Prentsa Aretoa

2018/10/25

Euskal erakundeek basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat jarri dute abian

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak «Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia» diseinatu dute. Hiru esparrutan jardungo dute, horrela: gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzen, gaitzari aurre egiteko neurriak zehazten, eta sektorea berreskuratzen Plan bizi bat izango da, eta, beraz, egoerak unean-unean izango duen garapenaren araberako beharretara egokitu ahal izango da. 2017ko urritik hona arlo honetan egin den lanaren emaitza da

rss Ezagutzera eman
Euskal erakundeek basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat jarri dute abian

ARGAZKIA JAITSI

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak euskal basogintzaren sektoreari emandako babesa berretsi dute gaur, manifestu instituzional bat sinatuz eta pinuen gaitzari aurre egiteko plan bat abiaraziz, «Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategiaren» barruan. Estrategiak hiru jardun esparru nagusi ditu: gaitzari eta horrek hiru lurraldeetako baso eremuetan eragiten dituen kalteei buruzko ezagutza sortzea; gaitzari aurre egiteko neurriak zehaztea, eta sektorea berreskuratzea. Aurkeztu berri den planak aldaketak izan ditzake gerora, egoeraren unean-uneko garapenera egokitzeko.

Plana bera euskal erakundeek azken urtean egin duten lanaren emaitza da. Zehazki, 2017ko urrian egin zuen egoeraren diagnostikoa basoen osasunerako aholkulari taldeak (sektorearen ordezkariek eta Administrazioak osatzen dute talde hori). Euskal basogintza politikaren ildo estrategikoak izan dituzte abiapuntu aurrerantzean garatu beharreko jarduerak zehazteko, eta aintzat hartu dituzte aholkulari taldearen diagnostikoa, sektoreak duen garrantzia eta gaitzak eragin berri duen kaltea ere. Hartu beharreko neurriak planteamendu honen inguruan ardazten dira: Basoaren kudeaketa jasangarria edo ekonomikoki errentagarria izango den basogintza jarduera bat garatzea, baso azalerari eustea edota basogintza sektore profesional gisa indartzea. 

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU