Prentsa Aretoa

2017/12/02

Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa eta Mireia Zaratek, cicerone lana egin dute gaur Sabin Etxean

Jeltzaleen etxeak dozenaka bisitari hartu ditu gaur goizean egin den ate irekien jardunaldian. Nagusi, gazte eta txikiak elkartu dira gaur EAJ-PNVren egoitza nagusian, eraikina inauguratu zeneko 25. urteurrena ospatzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Oharra: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eta Mireia Zarate EBBko presidenteak gidari lana egin dute gaur goizean EAJ-PNVren gonbiteari erantzun eta Sabin Etxea ezagutzera eta bere 25. urteurrena ospatzera hurreratu diren dozenaka lagunentzat. Ortuzar, Atutxa eta Zarate cicerone gisa aritu dira Sabino Aranak fundatu zuen alderdiko langileekin batera. Egunotan 25 urte bete dituen eraikina Aranatarren familiaren jaiotetxea zegoen orubean altxatu zen.

Ate irekien jardunaldia 10:00etan hasi da. Ordu horretan sartu dira Sabin Etxea ezagutzeko asmoz herrialde guztietatik etorri diren bisitariak. Emakume eta gizonek, gazte eta nagusiek, neskato eta mutikoek eraikin osoa ezagutzeko bisita egin dute EBB dagoen bosgarren solairutik hasita eta -1ean amaitu arte, zeinetan prentsa aretoa, batzar gela eta Sabin Etxe zaharreko bulegoko altzairuak dauden. Bisitan hirugarren solairuko bulegoak, bigaren solairuko Txindoki aretoa eta Eusko Legebiltzarreko, Kongresu eta Senatuko eta Europako Parlamentuko parlamentarien bulegoak ikusteko aukera izan dute. Beren bulegoan izan dira Ortuzar, Atutxa eta Zarate, bisitariei eguneroko lana egiten duten bulegoa erakusten eta azalpen guztiak ematen. Era berean, gaurko bisitariek protagonista nagusiengandik ezagutu ahal izan dute EA-PNVk Sabin Etxean eta ordezkaritza duen erakunde ezberdinetan egiten duen lan politikoa.

Irribarreak, iruzkin barregarriak, selfieak, eskuko telefonoarekin eginiko milaka argazki eta harridura aurpegiak izan dira nagusi kolorez eta dibertsioz betetako goiz honetan. Eraikinera hurreratu diren umeek beraientzat bereziki prestatutako antzezlana ikusi dute. Antzezlan laburra ikusi duten guztiek ezagutu ahal izan dute Sabino Aranaren eta Sabin Etxearen historiaren xehetasun ezezagun eta bitxienak, era dibertigarri eta ulerterrazean azalduta. Txikienentzat txapa eta makilaje tailerra jarri dira eta haur, nerabe eta nagusi batzuek urteurrenerako sortu den irudiarekin eginiko txapa eraman dute oroigarri gisa.

“Aurrera”, “jarraitu hemendik”, “gora”, “behera”, “ezkerrera” eta “eskumara” izan dira ordezkari jeltzaleek eta langileek gehien esan dituzten hitzak, eta ate irekien jardunaldi honetan ez dira faltatu batzuek eta besteek esker ona eta adeitasuna adierazteko esan dituzten berbak eta egin dituzten keinuak. Miren eta Markel, Gernika eta Eako neska-mutilak, Ortuzarrekin “batzartu” dira Jeltzaleen buruaren bulegoan eta “gaur egungo gaiak” jorratu dituzte. Gehiengo batez adostu dute ‘3Txulo’ eta ‘Goazen’ direla telebistako saiorik onenak. Gozozaleak ere pozik ibili dira gaur Sabin Etxean, Itxaso Atutxak atzo arratsaldean eginiko txokolatezko pastak eta gominolak jateko aukera izan dute eta bisitariak tentatzeko agertu dira gaur goizean bere bulegoko mahai gainean. Gutxi izan dira tentaldian erori ez direnak.

“Ortuzar!, zure bulegoan hainbat nagusi eta pertsona garrantzitsu sartuko ziran, ez? galdetu dio Hondarribiako etxekoandre batek EBBko buruari. Baiezkoa erantzun dio EBBko buruak baina aitortu du berak nahiago duela “zuek bezalakoekin hitz egitea: kaleko jendea, batzokietan edo udaletan, gure inguruko herri eta auzoak hobetzeko lana egiteko elkartzen diren herritarrak. Hori da nik ondoan izan nahi dudan jendea”.

Eraikineko sarreran, bisitarien interesa erakarri du Sabin Etxe zaharreko jatorrizko balkoiak, eraikin berriko bitxirik handienetakoa denak. Balkoi hau Markos Etxeberria Uriarte alderdikideak gorde zuen José Macián Pérez Gobernadore frankistaren aginduz 1960 urtean Sabin Etxe zaharra bota zutenean. -1 solairuan ezustekorik handiena batzar gelan eskaini da. Aberri Batzarrak eta Bizkaiko Herrialde Batzarrak egiten diren lekua kontzertu gela gisa agertu da, gaur gauean bertan EAJ-PNVk euskal gazteriarekin konektatzeko prestatu duen NEXT prozesua abiarazteko jaia egingo baita. Iluntzean, 21:00etatik aurrera, ‘El mentón de Fogarty’, ‘Bocabeats Comedia’, ‘Berta Bittersweet’ eta ‘Mr. Kul’-en ikuskizunak eskainiko dira. Sabin Etxeko kanpoaldean, 19:00etatik 22:00etara bitartean eta ordu erdiro, fatxadan proiektatuko da `mapping´ teknologiarekin prestatu den ikuskizun ikusgarri eta entzungarria.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU