Prentsa Aretoa
2019/03/25
Gorka Urtaran eta Ramiro González-ek berriro hautatuak izanez gero, Musikaren pasealekuan 1.550 pertsonentzako 10.000 m2ko Auditorioa eraikitzeko konpromisoa hartu dute
Proiektuak kontzertuak, zenbait opera, kongresuen osoko bilkurak eta akziodunen batzar orokorrak hartuko lituzke
-
Ramiro Gonzalez 2019/03/25
-
Gorka Urtaran 2019/03/25
Vitoria-Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eta Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek, datorren legealdian Udala eta Foru Aldundia zuzentzen jarraituz gero Musikaren pasealekuan 1.550 pertsonentzako ia 10.000 m2ko Auditorioa eraikitzeko konpromisoa hartu dute. Proiektuak, beste hainbat ekitaldiren artean, kontzertuak, zenbait opera, kongresuen osoko bilkurak eta akziodunen batzar orokorrak hartuko lituzke.
Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez zenbait hilabetetik hona lantzen ari diren proposamenak bere garaian Euskaltzaindia plazarako diseinatu eta 2011n baztertu zen BAI Center-eko areto sinfonikoaren proiektua du oinarrian. "Proiektuaren zati hori berreskuratu nahi dugu, areto sinfonikoa. Gobernu sozialistaren proiektuaren zati bat berreskuratu nahi dugu Alderdi Popularraren gobernuak auditorioa egiteko proposatutako lursailean, guk sarbidea Senda pasealekutik emango badiogu ere. Diseinu hura ondo egokitzen da lursail horretara, ia modu berean" azaldu du alkateak.
Ahaldun nagusiak zera azpimarratu du: "Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua da kultur proiektu honen sustapenean egotea eta lehen mailako ekitaldiak baldintza onenetan hartzeko azpiegitura bat sustatzea. Auditorio honek gure hirian musika, arte eszenikoak eta kongresu handiak sustatzeko balio izango du".
EAJ-PNVk proposatutako esparruak, bere garaian Juan Navarro Baldeweg-ek diseinatu eta azkenean eraiki ez zen auditorioa proiektatu zen lekuan egingo litzatekeenak, besteak beste, honako ikuskizunak hartzeko ezaugarri teknikoak izango ditu: abesbatza izateko aukera duten kontzertu sinfonikoak, kamara kontzertuak, interprete bokal handien emankizunak, piano emankizunak, jazz, pop edo rock kontzertuak, dantza, kontzertu bertsioan egindako operak etab. Efizientzia akustiko handia bermatzen duten baldintzetan egingo lirateke, Nagata Acoustics, nazioartean ospe handia duen enpresaren ikuskapenarekin. Gainera, kongresu handien osoko bilkuretarako, aurkezpen handiak egiteko, akziodunen batzar orokorretarako eta formatu handiko proiekzioetarako gaitasuna izango du.
1.550 ikuslerentzako edukiera izango duen auditorioak (horietatik 31 mugikortasun murriztua duten pertsonentzat) eszenatokia erdian izatea aurreikusten da, plataforma mekanizatuen sistema baten bidez nahi denean altuera desberdinak izatea ahalbideratuko duena.
BAI Center proiektuaren arkitektoek, Mariano Bayón eta Pablo Bayón, duela gutxi alkateari ziurtatu diote proiektu hau, areto sinfonikoa baino ez duena, bideragarria dela eta kokapen berrira lekualda daitekeela. "Beraien berme teknikoa dugu eta hori oso garrantzitsua da" azpimarratu du Gorka Urtaranek.
Auditorioaz gain, bestelako eremu batzuk ere aurreikusi dira: harrera, jantzizaindegia, leihatilak, biltegiak, zamaketa lanetarako eremua, denda, kafetegia, jatetxea, gela teknikoak, itzulpen kabinak etab. 9.688 m2 izango ditu azalera erabilgarriak, eraikitako 11.431 m2 azaleran. Aurrekontua 24.608.000 eurokoa da, BEZ eta Segurtasun eta osasun plana kanpo utzita, eta altzariak eta ikus-entzunezko ekipamenduak kontuan hartuta.
Ramiro Gonzalezek proiektuaren onuretan azpimarra jarri nahi izan du. "Proiektu bikaina da. Proiekturik onena, kokapenik egokienean. Auditorio hau hartzeko lursail aproposa da. Urte luzez, hemendik igarotzen nintzen bakoitzean pentsatzen duen toki honetan Vitoria-Gasteizko auditorio handia falta zela. Gaur esan dezaket errealitate bat izango dela". Zera gaineratu du ahaldun nagusiak: "Oso garrantzitsua da hiriak ezaugarri hauek dituen azpiegitura bat izatea gasteiztarren gozamenerako ez ezik, Araba eta Euskadi osoko herritarren gozamenerako ere".
Azkenik, alkateak zera adierazi du: "Vitoria-Gasteiz bezalako super hiri batek espazio duin, moderno eta erakargarri bat behar du kultur arloko ekitaldiak ospatzeko. Auditorioaren proiektu hau hiriaren erdigunea eta trenaren lurperatzearen ondorioz libre geratutako eremua biziberritzeko aurreikusitako proiektuetako bat da".
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09