Prentsa Aretoa

2018/12/20

Olarizuko gurutzeari egindako erasoaren gaitzespen irmo eta erabatekoa

Konpontzeko lana luzea, konplexua eta garestia izango da; hasteko, inguruan perimetro bat ezarri da, pertsonen segurtasuna babeste aldera.

rss Ezagutzera eman
Olarizuko gurutzeari egindako erasoaren gaitzespen irmo eta erabatekoa

ARGAZKIA JAITSI

Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek irmo eta erabat gaitzetsi du bart gauean Olarizuko gurutzeari egindako erasoa. Talde politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik, Gasteizko tradizioaren, kulturaren eta historiaren zati den elementu horren kontra egindako sabotajea arbuiatu dute.

“Olarizuko gurutzea ez da erlijio sinbolo hutsa, gure ondarearen, gure tradizioaren, gure kulturaren eta gure historiaren zatia baizik. Pentsaezina eta jasanezina da gutxiengo batek justizia bere esku hartu nahi izatea, eta zerk iraun behar duen eta zer suntsitu behar den erabakitzea. Ez dugu onartuko. Are onartezinagoa da pertsona horiek babes politikoa izatea Udal honetan, horrek iraganeko garaietara eramaten baikaitu, ez hiri honetara ez Euskadira itzultzea nahi ez dugun garaietara”, adierazi du Gorka Urtaranek.

“Sinbolo honek ez du inolako zerikusirik frankismoarekin”, gogorarazi du alkateak. “Herritarren arteko diru-bilketa bidez egin zen, eta Gasteizko ondarearen zatia da. Hiri plural eta askotariko batez mintzo bagara, non giza eskubideak eta adierazpen eskubidea errespetatzen baitira, ezin dira babestu gurutzeak jasan dituen indarkeriazko jarrerak eta ekintzak”, azpimarratu du.

Alkateak erakunde-adierazpena egiteko proposamena helarazi die udal talde politikoei, Udalaren gaitzespena azaltzeko. “Gaitsezpena aho batez eta azkar egin behar zen, baina ez da posible izan, zoritxarrez”, azaldu du alkateak. Azkenean, Alderdi Popularrak, Eusko Alderdi Jeltzaleak, Euskadiko Alderdi Sozialistak, Podemosek eta Irabazik sinatu dute adierazpena. Onetsitako testuak “irmotasunez gaitzesten du bart gauean Olarizuko Gurutzeari egindako erasoa, herritar ororen ondarea den horri kalte handiak ekarri baitizkio”.

Gertaeren berri izan bezain laster, udaltzainak, suhiltzaileak eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuko zein Hiriko Mantentze Lanen Ataleko langileak joan dira bertara, kalteak aztertzera; kalteak handiak dira. Lehenengo azterketaren arabera, konpontzeko lana luzea, konplexua eta garestia izango dela jo da. Hasteko, behin-behineko neurriak hartzea erabaki da, gurutzearen oinarrian hondatu den zatia sendotzeko, eta inguruan perimetro bat ezartzeko, pertsonen segurtasuna babeste aldera.

iturria: https://www.vitoria-gasteiz.org/we001/was/we001Action.do?idioma=eu&esIntranet=false&nuevaPag=&uid=u19e30542_167c4eb5452__7f05&aplicacion=wb021&id=&tabla=contenido