideiak ditu, aurten egiteko ekintza zehatzak, eta aste honetan bertan bultzatuko ditu. Ez dago denbora galtzerik. Aurrekontua izatea besterik ez zen falta”, adierazi du alkateak.

Gorka Urtaranek aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-galdea —berak planteatu zuena— gainditu du gaur goizean. Gainera, talde politikoei eskua luzatu die, proiektu berriak adostu eta udal kontuei gehitzeko. “Gaurtik aurrera elkarrekin lan egin dezagun nahi dut, ekintza berriak adostu eta lehenbailehen aurrekontuan sartzeko”, azpimarratu du alkateak.

Gasteizek aurrekontu-luzapena baino askoz gehiago merezi duela erantsi du. “Gasteiztarrek ez gaituzte hautatzen denbora eztabaida politiko alderdikoi eta alferrekoetan galtzeko. Ez nago dinamika horri jarraitzeko prest. Aurrekontua onesteari lotutako konfiantza-galdea baliatu dut Gasteiz eta ez besterik gogoan izanik, ziur bainago politika beste modu batez egin daitekeela eta egin behar dela, politikak gure gizartearen arazoak konpontzeko balio behar duela, ez arazoak sortzeko”, esan du.

Lehen alkateorde Peio López de Munainek, berriz, adierazi du:“Gasteizek urte gehiegi daramatza bere buruarekin borrokan handitan zer izan nahi duen erabakitzeko. Urte gehiegi daramatza aukerak alferrik galtzen. Urte gehiegi daramatza bere jakinduria apurka galtzen. Guk guztiontzako hiri bat eraiki nahi dugu eta, horretarako, akordio politikoa behar dugu, proiektu handi bakar baten trena berriro ez galtzeko. Batzuetan ditugun aurreiritziak hiria aurrera ateratzeko laguntza bihurtuko balira, Gasteiz geldiezina litzateke. Eta nik, nire taldeak eta gobernuak geldiezinak izan  nahi dugu“.

Gaur onetsi den aurrekontuak —-361,1 milioi euro— Gasteiz modernoa, irekia, anitza, plurala, tolerantea, parte-hartzailea, gardena, iraunkorra eta adimentsua indartzen du,  aniztasunezko bizikidetzaren alde egiten duena. “Gure erronka aniztasun hori ongi kudeatzea da. Etsaitasunez egin beharrean, bizikidetza sustatzearen alde egiten dut. Gasteiz aniztasunezko bizikidetzan nazioarteko erreferentea izatea nahi dut.” Hain zuzen ere, aurrekontuan partida garrantzitsua jaso da I. Bizikidetza eta Aniztasun Planerako.

Bizi-kalitatea bermatzea da gobernuaren beste helburuetako bat. Aipamen berezia egin behar zaio Aldundiarekin Kartera Dekretua garatzeko lortutako akordioari. Lehenengo aldiz, Gasteizek prestazio ekonomiko baten bidez bermatuko du mendekotasun-arriskuan dauden edo 1. graduko mendekotasuna duten pertsonen eskubide subjektiboa, udal-eskumeneko gizarte-zerbitzuekin (eguneko arretako zentroak, zainpeko apartamentuak eta etxebizitza komunitarioak) lotuta.

Pobreziaren aurkako borrokari dagokionez, diruzko gizarte-laguntzak arautzeko ordenantzaren eguneratzea nabarmendu beharra dago. Horren barruko berrikuntzetako batzuk pobrezia energetikoaren kontrako borroka, kaleratzeen prebentzioa eta oinarrizko beharrak betetzeko prestazio orokorra dira. Berdintasunaren alorrean,  Emakumeen Etxea jarriko da martxan.

2016an bezala, 2017ko kontuak lantzerakoan zorroztasun ekonomikoa eta gizarte sentiberatasuna hartu dira aintzat. Bi alderdi horiek izan dira gidari aurrekontua taxutzean. Zehazki, 2017an defizita 6,6 milioi euro gutxitzea aurreikusi da, eta zorra, 5 milioi euro. “Ez dugu eskuratzen duguna baino gehiago gastatuko. Udal kontuak saneatuko ditugu. Horregatik, kontuetan Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomiko handiagoa dugu, hiriburutza kanona bikoiztu baitu, bai eta Aldundiarena ere, beste 2,5 milioi euro jarriko baititu. Zoritxarrez, gobernu zentralak, berriro ere, ez du ezer emango”, azaldu du alkateak.

Gogoratu behar da 2016an Udalak inoiz baino finantzaketa handiagoa lortu zuela tokiko enplegu planetarako, Eusko Jaurlaritzak 2,8 milioi euro jarri baitzuen. 2017ko kontuetan are zenbateko handiagoa aurreikusten dute: 3 milioi euro.

Hiriko auzo guztietan merkataritza dinamizatzeko ekimenez gain, Bost Enparantza proiektua sartu da aurrekontuetan, erdialdeko jarduera ekonomiko eta soziala sustatzeko xedez. Orobat, 2017ko aurrekontuetan partida garrantzitsuak aurreikusten dira industriari laguntzeko planerako, turismoa sustatzeko eta Forondari bultzada emateko, azpiegitura estrategikoa den aldetik.

Bestetik, Gasteiz hiri parte-hartzailea eta gardena bihurtzeko apustu irmoa adierazten dute kontuek. Izan ere, 2016an herritarren partaidetza-prozesu arrakastatsua egin zen lehenengo aldiz, aurrekontu parte-hartzaileak lantzeko, eta horrekin lotuta 15 proiektu sartu dira, 3 milioi euroan balioetsiak. Besteak beste, Koroatzearen birgaitze integral eta integraturako planaren barruko ekintzak aurreikusi dira, 2,2 milioi euro espazio publikoan lanak egiteko eta beste 2 milioi euro auzo zaharrenetako etxebizitzak birgaitzeko.

Aurrekontu honi esker, tranbiaren luzapena errealitatea izango da. Aurten hegoalderako lanak hastea aurreikusi da, eta Salburura eta Zabalganera joateko proiektuak aurreratzea. Tuvisaren linea periferikoaren ordez BRT edo autobus azkarra ezartzeari ere helduko zaio.

Kultura eta Euskarari dagokienez, bi proiektu aurreratuko dira: Eratzen kultura zentroa, erabili gabeko udal espazio bat berrerabili eta tokiko sorkuntza sustatzeko, eta Gasteiz Antzokia, euskara eta euskal kultura sustatzeko.