Prentsa Aretoa

2017/05/22

Izaskun Bilbao: “Ertzaintza Europako foroetatik kanpo uztea oinarri operatibo edo legalik ez duen arriskua da”

Europar Parlamentuko ALDE taldeko presidenteorde Izaskun Bilbaok gaur Erne sindikatuak antolatutako jardunaldietan esan duenez, Ertzaintza kontinentean nazioarte mailako terrorismoaren kontra borrokatzen diren foroetatik kanpo uztea “oinarri operatibo edo legalik ez duen arriskua da”.

rss Ezagutzera eman
Izaskun Bilbao: “Ertzaintza Europako foroetatik kanpo uztea oinarri operatibo edo legalik ez duen arriskua da”

ARGAZKIA JAITSI

Mehatxu global baten aurrean datuak partekatzea eta ahaleginak koordinatzea ezinbesteko jotzen den esparru batean, Bilbaok azpimarratu du hiritargoaren segurtasuna bermatzeko orduan ezin dela baliabide bakar bat ere baztertu edo alferrik galdu.

EAJ-PNVko eurodiputatuak azaldu du urte hauetan guztietan Europako Parlamentutik integrazioaren eta polizia kidegoen arteko koordinazio handiagoaren alde egin den lana. Bilbaok gogoratu du teknologia berriek datuak prozesatzeko eskaintzen dituzten aukera berriek poliziaren lana goitik behera aldatu dutela. Zoritzarrez, Euroganberak onartutako azken zuzentarauaren bidez datuak derrigorrez partekatzea onartu zen arren “Europako gobernu batzuek eginiko presioen ondorioz, salbuespen batzuk eta arbitrariotasuna eragin dezaketen kontzeptu zehaztugabe batzuk jaso ziren, eta horregatik abstenitu ginen”.

Eurodiputatu jeltzaleak era berean azaldu du Schengen Informazio Sistema nola eratu zen eta hasiera batetik Espainiako agintariek ez zituztela Euskadiko edo Kataluniako polizia integralak atxikimendu protokoloan sartu. Bilbaoren hitzetan “hori ez da ulergarria ez alderdi operatibotik ezta dagokion Estatu kidearen barne ordenamenduaren ikuspegitik ere. Arrazoi horiengatik Europako legeriak ez du eragozten Ertzaintza moduko polizia taldeak Schengen-en barruan aritzea. Ertzaintzaren isolamendua eta egoera horri lotutako arriskuak aukera politiko kontziente baten fruitu izan dira”.

Ondoren azaldu ditu azken urteotan integrazioaren alde aurkeztu dituen berrogeitik gora ekimenetako batzuk, eta azpimarratu du Europako Batzordea gai honen inguruan igaro dela Schengen sistemetan parte hartzen duten indarrak izendatzeko ardura estatu kideen erantzukizuna dela esatetik estatu guztiei beren baliabideak optimizatzea eta gai honetan eskuduntzak dituzten kidego guztien arteko lankidetza bultzatzea eskatzera.

Amaitzeko azpimarratu du Ertzaintzak duen erronka handi bat dela Europol antolatzen ari den inteligentzia eta analisi foroetan sartzeko urratsak ematea.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU