Prentsa Aretoa

2019/03/27

Aitor Estebanek baieztatu du Moncloan alderdi bat zein beste egonda ere EAJ ez dela aldatuko eta Euskadik aurrera egiteko “giltza” izango dela

Hautagai jeltzaleak gogora ekarri du berrikitan onartu dela AHT Bilbon lur azpitik sartzeko proiektua, eta esan du lorpen hori dela EAJ-PNVk Madrilen duen presentziaren garrantziaren adierazleetako bat

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Aitor Estebanek, apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan EAJ-PNVk Bizkaian aurkeztuko duen zerrendako buruak, gaur baieztatu duenez “EAJ-PNVren presentzia oso garrantzitsua izan da legealdi osoan eta hurrengoan ere izango da” eta garrantzi honen adierazle gisa “EAJk erabakiak hartzen dituenean Euskadi da bere erreferente bakarra eta euskal hiritargoaren onbeharrez hartzen ditu”, esan du Abiadura Handiko Trena Bilbora lur azpitik sartuko dela gogoan. Erabaki hori EAJ-PNVk erreklamatu zuen eta atzo bertan aurkeztu zuen Sustapen Ministerioak.

“PPren errezeloen gainetik ere, lortu genuen AHTa Bilbora sartzeko proiektuari berriz heltzea. Ondoren, Gobernu aldaketaren ostean, borroka publiko batzuk izan genituen PSOErekin eta Ábalos Ministroarekin, baina egoera bideratu ahal izan genuen eta lortu genuen PSOEk bere jarrera aldatzea. Zorionez, orain eman da ezagutzera AHT Bilbora sartzeko proiektuaren gaineko txostena. Argi geratu dena da Gobernu batekin zein bestearekin, Euskadiko azpiegiturek aurrera egin dezaten behar den elementu nagusia EAJ dela” laburbildu du bozeramaile jeltzaleak Cantalojas zubian bertan trenbideen gainean eta Abando geltokiaren aurrean egin den ekitaldian. Halaber, eta erabaki horrek sortzen dion poztasuna adierazita ere, Estebanek era berean gogoratu du PSOEk “konpromiso batzuk betetzeke dituela”. Zentzu berean eta Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbideari buruzko azterlanaz ohartarazi duenez “hori ere EAJrekin hitzartu zen” eta “pendiente” dago, eta Sustapen Ministerioak onartzeke dauka oraindik. “Beharrezkoa da onartzea proiektu honen lanak hasi ahal izateko. Hitza bete beharko dute hile honetan bertan”, adierazi du.

Halaber, Esteban konbentzituta esan du hauteskundeen proiekzioei begira “EAJ eraginkorra izango dela” hauteskundeetatik irtengo den Kongresuan ere. Horregatik, euskal hiritargo osoari dei berezia egin dio “EAJren botoak, beste behin ere, balio handia izango duelako Espainiako Parlamentuan”. “Legealdi konplikatuan, parlamentu atomizatuarekin eta batzuen ‘asmo zentralizatzaileen’ aurrean, Estebanek adierazi du “EAJ-PNVren presentzia gero eta beharrezkoagoa” dela Madrilen.

Ildo beretik, jeltzaleen buruak adierazi du EAJ-PNVk “lasaitasuna, elkarrizketa eta akordioetara iristeko gaitasuna” eskaintzen dituela, “hori delako aurrera egiteko bidea, gizarte zerbitzuak eta ekonomia hobetuko badira”, eta berretsi duenez “ez dugu hitzemango bete ezin izango dugun ezer”. Alderantziz, oso kritiko agertu da EH Bilduk Kongresuan egiten duen lanaz eta ERCrekin taldea osatzearen inguruan egin dituen adierazpenekin; eta planteamendu horren aurrean, Estebanek baieztatu du EAJ-PNVk “eskuak libre” izan nahi dituela erabakiak hartzerako orduan. “Euskadi eta euskal hiritarrak dira gure erreferente bakarrak, eta ez beste alderdi politikoen estrategiak edo beharrak, ezta beste talde parlamentarioenak edo beste lekuetakoak ere”.  

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU