Prentsa Aretoa
2019/02/27
Gorka Urtaranek Gasteizen erakunde egonkortasuna, etorkizun ekonomikoaren bermea eta superhiri izaera nabarmendu ditu
Bizi-kalitatea bermatzea eta ongizatea hobetzea direla bere helburuak esan du alkateak Europa Forumean
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal izango dituzu bereizmen handian
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Europa Forumean hartu du parte gaur goizean, Bilbon; hark nabarmendu duenez, erakunde egonkortasuna, etorkizun ekonomikoaren bermea eta superhiri izaera dira gaur egungo Euskadiko hiriburuaren ezaugarri nagusiak. Urtarenek udal agintaldiaren laburpena egin du, eta bere helburua bizi-kalitatea hobetzea eta ongizatea alor guztietan hobetzea dela adierazi du. Urtaran aurkezteko hitzak esan ditu Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. EBBko buruak baieztatu duenez “Duela lau urte Urtaranek ausardia handiz onartu zuen apustu politiko arriskutsua, Vitoria-Gasteiz polarizazioan eta PPk eta Bilduk sinbolizatzen duten muturren arteko borrokan eror ez zedin. Lau urte konplikatuak izan dira Gorkarentzat eta bere lantaldearentzat, baina aldi honetan ikusi dugu Vitoria-Gasteizek aldarte bare eta sendoa duen alkatea duela, hitz egiteko eta akordioetara iristeko gaitasun handia duela. Duela bi urte egin zitzaion konfiantza moziotik, goitik beherako alkate bat irten zen, ikuspegi zabalarekin, Vitoria-Gasteizentzat amets sendo eta zabala duena eta hurrengo legealdian baino, handik aurrera dagoenean pentsatzen duena. EAJ-PNVrentzat harro egoteko moduko gauza da Urtaran Vitoria-Gasteizen aurkeztuko dugun alkategaia izatea”.
"Gasteiz bezalako hiri bat kudeatu eta gidatzea ardura handia bezain erakargarria da. Argi dut alkatearen zeregina entzutea dela, hiriaren oraina hobeto kudeatzeko eta etorkizuna sustatzeko". Hitz horiekin eman dio hasiera alor guztietako ia 300 entzuleren aurrean egin duen mintzaldiari. Agintaldian beretzat garrantzi berezia izan duten hiru ideia azaldu ditu alkateak.
Lehena, erronkei aurre egiteko behar den erakunde egonkortasuna. "Egonkortasun hori lortzeko, funtsezkoa da ingurune fidagarria, egonkorra eta konfiantza ematen duena bermatzea", azaldu du Gorka Urtaranek; aldi berean, Udalaren egunerokoa kudeatzean bizi izandako zailtasunak gogoratu ditu. Esate baterako, garbiketa eta hondakinen kudeaketaren zerbitzuan izandako greba mehatxuak, elkarrizketaren bidez gainditu zirenak, zorionez; aurreko gobernuak utzitako zorra eta zulo ekonomikoa, gaur egun bideratuta daudenak, eta aurrekontua blokeatzeko saiakerak, konfiantza-arazoa aurkeztuz gainditu zuena.
Horien aurrean, erakundeen arteko akordioek hainbat lorpen ekarri dituzte: hiriburutza kanona handitzea, mugikortasun iraunkorreko inbertsioak, trenbidea lurperatzea eta abiadura handiaren etorrera, Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzea, Koroatzearen auzoaren birgaitze integrala, auzoetako inbertsioak, hezkuntza eta osasun azpiegitura berriak, Forondaren gorakada, etab. "Hainbat instantziatan akordio horiek lortzeko, elkarrizketa, ulermen eta akordio giroa sortzea izan da nire lehentasuna. Konfiantza sortzea, estrategia eta proiektuak partekatzeko. Hiriak horren beharra zuen, eta beharra izaten jarraitzen du", erantsi du.
Alkateak plazaratutako bigarren ideia etorkizun ekonomikoa bermatzearen garrantzia da. "Argi dut —azpimarratu du— Gasteizen etorkizuna gure industriaren etorkizunaren mende egongo dela neurri handi batean. Izan ere, sektore horrek sortzen du gure hiriaren barne produktu gordinaren % 26tik gora. Etorkizuneko industria gaikuntza, ekintzailetza, teknologia, berrikuntza eta kanpoko merkatuetara zabaltzea da. Gure industriari lagundu behar diogu, eta 4.0 ereduranzko trantsizioa bideratu. Argi dut politikak eta ekonomiak eskutik helduta joan behar dutela, eta halaxe egiten ari gara".
Hirugarren ideia Gasteiz superhiria bihurtzea da; Europan tamaina ertaineko hiriak izendatzeko sortutako kontzeptua da hori. "Superhiriak dira tamaina horrekin bikaintasun, bizi-kalitate, zerbitzu eta aukera paregabeak dituztelako. Hiri ongi planifikatuak dira, iraunkorrak, sozialki kohesionatuak, ongi komunikatuak, eta zerbitzu publiko onak dituztenak. Eta geuk osagai guztiak ditugu hori izateko eta izaten jarraitzeko", azaldu du.
Helburu hori lortzen laguntzeko, 2025 Estrategia izeneko proiektua landu du udal gobernuak. Estrategia hori "Gasteizen indarguneetan oinarrituta dago, ideologien gainetik identifikatzen eta batzen gaituen horretan: gure kokapen estrategikoa, gure logistika eta industria potentziala, gure izaera berdea eta iraunkorra —nazioartean aitortua— eta gure bizi-kalitatea. Horrekin guztiarekin, herritarrengan harrotasuna pizten duten proiektuak garatzen jarraitzen dugu".
Urtaranek esan du Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren arteko adostasunean aurkitu duela gakoa. Hark deskribatu duenez, "Gasteiz hiri erakargarria bihurtzeko lankidetza espiritua, goi mailako ekitaldien bitartez distira egiten duen hiria, kanpoan superhiri gisa agerrarazten baikaituzte".
Laburbilduz, "agintaldi hau etorkizunaren aldeko akordioena" izan dela eman du aditzera, eta horren adibidetzat kanpoaldearekin konektatuta eta barnetik komunikatuta izan dadin lortutako akordioak aipatu ditu. "Forondako aireportua hegaldatzea lortu dugu. Abiadura handiko trena lurpetik iristea definitu dugu, eta geltoki berria onetsi. Hiriaren erdialdea biziberritzeko plana sustatu dugu. Tranbiaren luzapena abian jarri dugu. Autobus azkar elektrikoaren alorrean Europan aitzindari bihurtzekotan gara", azpimarratu du.
Bukatzeko, gehitu du: "hauxe da gure eredua. Eredu honetan, axola duena ez da tamaina, hiri baldintzak, zerbitzuak, bizi-kalitatea eta aukerak baizik. Ingurumenarekiko eta kulturarekiko konpromisoak, iraunkortasunak, industriaren apustuak eta etorkizun ekonomikoak axola dute".
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09