Prentsa Aretoa

2017/11/25

Susok gizarteak eskatzen duen EAJ-PNV-ren akordio-politika nabarmendu du

Berantevillan ospatutako Añanako Alderdikide Egunean Arabako EAJ-PNVren presidenteak esan du Arabako erakunde nagusietan aurrekontuak onartzeko EHBilduk eta PPk duten borondate eskasa aldatzea espero duela

rss Ezagutzera eman
Susok gizarteak eskatzen duen EAJ-PNV-ren akordio-politika nabarmendu du

ARGAZKIA JAITSI

Arabako EAJ-PNVk Añanako Kuadrillako 120 alderdikide eta alderdizale baino gehiago elkartu ditu jai izaera duen Añanako Alderdikide Egunaren bosgarren edizioan.

Bere mintzaldia genero indarkeria mota ororen biktima diren emakumeak gogoratuz hasi eta gero, Jose Antonio Suso Araba Buru Batzarraren presidenteak EAJ-PNV erakunde mailan garatzen ari den akordio-politika nabarmendu du. “Gizarteak akordioak eskatzen dizkigu eta horregatik lanean gogor ari gara Arabak eta Euskadik aurrekontuak izan ditzaten. “Jatekoez” hitz egiten ari gara, herritarron egunerokoan eragina duten gauzei buruz”.

Susok EHBilduk Arabako eta Euskadiko erakundeetako aurrekontuak negoziatzeko duen borondate eskasa kritikatu du. Aitzakia moduan Euskadiren gobernagarritasunarekin zerikusirik ez duten gobernu-akordio eta bestelako egoerak darabiltzate. “Egunotan ezker abertzaleak gizarteari helarazi nahi dion mezua entzun duzue, gure bertute onenetariko bati, gizarteak horrenbeste apreziatzen duen kontu bati: kalte edo min egin nahi diote: elkarrizketan aritu eta adostasunak lortzeko dugun gaitasunari, beti ere Araba eta Euskadiko gizartea onuradun delarik. Negoziatzeko dugun borondatea aurpegiratzen digute duela oso urte gutxi negoziatzen ikasi dutenek. Eta nik zera galdetzen diet: nola konponduko ditugu eguneroko arazoak aurrekonturik gabe?”

Jeltzale arabarren presidenteak ohartarazpen bat bidalio dio PPri aurrekontuak horiekin zerikusirik ez duten neurri fiskalak aldatu beharrarekin baldintzatzeagatik. Susok aldaketa fiskalak egiteko duen borondatea adierazi, horrek PPk orain arte Araban erakutsitako jarrera aldatzen badu. “Espero dezagun Arabako PPk, orain arte akordioetara iristeko inolako borondaterik izan ez duenak, bere burua EAJren ispiluan begiratzea Arabako erakundeek aurrekontuak izan ditzaten. Kontu publiko horiek ezinbestekoak dira azken bi urteetan bezala aurrera egitea ahalbideratuko duten politika publikoak mantentzeko” esan du Susok. Halaber, gogorarazi du EAJk modu horretan jardun zuela PPk gobernu erantzukizuna zuenean.

Berantevillan gaur goizean ospatutako ekitaldi politikoan bertako udal-taldeko bozeramaile den David Fernándezek eta Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak ere hitz egin dute.

Arabako ahaldun nagusiak sinetsita esan du legealdiaren erdira iritsi orduko foru gobernuak hartuta zituen konpromiso ugari bete dituela. “Gizartearen aurrean programa batekin aurkeztea, harekin kontratu bat sinatzea bezalakoa da, gure hitza ematea. Eta gaur, legealdiaren erdia igaro eta gero, duela bi urte eta erdi hartu genituen konpromiso gehienak bete ditugula esan dezakegu” adierazi du Ramiro Gonzálezek.

Etorkizunari buruzko aurreikuspenei dagokienez, foru agintari gorena baikor agertu da. “Suspertze ekonomikoa errealitate bat da Araban. Oposizioko bozeramaileei entzun diet baieztapen hori egitea autokonplazientea dela esaten. Ez da egia. Arabako egoera ekonomikoaz hitz egitean, azken urtean Gizarte Segurantzan 5500 afiliatu egon direla esatea, ez da autokonplaziente izatea. Araban lan egiten duten 5500 pertsona gehiago. Pertsona asko dira.” Gonzalezek esan du datorren urtea oso garrantzitsua izango dela Arabarentzat. Izan ere, azken bi urteetan egondako hazkundeak eta hobekuntzak aurrera egingo dute. “Bi urte hauetan abian jarri edo abian jartzen lagundu ditugun proiektu gehienak guztuz garatuko dira 2018an” esan du.

Zentzu horretan, Ramiro Gonzálezek iragarri du orain arte egindako bideak arrakasta izan dezan oso garrantzitsua dela 2018an foru aurrekontuak izatea. “Zalantzarik gabe, aurrekontuak izateko saiakera egingo dugu. Baina, nolanahi ere, Arabak aurrera egiten jarraituko du” argitu nahi izan du.

 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU