Prentsa Aretoa

2018/07/04

Andre Maria Zuriaren jaietan, Gasteizek eraso matxisten aurreko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio baliabideak indartuko ditu

'Jailarai, berdintasunaz blai' lemarekin, emakumeen ahalduntzearen eta jarrera matxistekiko zero tolerantziaren aldeko jarrera positiboa eta parte-hartzailea proposatzen du Udalak.

rss Ezagutzera eman
Andre Maria Zuriaren jaietan, Gasteizek eraso matxisten aurreko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio baliabideak indartuko ditu

ARGAZKIA JAITSI

Berdintasuneko zinegotzi Jaione Aguirrek eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk aurkeztu dute gaur goizean Andre Maria Zuriaren jaietarako diseinatutako kanpaina; aurten indartu egin dira eraso matxisten aurreko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio baliabideak, eta herritar orok jarrera proaktiboa izan dezaten proposatzen da, jai espazioetan jokamolde matxistarik izan ez dadin

Gasteizko jaietan eta aisialdi espazioetan indarkeria matxista prebenitzeko programa hirian indarkeria matxista prebenitzeko programaren esparru orokorraren barruko tresna da. Izan ere, urte osoan garatzen diren prebentzio-ekintzak kontuan hartuz diseinatu da, eta HARA! Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planari (2018-2021) jarraituz, programa honen planteamenduen eta gainerako jardueren arteko koordinazioa eta koherentzia hobetzearren.  

Jailarai, berdintasunaz blai” lemarekin, emakumeen eta LGTBI pertsonen ahalduntzearen eta jarrera matxistekiko zero tolerantziaren aldeko jarrera positiboa eta parte-hartzailea proposatzen du Udalak.   

"Hainbat ekintza diseinatu ditugu, emakumeei bereziki, baina baita LGTBI biztanleriari ere, indarkeria matxista prebenitzeko eta horri aurre egiteko informazioa eta tresnak eskaintzearren. Gainera, herritarrak oro har eta gizonak bereziki sentsibilizatzeko materialak banatuko ditugu, jokamolde matxisten aurrean konplizitatea eta zero tolerantzia lantzearren. Orobat, funtsezkoa da herritarrei orientabideak ematea, eraso edo indarkeria matxistarik gertatuz gero nola jokatu behar duten jakin dezaten. Ez dugu lema edo ekintza sinboliko hutsa izaterik nahi. Gure hiriko jaietan parte hartzen duten pertsona guztiak aurrerapauso bat ematera gonbidatzen ditugu, konplizitatez eta aktiboki lagundu dezaten emakumeok eta LGTBI biztanleriak  jokamolde matxistarik gabeko jai espazioez gozatzerik izan dezagun. Guztiok inplikatu gaitezen jarrera matxistarik, txiste edo aipamen gutxiesgarririk, keinu LGTBIfobikorik ez onartzen, horiek ere indarkeria matxista baitira. Bihur ditzagun gure jai espazioak indarkeria matxistarik gabeko leku, modu positiboan bihurtu ere”, nabarmendu du Jaione Aguirrek.  

Horrekin lotuta hainbat ekimen landu ditu Udalak: indarkeria matxistari erantzuteko udal protokoloa birdefinitu da; Kultura Zerbitzuak berdintasun klausulak sartu ditu blusa eta neska taldeentzako diru-laguntzen deialdian; Udalak laguntza eman dio Blusen eta Nesken Batzordeari haiek 2017an landu zuten protokoloa berrikusi eta hobetzen, LGTBI pertsonen errealitatea ere kontuan hartzeko, eta indarkeria matxistaren alorrean arreta emateaz eta esku hartzeaz arduratzen diren sailak koordinatzeko barne lana egin du. Horretaz gain, Udalak ekintza zehatzak prestatu ditu herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.  

Hiria, morez margotua 

Besteak beste, Gasteiz osoak berdintasunaren eta jarrera matxistarik gabeko hiri baten defentsaren alde hartzen duen konpromisoa erakutsi nahi da, hiriko zenbait leku eta jai egitarauko une esanguratsuak kolore morez margotuz. Esate baterako, abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plazara Zeledoni harrera egitera hurbiltzen diren pertsonei kolore moreko jantzi edo objekturen bat eraman dezaten eskatu die Udalak. Bestelako materialak ere baliatuko dira egun horretan: balkoian bi pankarta jarriko dira, bata aurtengo jaietako berdintasun lema eta irudiarekin ("Jailarai, berdintasunaz blai!") eta bestea "Gasteiz, eraso matxistarik gabeko hiria" lemarekin, eta txupinazora doazenen artean elastikoak banatuko dira, baita baloi lilak ere.  

Jaiegunetan, Udalak morez argiztatuko ditu hiriko hainbat eraikin: udaletxeko fatxada, arkupeak, Floridako kioskoa, Zulueta jauregia, Sokaren Etxea, Andre Maria Zuriaren plaza, Antso Jakitunaren kaleko pergola, etab. 

Kontzertuetako agertokietan eta beste leku batzuetan ere jarriko dira indarkeria matxistarik gabeko hiria aldarrikatzeko pankartak eta totemak, iaz bezala. Hainbat lekutako pantailetan ere zabalduko da mezua: gizarte etxeak, autobus-geltokia, Antso Jakitunaren kalea eta Tuvisako autobusak. 

iturria: Gasteizko Udala