Prentsa Aretoa

2017/12/13

Bere estrategia partekatua diseinatu du Gasteizek, erronka berriei aurre egiteko, begirada 2025ean jarrita

Bidegurutze batean dago gaur egun Gasteiz, hainbat proiektu estrategiko elkartu baitira, hurrengo hamarkadei begira. Horrek ezinbesteko egiten du estrategia bat lantzea, gizarteko sektore guztiek partekatua, planteatzen diren erronkei arrakasta lortzeko bermearekin aurre egiteko aukera emango duena.

rss Ezagutzera eman
Bere estrategia partekatua diseinatu du Gasteizek, erronka berriei aurre egiteko, begirada 2025ean jarrita

ARGAZKIA JAITSI

Ikuspegia 2025. urtean jarrita, munta handiko proiektuak partekatu ditu gaur goizean Gorka Urtaran alkateak esparru guztietako ordezkariekin, hala nola abiadura handiaren etorrera, besteak beste.

Partaidetza,  inbertsioak  eta  ekimenak  gehituz  baino  ezingo  dute  izan  arrakasta  2025  Estrategiak  eta  berekin  dakartzan  proiektuek,  eta  agente  ekonomiko,  sozial,  kultural,  kirolaren  arloko  eta  besterekin  batera  lan  eginez.  “Baditugu  ideiak,  inbertsioak,  proiektuak  eta  baliabideak  Gasteiz  hiri  prestatua  eta  lehiakorra  izan  dadin,  abiadura  handiaren  etorrera  —hiriaren  azken  aldiko  historiako  mugarri  hori—  berme  osoz  aprobetxatzeko”,  azpimarratu  du  alkateak.  Egonkortasun-garaiak  ditugu,  berpizte  ekonomikoarenak  eta  aukera  berrienak.   Orain  hartzen  diren  erabakiek  hurrengo  belaunaldien  aukerak  eta  ongizatea  baldintzatuko  dituzte.  Beraz,  oso  garrantzitsua  da  hiri-estrategiak  guztion  laguntza  izatea.

Alkateak  azaldu  duenez,  berebiziko  garrantzitsua  du  une  honek,  abiadura  handiko  trena  —lurpetik—  hiriaren  erdialdera  nola  iritsiko  den  diseinatzeko  unea  baita,  eta  aukera  ekonomiko  berriak  eskainiko  baititu  horrek  sektore  guztietan;  berpizten  ari  da  Forondako  aireportua,  eta,  horrekin  batera,  plataforma  logistiko  berriak  bultzatzen;  hiriburu-kanon  berriaren  baliabideak  ditugu,  eta  Eusko  Jaurlaritzak,  Aldundiak  eta  Udalak  adostutako  mugikortasunaren  arloko  inbertsio  handiak;  4.0  industriaren  aldeko  apustu  handia  ari  dira  egiten  erakundeak,  unibertsitateak,  lanbide-prestakuntzako  zentroak  eta  enpresa  lokalak;  smarcity  iraunkor  eta  ingurumenarekin  konprometituaren  eredua  garatzen  ari  da  Udala,  eta  hiria  biziberritzeko  munta  handiko  inbertsioak  abian  dira,  hala  nola  Koroatzeko  proiektua  edo  erdialdeko  Masterplana.

Erakundeen  arteko  lankidetzari  eta  ekimen  pribatuari  esker,  jauzi  kuantitatiboa  eta  kualitatibo  handia  emango  da.   “Administrazio  publiko  guztiak  erakusten  ari  dira  hiriarekin  hartua  duten  konpromisoa,  eta  hainbat  ehuneko  milioi  euroko  inbertsioak  izango  ditugu,  Gasteiz  eraldatu  eta  modernizatzeko”.  Zehazki,  dagoeneko  tasazio  ekonomikoa  egina  duten  proiektuek  800  milioi  euro  inguruko  kopurua  egiten  dute.

2025  Estrategia  proposatzeko  orduan,  hiriak  dituen  indarguneak  hartu  ditu  abiapuntutzat  alkateak,  aukera  bihurtzeko.  Lehenengoa,  Gasteiz  ongi  konektatutako  hiria  dela.  “Gure  kokapen  estrategikoak  komunikazio-nodo  bihurtzen  gaitu,  ipar-hegoen  eta  ekialde-mendebaldeen  artean.  Beraz,  lehentasunezkoa  da  barne-  eta  kanpo-komunikazioak  hobetzea.”  Funtsezkoa  da  edukiera  eta  kalitate  handiko  garraio  publiko  moderno,  elektriko  eta  CO2  emisiorik  gabekoaren  aldeko  apustua.  Hortik,  tranbia  hegoaldera,  ekialdera  eta  mendebaldera  zabaltzea,  autobus  elektriko  adimentsua  martxan  jartzea  eta  TUVISAren  autobusak  berritzea  —2025era  flota  osoa  hibridoa  edo  elektrikoa  izango  da—,  eta  horientzako  garaje  berriak  egitea.   Hori  guztia,  puntako  enpresen  eskutik,  hala  nola  Mercedes,  Michelin,  Irizar  eta  CAF.

Gainera,  elkarrekin  lan  egiten  jarraitu  beharra  dago  Forondako  aireportuak  gorako  joerari  euts  diezaion,  bidaiariak  berreskuratu  eta  kargaren  zifrak  handituz.  “Badugu  nahikoa  zume  Foronda  industria-aireportu  bihurtzeko,  hub  logistikoa  izan  dadin.  Aireportua  eta  bertako  VIAP  funtsezko  piezak  dira  Euskadiren  eta  Gasteizen  lehiakortasunerako  —hiri  industrial  eta  logistiko  gisa—.

Orobat  nabarmendu  du  Gorka  Urtaranek  Sopelatik  abiatuta  Europa  Amerikarekin  kablez  lotzeak  berekin  ekarriko  duen  konektagarritasun  teknologikoa,  informazioa  etxeetako  edozein  konexiok  baino  16  milioi  bider  bizkorrago  komunikatzeko  ahalmena  izango  baitu.  Arlo  horretan  bertan  txertatu  beharra  dago  Gasteizko  Smart  &  Green  City  Planaren  garapena  —e-administrazioaren  erreferente  bihurtuko  baikaitu—,  markesina  adimentsuak  jartzea,  udal  aparkalekuen  kudeaketa  adimentsua,  etorkizuneko  mugikortasunerako  konektagarritasuna  eta  abar.

Euskadiko  hiriburuaren  bigarren  indargunea  da  hiri  industriala  eta  logistikoa  dela.  Industriaren  BPGd-a  %  32ra  iristen  da,  eta  Gasteizko  lanpostuen  %  27  industriak  sortzen  ditu.  Gainera,  lurralde  esportatzailea  gara  —euskal  esportazioen  %  30  Arabakoak  dira—,  eta  15  milioi  metro  koadro  ditugu  industrialde  eta  poligono  teknologikoetan.  Hortaz,  Industria  lokalari  laguntzeko  I.  planean  buru-belarri  murgilduta  dago  Udala;  poligonoetako  kaleak  hobetzeko  inbertsioak  egiten  hasi  da,  eta  lehentasuna  emango  dio  banda  zabaleko  konexioari,  4.0  industriaren  proiektuak  hartzeko  prest  egon  daitezen.  Aldi  berean,  talentua  prestatu,  sortu  eta  erakartzeko  zentroa  izaten  jarraitzearen  aldeko  apustua  egin  beharra  dauka  hiriak.

Esparru  horretan,  lankidetzarako  deia  egin  du  alkateak,  hiria  hiri-laborategi  bihur  dadin,  etorkizuneko  mugikortasuna  bultzatzeko:  automatikoa,  konektatua,  elektrikoa  eta  partekatua.  Horregatik,  2025.  urtea  helmuga,  Vitoria-Gasteiz  Mobility  Lab  abian  jartzeko  asmoa  aipatu  du  Gorka  Urtaranek;  bertan,  mugikortasun-eredu  berriak  kontrastatu  ahal  izango  dira:  joan-etorri  partekatuak  (car  sharing),  flotaren  maneiua,  azken  miliako  garraioa,  ibilgailu  barruko  konektagarritasuna…  “Ekosistema  perfektua  du  Gasteizek  horrelako  proiektu  bat  abiarazteko,  erreferentziazko  hiria  baikara  iraunkortasunaren  alorrean,  eta  puntako  enpresak  baititugu  automozioaren  eta  mugikortasunaren  arloan,  baita  automozioan  espezializatutako  unibertsitate-gradu  bat  ere”,  zehaztu  du  Urtaranek.

Gasteizen  hirugarren  indargunea  da  hiri  berdea  eta  iraunkorra  dela.  “Erreferentea  gara  Europan,  eta  ingurumenarekin  sentibera  diren  eta  konprometituta  dauden  herritarrak  ditugu.”  Horregatik,  etorkizunean  izan  daitekeen  etxebizitza-eskaria  bateragarri  egin  behar  da  hiria  gehiago  ez  sakabanatzearekin,  urrezko  auzoak  —eta,  bereziki,  Koroatzearen  auzoa—  birgaitzearekin.  Horri  gehitu  behar  zaio  erdialdeko  masterplana,  espazio  horretako  berpizte  sozial  eta  ekonomikoa  bultzatzeko.

Bidenabar,  Eraztun  Berdea  handitu  eta  osatzen  jarraitu  beharra  dago,  hiriaren  benetako  ikonoa  baita.  Ildo  horretatik,  eta  eragindako  agenteekin  elkarlanean,  Hegoaldeko  Plan  Berdea  bultzatuko  du  hiriak,  Larragorri  parkea  martxan  jarriz,  Lasarteko  legar-hobien  inguruan,  ingurumenaren  eta  iraunkortasunaren  arloko  gure  proiektuaren  indarra  agerian  jartzeko.  “Parke  horrek  —adierazi  du  Urtaranek—  konponbide  naturala  eta  iraunkorra  ekarriko  du,  urarekin  eta  florarekin,  hegoaldeko  ibiak  hazten  direlarik  uholdeak  galarazteko,  laminazio-baltsak  sortuz,  dauden  lurren  kutsaduraren  arazoa  in  situ  konpontzeko  bioerremediazioa-sistema  batekin,  eta  aisialdi-  eta  turismo-parke  batekin,  ubide-eremu  natural  bat  barne.”

Laugarren  indargunea  bizi-kalitate  oneko  hiria  izatea  da.  “Guztion  artean,  Gasteiz  ireki  eta  solidarioa  eraiki  dugu,  hiri  kohesionatua  eta  inklusiboa,  bizi-kalitate  eta  giza  garapen  handiko  hiria”,  adierazi  du  alkateak,  eta  orobat  azaldu  du  Gasteizek  lehen  magnitudeko  erronka  bati  egin  behar  diola  aurre:  biztanleriaren  zahartzeari.  Horrekin  batera,  nabarmentzekoak  dira  gizarte  modernoen  dibertsitatea  eta  haur  eta  nerabeen  premia  berriak.  Horregatik,  konponbideen  diseinuan  elkarlanean  jardun  beharra  dago,  sortzen  ari  diren  beharrei  erantzun  eraginkorragoak  emateko.  Berrikuntza  Sozialerako  Zentrotik  bultzatu  eta  koordinatuko  dira  ekintza  horiek,  era  horretako  erronkei  erantzuteko  gauza  izaki.

Eta  aipatu  duen  bosgarren  indargunea,  berriz,  hau  izan  da:  harro  egoteko  moduko  hiria  dela  Gasteiz.  “Gure  hiria  gero  eta  erakargarriagoa  da  turista  eta  profesionalentzat.  Horregatik,  gure  zerarik  erakargarrienak  garatzen  jarraitu  beharra  daukagu:  natura,  gastronomia,  kultura,  kirola  eta  osasuna.  Azken  batean,  bizi-kalitatea  eta  ongizatea.  Erreferente  izaten  jarraitu  behar  dugu,  hiri  berde,  iraunkor  eta  naturan  integratu  gisa.

Era  berean,  Arabako  Errioxarako  sarrerako  ate  gisa  jokatzen  duen  papera  bultzatzen  jarraitu  behar  du  Gasteizek.  “Elkarlanean  jardun  dezakegu,  ardoaren  bideak  hedatuz,  eta  ardoaren  kultura  bultzatzen  duten  elkarteekin  lan  eginez.  Wine  city  izan”.  Erdialdeko  masterplanak  aurreikusten  du  Zulueta  jauregia  kultura,  enologia  eta  gastronomia  sustatzeko  baliatzea,  eta  hartara  Arabako  Errioxako  turismoa  sustatzeko  elementu  izatea.  Produktu  lokala  —gure  ardoak  eta  gure  produktu  gastronomikoak—  sustatzeko  espazio  bihurtu  nahi  da.  Ardoaren  erakusleiho,  turistei  Arabako  Errioxako  ardandegi  eta  mahastietarako  bidea  erakusteko.

Hiri-harrotasuna  pizten  duten  alderdien  artean,  kulturak  leku  handia  hartzen  du.  Gasteizen  bizitasun  kulturala  sendotu  nahi  da,  kultura  maite  duen  eta  harekin  konprometitua  dagoen  hiria  baita,  non,  argi  propioarekin  nabarmentzen  baitira  Jazzaldia,  Azkena  Rock  jaialdia,  Magialdia,  Festval  jaialdia,  Word  Press  Photo,  Santa  Maria  katedrala  eta  Nazioarteko  Antzerki  Jaialdia,  besteak  beste.

2025  Estrategiak  garrantzi  handia  ematen  dio  sorkuntza-  eta  kultura-industriak  bultzatzeko  lankidetzari.  Hartara,  paper  nabarmena  jokatzen  dute  Eratzen  sorkuntza  artistikorako  diziplina  anitzeko  zentroak,  Alberto  Schommer  argazkigintza-zentroak  eta  Principal  antzokia  eraberritzeak.

Kirolaren  eta  osasunaren  aldeko  apustua  egiten  jarraitzea  ere  munta  handikoa  da  Euskadiko  hiriburuarentzat.   Horregatik,  etorkizuneko  hiriak  hainbat  ekitaldiren  aldeko  apustua  egiten  jarraitu  beharra  dauka:  triatloia,  Martín  Fiz  maratoia,  San  Silvestre  lasterketa,  Euskadi  Extrem  BTT,  Ultratrail  eta  abar.  Paper  garrantzitsua  jokatzen  dute  horretan  guztian  gizarte-etxeek,  Mendizorrotzeko  eta  Gamarrako  kirol-esparruek,  Buesa  Arenak,  Vital  fundazioaren  Estadioak,  Baskoniaren  Bakh-ak  eta  abarrek.  Zentzu  horretan,  erakundeen  arteko  lankidetzaren  aldeko  apustua  egin  du,  Deportivo  Alavés-ekin  batera  eraberritzeko  eta  handitzeko  Mendizorrotzeko  futbol-zelaia.  Arrakasta  lortzen  laguntzen  dute  eliteko  enbaxadoreek,  hala  nola  Martín  Fiz,  Maite  Zúñiga,  Almudena  Cid  edo  Juanito  Oiarzabalek,  dauden  ugarietako  bakar  batzuk  aipatzearren,  edo  kirol  medikuntzako  zerbitzuek,  nazioarteko  onespena  jasoa  duten  Eduardo  Anitua  edo  Mikel  Sánchezen  gisako  profesional  handien  eskutik.  Eremu  horretan,  aukera  berriak  sortzen  dira,  hala  nola  Euneiz  unibertsitatea,  Baskonia-Alavés  taldeak  bultzatua,  zeinek  Udalaren  eta  Aldundiaren  laguntza  baitu,  eta  kirolaren  zientziak  edo  fisioterapia  bultzatuko  baititu,  baita  bideojokoen  gradu  bat  ere,  e-game-n  munduari  aukera-sorta  zabala  eskaintzeko.

Hiriaren  hurrengo  urteetarako  bide-orriak  orobat  barne  hartzen  du  Euskal  Herriko  Unibertsitatearekin  lankidetzan  kirolera,  osasunera  eta  elikadurara  zuzendutako  zentro  teknologiko  bat  martxan  jartzea,  garai  bateko  kirol  medikuntzako  udal  zerbitzua  birmoldatuz.

Iturria: vitoria-gasteiz.org