Prentsa Aretoa
2017/10/05
EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzaren industria politika babesten du, eta EH Bilduren kritikak gaitzetsi
Luis Javier Telleria legebiltzarkideak koalizioari leporatu dio “enpresa gutxi batzuen aldian aldiko egoeraz baliatzea, ondoeza benetakoa baino handiagoa dela sinestarazi asmoz”
Osoko zuzenketa industria-enpresen egoerari buruz
OSOKO ZUZENKETA - 2017/10/05
Sektore modernoagoa, espezializatuagoa eta lehiakorragoa lortzeko industria politikak egiten ari da Eusko Jaurlaritza, eta politika horiek baloratu ditu Euzko Abertzaleak legebiltzar-taldeak. Luis Javier Telleria legebiltzarkideak nabarmendu egin ditu Lakuaren ahaleginak, euskal enpresek aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitzea ahalbidetzekoak. “Jaurlaritza honek planak dauzka: industrializaziorako, ekintzailetzarako, gastronomía eta elikagintzarako, digitalizazio estrategiak edo energia-politika… ondo planifikatutako tresnak. Helburua da gero eta konplexuagoa den mundu honetan industria sektorea modernoagoa, espezializatuagoa eta lehiakorragoa lortzea. Plan horiek oinarriak eta palankak sortzen dituzte, enpresen hazkunderako babes direnak”.
Telleriak hainbat euskal enpresaren egoera desberdinak aitortu ditu (La Naval, CNA, XEY, Ofita, CEL…), eta baieztatu du administrazioek lanean dihardutela ondorioak gutxitzeko eta lanpostuak mantentzeko. Kezkatuta gaude, esan du, eta erakundeei eskatzen diegu balizko konponbideetan saiatu daitezela eta arazoei aurre egin diezaietela. Baina, gaineratu duenez, enpresa hauen unean uneko egoera ezin da baliatu –EH Bildu dabilen bezala- sektore osoaren irudi katastrofiko eta irreala emateko. “Gaizki dauden enpresak egon badaude, krisitik irtetzeko zailtasunak dituztenak, baina badaude baita ere oso bestelako errealitatea dutenak. Enpresa asko hazten ari dira, eta etekin handiak lortzen. Inbertitu eta enplegu berriak sortzen ari dira”.
Parlamentari jeltzaleak koalizio abertzalearen diskurtso oportunista salatu du, hondoratutako herri bat ikustarazi nahi baitute, eta Eusko Jaurlaritza aurkeztu horren arduradun bakar gisa. “Ez, ez, eta mila aldiz ez. Ez dugu horrelako mezurik onartuko. Egia da enpresa batzuk egoera benetan zailean daudela, baina ez da hori sektore osoaren errealitatea. Azken urtean, krisiaren aurreko enplegu industriala berreskuratu dugu, eta 23.200 enplegu sortu dira industrian. 2014tik hona, %5etik gora igo da ekoizpen industrialaren adierazlea Euskadin. Ondo planifikatutako eta definitutako politika bat dago. Zein da EH Bilduren politika? Ba al du halakorik?”
Bilkuran izandako hitzartzean, Telleriak nabarmendu egin du enpresek eta langileek ondo egindako lana, eta euskal industriari egiten dioten ekarpena. “Beren lana ondo egin dute eta errealitate berrietara egokitzen jakin dute. Jaurlaritzak azken hamarkadetan izandako planifikazioaren abantailak ere baliatu dituzte, planifikazio horrek funtzionatu eta emaitzak ematen baititu. Guztion ekarpena funtsezkoa da herriaren ekonomia berraktibatzea finkatzeko”. Hobetzen jarraitu beharra daukagula ondorioztatu du, eta ezer abertzalearen ikuspegiak ez dio helburu horri ekarpenik egiten. “Guk, talde honetan eta babesten dugun gobernuan, itxaropenez eta kemenez ikusten ditugu datozen urteak, Euskadiko industria lortzen ari baita sendo eustea eta ekonomiaren motorra bilakatzea”.
Eusko Legebiltzarraren Bilkurak onartu egin du EAJ-PNVk eta PSE-EEk sinatutako testua. Horren bidez, krisiak kaltetutako langileei elkartasuna adieraztearekin batera, erakundeei eskatu die beharrezko neurriak har ditzatela, etorkizun industrial bideragarria bermatze aldera.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09