Prentsa Aretoa

2018/12/10

Gasteizek tokiko produktu onenen eta artisautzaren alde egin du Eguberrietako azoketan

Udalak sustatutako Eguberrietako artisautza azokan, berriz, 35 saltoki jarriko dira, bi leku berritan: Independentzia kalea eta Urrezko Zeledonen plaza.

rss Ezagutzera eman
Gasteizek tokiko produktu onenen eta artisautzaren alde egin du Eguberrietako azoketan

ARGAZKIA JAITSI

Gasteizek Eguberrietako azoken eskaintza hobetu du, merkataritza dinamizatzeko tresna garrantzitsua izaten jarrai dezaten. Gaur aurkeztu da  Europa erdialdeko kutsuko Eguberrietako azokaren bigarren edizioa, zeina abenduaren 13an inauguratuko baita, Azoka plazaren ondoan: tokiko produktuetan oinarritutako eskaintza enogastronomiko zabala izango da bertan, eta doako jarduera ugari. Hurrengo  egunean, abenduaren 14an (ostirala) irekiko da Udalak antolatutako Eguberrietako artisautza azoka, zeinak konfigurazio berria izango baitu: Foru plazan jartzen zen karparen ordez, 35 etxola jarriko dira, korridore klimatizatu batez lotuta eta Independentzia kalean eta Urrezko Zeledonen plazan banatuta. 

Azoka plazaren ondoko Eguberrietako azokan tokiko produktuen sorta handia aurkitu ahalko da, egun hauetako tipikoenetatik hasita (hestebeteak, gozokiak…) beste espezialitate batzuetara, hala nola lekaleak, eztia eta eguzkilore likorea. Produktu horietako asko probatzeko aukera ere izango da, edarien (Errioxako ardoa, txakolina eta garagardoa) zein Idiazabal jatorri-deitura duten gazten dastatze komentatuak antolatu baitira, baita gisatuen (txahalkia, baserriko oilaskoa eta euskal txerria) dastatzeak ere.  

Slow Food Arabaren eta UAGAren eskutik, berriz, dastamen-laborategi batean parte hartu ahalko da. Janari-ibilgailu batek osatuko du merkataritza eta gastronomia eskaintza. Gainera, Eguberrietako azokarekin lotutako Gastronomia Elkarteentzako II. Lehiaketara deitu da, hiru plater tipiko prestatu ditzaten:  babarrun pintoa, txerri solomoa eta hegaluzea.

Bestetik, zuzeneko sukaldaritza-lantegiak antolatu dira, garai honetako bileretarako zizka-mizkak prestatzen ikasteko, eta umeentzako lantegiak, Eguberrietako gailetak eta mazapan iruditxoak egiteko. Olentzerok gozokiak banatuko ditu, eta gutunak jasoko; girotzeko eta elkartasunezko beste jarduera batzuk ere izango dira, esate baterako, erroska solidarioaren dastatzea: Gizakien Lurra elkarteak eta Arabako Pastelgile eta Gozogileen Elkarteak eskainiko dute abenduaren 20an (osteguna), horretarako berariaz jarritako saltokian.   

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak hartu du parte azokaren bigarren edizioaren aurkezpenean. Azokak aisialdirako eskaintza erakargarria dakar, gastronomia, ardoen kultura (Arabako Errioxako ardoa, txakolina edo sagardoa), gourmet produktuak eta gure ekoizleen produktuak ardatz hartuta, txikienen sentsibilizazioa ahaztu gabe.

Eguberrietako artisautza azoka berria 

Azoka plazatik metro gutxitara jarriko da Gasteizko Udalak sustatutako artisautza azoka. Aurten, berritasun gisa, bi lekutan kokatutako da: Independentzia kalea eta Urrezko Zeledonen plaza. Artisautza azokaren konfigurazio berria irisgarriagoa eta erosoagoa izango da, saltzaileentzat zein publikoarentzat, eta inguruko oinezkoen ibilbideetan integratuta egongo da.  

3x2 metroko 35 saltoki jarriko dira, lerroan, korridore klimatizatu eta babestua dutelarik, segurtasuneko beira tenplatuzko 2x1 metroko kristalak dituzten moduluez osatua. 

"Artisauen azokaren egitura berriarekin, espazio erakargarriago eta modernoagoa lortuko dugu, artisau-produktuen eskaintza ezagutzeko gonbita egingo duena. Hartara, kokatuta dagoen kaleak dinamizatzeko ahalmen handiagoa izango du. Gainera, irisgarriagoa izango da, kalean bertan egongo baita, Foru plazan zeuden oztopoak kenduta. Eta erosotasun handiagoa ere lortuko dugu, bertaratzen direnentzat zein langileentzat”, azaldu du Nerea Melgosak.

Eguberrietako artisautza azokaren irekiera ofiziala abenduaren 14an (ostirala) izango da, 12:00etan, eta urtarrilaren 6ko 22:00etan itxiko da.

Ordutegia beste urte batzuetakoa izango da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, salbuespen hauekin:

 

  • Abenduaren 24an eta 31n, 21:00etan itxiko da.
  • Urtarrilaren 1ean ez da goizean irekiko.
  • Urtarrilaren 5ean ez da eguerdian itxiko.

 

Estatuko leku guztietatik etorritako artisauek askotariko produktuak ekarriko dituzte: zeramika, kosmetika naturala, moda osagarriak (kotoi organikoz, larru ekologikoz, tapizez, jackard-ez edo kortxoz egindakoak), musika tresnen irudiak, eskuz egindako osagarriak (berrerabilpena sustatuz), olibondo eta ezpel egurrez egindako eskulanak, lamina irudidunak, umeentzako jostailuak (zurezkoak eta feltrozkoak) eta abar. Azokak interes handia pizten du sektoreko profesionalen artean, eta horren erakusgarria da 51 eskabide jaso direla gehienez jar zitezkeen 35 saltokiak eskuratzeko.  

Azken edizioetan bezala, azokaren artisautza osagaia lehenetsi nahi izan da, eta horretarako, deialdiaren oinarrietan 5 puntu eman zaie eskulangintza enpresen erregistro ofizial batean sartuta daudela egiaztatzen dutenei, eskaintzen ziren 35 lizentzietako bat eskuratzeko aukera handiago izan zezaten, eta hala izan da.  

fuente-iturria: vitoria-gasteiz.org