Prentsa Aretoa

2017/05/23

EBBren adierazpena Manchesterren erregistratu den sarraskiaren aurrean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

1)      Gure gaitzespenik sendo eta irmoena Manchester hirian bart gauean egin den eraso terrorista basati eta ankerraren aurrean. Erasoan 22 pertsona errugabek beren bizia galdu dute,hauen artean adin txikiko neska eta mutil asko. Ez dago helbururik ez kausarik ezta federik ere, indarkeria justifikatu dezaketenik, eta berdin dio indarkeria yihadista edo bestelakoa den. Hala erakutsi du Historiak epoka desberdinetan. Euskal hiritargoa horren lekuko izan da sarri.

2)      Gure elkartasuna eta hurbiltasuna basakeria terroristak halako kolpe basati eta zentzugabea eman dien gurasoei. Gure adeitasuna eta hurbiltasuna biktima guztien senide ,lagun eta adiskideei. Gure elkartasuna Ingalaterrako herritar guztiekin.

3)      Europar Batasuna aspaldi honetan hainbat eraso terroristen eszenatoki izan da eta europarrak bake,askatasun eta demokraziaren erreferente egin gaituzten baloreak indartu eta aldeztu behar ditu. Halako basakeriek eragiten duten mina eta amorrua handiak diren arren, gure uste sendoak berresten ditugu eta halako eraso terroristen aurrean erantzun bakarra dagoela azpimarratzen dugu,hau da, demokrazia, bake eta askatasun handiagoak.

4)      Legearen indar osoak erori behar du hurkoak erailtzeko eta hiltzeko prest daudenengan. Zentzu honetan,ekintza suizida eta indiskriminatuen egileak aurkitzeko eta neutralizatzeko lana zeinen zaila den jakinda, Europako agintariei eskatzen diegu talde eta pertsona hauek ikertzen dituzten inteligentzia taldeen lanak indartzea.

5)      Beharrezko gertatzen da segurtasun alorretik erantzutea, baina inola ere ezin da gainditu legeei eta pertsona guztien eskubideei zor zaien errespetua. Zentzu honetan, beste behin ere, euskal hiritargoari eskatu nahi diogu kolektiboak seinalatzeko edo estigmatizatzeko tentaldian eror ez dadin, ankerkeria horren errudun ez izateaz aparte, zentzugabekeria honen kaltetu nagusiak direlako. Gizarte bidezkoagoa, integratuagoa,gardenagoa eta arrazakeria eta xenofobia adierazpenik gabeko gizartearen alde egitea  bakearen eta askatasunaren alde lan egitea da. Lan hori gu guztion erantzukizuna da, pertsonena eta botere publikoena.

6)      Amorruz eta harriduraz beteta aurkitzen garen une honetan, egokia da gogoratzea euskal hiritargoaren gehiengo nagusia, europar hiritargoaren gehiengo nagusia fanatismo eta indarkeriaren aurrean bakea, askatasuna, demokrazia,hitza eta elkarbizitza aldezten ditugula. Azken finean, basakeria hori irmotasun osoz borrokatu nahi dugula, baina beti gizalegez eta humanismoan oinarrituta.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU