Prentsa Aretoa

2018/03/05

Toledoko Itunaren baitan akordio bat adostea eskatu du Aitor Estebanek “borroka partidistaren gainetik eginez”

Bozeramaileak Bilboko Herri Irratian egin dioten elkarrizketan deitoratu du Batzordeak hilabeteak daramatzala “bazterrak nahasten”, eta alderdiei eskatu die “arazoari aurre egitea eta jendeari argi eta garbi hitz egitea”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euzko Abertzaleak legebiltzar taldeko bozeramaileak, gaur baieztatu du Espainian pentsioen egoerak “aspalditik” aztertua eta ebatzia beharko lukeela, eta Toledoko Itunaren baitan akordio bat adostea eskatu du “irtenbide errealak eskainiz eta borroka partidistaren gainetik eginez”.

Herri Irratian egin dioten elkarrizketan, Esteban kritiko agertu da Espainiako gobernuak gai honen aurrean erakutsi duen jarrera eskasarekin eta esan du “arazoari aurre egin eta jendeari argi hitz egin” behar zaiola. Zentzu beretik deitoratu du Toledoko Itunaren Batzordeak hilabeteak daramatzala bazterraz nahasten baina ezer erabakigarririk egin gabe. “Inor ere ez ditu erabakiak hartu nahi ildo partidistak ezabatu eta borroka partidista horren gainetik benetako irtenbideak bilatu beharko liratekeen gai honetan. Ondorioa zein izango den? Erabakiak atzeratu egin dira, ziurgabetasun egoera batean gaude eta,bien bitartean, PPk bere gehiengo absolutuarekin egin zuen erreformak indarrean dirau”.

Areago, bozeramaile jeltzaleak aitortu du Sistemak erreformak behar dituela “gero eta langile gutxiago daudelako pentsioak ordaintzeko zama eramateko” eta “zenbaki errealistak” egin behar direla esan du. Hori dela eta, X. Legealdian onartu zen Iraunkortasun Faktorea arbuiatu ondoren, Estebanek “Sistemaren baitan” irtenbide bat ateratzea aldeztu du. Zentzu berean proposatu du pentsio txikienak igotzea eta “Diktadura garaitik indarrean dauden eta ordutik berrikusi ez diren hobariak“ ezabatzea. Edozein kasutan, muzin egin dio Cristobal Montoro Ministroak pentsiodunen zergak beheratzeko egin duen proposamenari. “Behar ez direnak nahastea da eta, gainera, hori konpentsatzeko, erakunde batzuk, Euskadikoak esaterako, ez dagokien kopurua ordaintzera derrigortuko luke”, kritikatu du. “Ez dago ondo arazoak gainetik kentzea eta irtenbide partzialak bilatzea. Arazoari aurre egin behar zaio, jendeari argi eta garbi hitz egin, gauzak nola dauden eta etorkizuneko egoera nolakoa izango den. Eta horretarako akordio bat beharrezkoa da Toledoko Itunaren baitan” azaldu du.

Aurrekontu Orokorrak

Kataluniako politikako azken gertakariez eta Estatuko Aurrekontuekin izan dezaketen zerikusiaz galdetuta, Aitor Estebanek azpimarratu du EAJ-PNVk ez duela gai hori jorratuko “oraingoa moduko salbuespen egoera batean eta Katalunian Hezkuntza moduko gaietan esku hartzeko borondatea erakutsi duen Gobernuarekin”. “lehenengo eta behin, egoera normalizatu beharra dago; bestela, ez dut uste negoziaketa horretan sartuko garenik” ,argitu du. Era berean azaldu du “zentzugabekeria” dela “Europako herrialde batean herritarrak,arrazoi horiengatik, espetxe prebentiboan izatea. Onartezina da”.

Amaitzeko, Estebanek esan du martxoa “konplikatu” agertzen dela Kataluniako egoerarekin, Gobernuak Aurrekontu orokorrak hile bukaeran aurkeztuko dituela esanez egin duen iragarpenarekin, PP eta Ciudadanos arteko harremanekin eta Gobernuko presidenteak pentsioei buruz iragarri duen Osoko Bilkurarekin.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU