Prentsa Aretoa
2018/02/28
Euskadiko erakunde guztiek Kontzertu Ekonomikoaren alde duten konpromisoa berretsi du Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kontzertuaren 140. urteurrenean
Mila lagun inguru bertaratu dira gaur Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Bilboko Arriaga Antzokian antolatutako ekitaldira
Argazkiak...
Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiko erakunde guztiek Kontzertu Ekonomikoaren alde duten konpromisoa berretsi du, Kontzertua adostu zenetik 140 urte igaro diren honetan. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek antolatutako ekitaldian, Lehendakariak Adierazpen Instituzionala egin du, eta bertan balioan jarri du Euskadik kontzertu-sistemari ematen dion "erabateko” babesa, hori baita “Estatuarekin elkarbizitzarako konpromiso politikoaren funtsezko ezaugarria”. Hori dela eta, ituna errespetatzeko eskatu du eta dei egin die Estatuko eragile instituzional, sozial eta ekonomiko guztiei “zentzuz eta erantzukizunez” joka dezaten, Kontzertuak eta Kupoak eskaintzen duten adostasuna eta egonkortasuna alderdien liskarren gainetik jartzeko.
Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, Bilboko Arriaga Antzokian bildu da Euskadiko erakundeen ordezkaritza zabala, baita enpresa-, hezkuntza- eta gizarte-alorreko eragileak ere. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Aldundien izenean, hiru ahaldun nagusiak bertaratu dira, Unai Rementeria, Ramiro González eta Markel Olano, hurrenez hurren. Bertan egon dira, baita ere, Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietako lehendakariak, Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak, baita Euskadiko hiru hiriburuetako alkateak ere. Ez dute hitzordua galdu nahi izan hainbat eragile historikok, eta ekitaldian parte hartu dute Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako diputatu nagusi ohiek eta 1981eko Negoziazio Batzordeko kideek, horien artean Pedro Luis Uriartek.
Guztira, mila lagun inguru bertaratu dira, eta horien artean zeuden herritar anonimoak ere, 700 lagun inguru, duela urtebete eratutako Comunidad del Concierto-Gurea Kontzertua herri-ekimenaren deialdiari erantzunez, Kontzertu Ekonomikoari babesa eta aintzatespena erakusteko asmoz bertaratuak. Lehendakariak bertaratzea eskertu nahi izan die, Kontzertuak euskal gizartean duen “babesaren adibide argia” delako. Ildo horretatik, herritarrei eskatu die itunaren inguruko ezagutza, hedapena eta defentsa areagotzeko egiten ari diren ahaleginera batzeko.
Lehendakariaren hitzartzearen aurretik, Porderecho propio. El Concierto Económico dokumentala eskaini da. Dokumentalak Kontzertuaren 140 urteen errepasoa egiten du eta fikzioa, historialariekin elkarrizketak eta protagonista zuzenen lehenengo pertsonako errelatuak biltzen ditu. Dokumentala bihar eskainiko da ETB-2n, gaueko 22:30ean.
KONTZERTUARI DAGOKIONEZ ZENTZUZ ETA ERANTZUKIZUNEZ JOKATZEA
Bere adierazpenean, Urkullu Lehendakariak baieztatu du Euskadiko Kontzertua “zentzuzko sistema, objektiboa, bidezkoa, eraginkorra eta solidarioa” dela, legearen babes osoa duela, eta bertan oinarritzen dela Euskadiren eta Estatuaren arteko aldebiko harremana. Bere hitzetan, harreman horrek indartzen du “hitz egin, negoziatu eta adosteko” beharra, Euskadiko erakundeak “hamarkadaz hamarkada” egiten aritu diren eta etorkizunean egingo duten moduan. Hala, Kontzertuak eta Kupoak Euskadin duTen errespetu bera jasotzea eskatu du Lehendakariak, eta Estatuko eragile instituzional, sozial eta ekonomikoei eskatu die “zentzuz eta erantzukizunez” jokatzea. Halaber, alderdi politikoei dei egin die, deskalifikazioak (horietako asko interesatuak) alboratzeko, eta Euskadirentzat zein Estatuarentzat akordio ona dela aintzat hartzeko.
“Kontzertua Euskadiren Autogobernuaren funtsezko muina da, gure erakundeek ez diote inoiz, eta inongo baldintzetan, uko egingo errealitate horri, eta berau euskal gizartearen zerbitzura babestu, eguneratu eta indartzeko konpromisoa dugu”, adierazi du, amaitzeko, Lehendakariak.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09