Prentsa Aretoa

2018/10/23

Zakatumbak eta Merkatuartek indarrak batuko dituzte, Domu Santuen egunaren bezperetan Zaramaga musika, arte eta jarduerez betetzeko

Zakatumba jaialdiak eta Gasteiz Onek sustatutako Merkatuarte ekimenak indarrak batuko dituzte aste honetatik azaroaren hasierara arte, Zaramaga kontzertuz, kultur eta arte jarduerez eta heriotzaren kulturari buruzko jaialdiaren proposamen bitxiez betetzeko, Domu Santuen egunaren bezperetan.

rss Ezagutzera eman
Zakatumbak eta Merkatuartek indarrak batuko dituzte, Domu Santuen egunaren bezperetan Zaramaga musika, arte eta jarduerez betetzeko

ARGAZKIA JAITSI

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, Zakatumba jaialdiaren zuzendari Ander Gondra Aguirrek, Gasteiz Onen zuzendaritza-batzordeko kide José González Baloirak eta Merkatuarte artista-kolektiboaren ordezkari María José Lojok aurkeztu dituzte gaur goizean Zaramaga auzoan urriaren 25etik (osteguna) azaroaren 4ra (igandea) antolatu diren jarduerak.

“Hainbat sektoretatik gure auzoak biziberritzeko eta nabarmentzeko egiten duten apustua oso positiboa da. Kasu honetan, aberasgarria da merkatariak, ostalariak, artistak, irudigileak, musikariak, aktoreak, historialariak, turismo-gidariak eta diziplina ugaritako adituak ados jarri izana eta hain proposamen indartsua egitea. Indarren pilaketak eragin biderkatzailea du, eta sailak oso baliozkotzat jotzen du”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Marrazki-potea, antzerkia eta bisita gidatuak hilerrira

Zakatumba jaialdiaren hirugarren edizioa ostegunean abiaraziko da, Heriotza eta errituala Araban argazki-erakusketa Dulantziko Micaela Portilla kultur etxean irekiz. Ostiralean, marrazki-potea egingo da Santa Isabel hilerrian, Ilustrapados taldeak antolaturik; girotzeko, Juanjo Monago aktore gasteiztarrak La muerte en familia. Cuentos de terror y misterio escritos por mujeres antzeztuko du.

Aurten Araba Mortis izeneko proposamena nabarmentzen da, heriotzarekin lotura duten Arabako lekuak ezagutzeko ibilbidea. Orobat, Santa Isabel hilerrirako bisita gidatuak (urriaren 28an eta azaroaren 4an) antolatu dira, eta “Caminando entre cadáveres” izenburua duen ibilbide iruzkinduna, esanahiz betetako hirigune historikoko txokoetatik (urriaren 28a, eta azaroaren 1ean eta 3a). Bestetik, El mono habitado konpainia gasteiztarrak mikro-antzerkiko sei emanaldi egingo ditu Santa Isabel hilerrian.

Beste jarduera hauek osatuko dute Europan bakarra den egitaraua: Imago Mortis ikastaroa, zineforoa, hitzaldiak Kultur Soleil aretoan, “Death kafea” Boga Boga tabernan, eta Arimen gaua Estibalizko santutegian; bisita gidatua egingo da kandelen argipean, eta Samaniego abesbatzak kontzertua emango du. “Urriko azken astean eta azaroko lehen astean, Gasteiz agertoki pribilegiatua bihurtuko da bizitza ospatzeko heriotzan pentsatzen dugun bitartean. Ekitaldia bakarra da Europan, eta hiriko kultur eragile eta aktore askotarikoek parte hartzea  lortu nahi du, adierazpide artistiko ezberdinen arteko elkarrizketa planteatuz”, nabarmendu du Zakatumba jaialdiaren zuzendari Ander Gondrak.

 Zaramagako merkatariak eta ostalariak, buru-belarri auzoaren alde

 Horren osagarri, Zaramagako Merkatari eta Ostalarien Elkarteko establezimenduek Merkatuarteren edizio berria egingo dute asteburu honetan eta datorren asteko zubian. Ekimenak artez eta musika emanaldiz beteko ditu auzoko kaleak eta aretoak, arlo ezberdinetako laurogei artista ingururen eskutik, auzoko merkataritza sustatu, tokiko kultura ikusarazi eta gasteiztarrei auzo tradizional eta herrikoienetako bat ezagutaraztearren.

Domu Santuen Eguna dela eta heriotza aitzakiatzat hartuta, laurogei artista inguruk beren lanak erakutsiko dituzte, eta kaleetan zein ostalaritzako aretoetan musika emanaldiak izango dira. “Horrela, saltokien eta kultura eta artearen arteko sinergiak sortu nahi dira, auzoa Gasteizko kulturaren eta abangoardia artistikoaren erakargunea bihurtzeko oinarriak ezartzeko asmoz”, azpimarratu du Gasteiz Onen zuzendaritza-batzordeko kide José González Baloirak.

Verónica Werckmeisterrek Herrera Mendatearen kalean duen lantegia izango da Merkatuarteren abiapuntua, ostegunean, 19:00etan. Han erakutsiko dira ekimenaren katalogoa osatuko duten lanetako batzuk; asteazkenean, hilak 31, Biotzarrak txarangak girotutako kalejira batean banatuko dira lan horiek Zaramagako kaleetako hogei merkataritza-establezimendutan baino gehiagotan. Ondoren, auzora hurbiltzen diren bezero eta bisitariek erakusleihoetan ikusi ahalko dituzte lanak. Amaitzeko, azaroaren 15ean beste kalejira bat egingo da lanak bildu eta edizioari amaiera emateko.

Bestetik, azaroaren 4ra arte hamar kontzertu eskainiko dira ostalaritzako aretoetan, besteak beste, Handicap eta Ali Ensemble taldeen eskutik. Horretaz gain, pintxo-pote ezaguna ere izango da jai giroarekin bat egiteko. Izan ere, Merkatuarte egiten den egunetan, Zaramagako taberna eta jatetxeek pintxo-potea eskainiko dute, 1,5 euroan.