Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2019/03/31

Ortuzarrek ohartarazpena egin die Espainiako alderdiei: “EAJ izango da akordioei ‘bai‘ ala ‘ez‘ esango diena, eta ez alderantziz”

EBBko presidenteak Estatuko politika sartu den “zentzugabekeria giroa” salatu du, alderdiak “norekin hitzartuko ez duten” esaten ahalegintzen direlarik inkesta guztiak itunen beharra nabarmentzen duten arren: “Gure botoa nahi duenak, Euskal Agenda, bai ala bai”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Madrilgo jaun-andreok ‘EAJrekin ez’ esaten duzuenok edo EAJren botoak seguru dituzuela uste duzuenok: EAJ izango da itunei ‘bai’ ala ‘ez’ esango diena, eta ez alderantziz: EAJren botoak nahi dituenak badaki zer irakurri eta onartu behar duen: Euskal Agenda. Euskal Agenda autogobernurako, Euskal Agenda inbertsio eta azpiegituretarako, Euskal Agenda gure Herriaren garapen sozial eta ekonomikorako. Euskal Agenda bai ala bai!”. Argi bezain sendo mintzatu da gaur Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea EAJ-PNVk gaur Amurrioko San Anton plazan, talde jeltzaleak Aiara eskualdean maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako proposatuko dituen hautagaitzak aurkezteko egin duen ekitaldian. Mitin berean hitz egin dute Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok; Amurrioko alkate andre eta berrautaketarako hautagai jeltzale Josune Irabienek; eta Arabako diputatu eta berrautaketarako hautagai Mikel Legardak.

Ortuzarrek aurreratu du apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorren ondorioz emango den egoera bat dela zein beste dela EAJ-PNVk izango duen jarrera. Espainiako alderdiek hauteskunde horiei ekin diete “zentzugabekerian” oinarrituta, talde jeltzaleko buruaren hitzetan. “Inkesten arabera, ez Sánchezek ezta ‘derechonako’ guztiek batera ere ez dute izango gobernatzeko behar den gehiengo nahikoa. Ondorioz, beharrezko gertatuko zaie batzuekin edo besteekin hitzartzea. Horien artean egongo gara gu. Baina norekin hitzartu nahi duten esan beharrean, denak esaten ari dira norekin hitzartu nahi ez duten. Sozialistek kataluniarrei esan diete ‘ezetz’; Ciudadanos-ek Sánchezi esan dio ‘ezetz’, baina Vox-ekin zer egingo ote lukeen esan gabe; PPk Ciudadanosekin hitzartzeari ‘ezetz’ esaten…. Eta hirurak aldi berean EAJrekin hitzartzeari ezetz esaten. Bikain! Baina ez ote dira konturatzen betoak baino, botoak behar dituztela? Horra hor espainiarren politikaren zentzugabekeria”, deitoratu du. Ortuzarrek azpimarratu du gai bakar batean jarri direla ados PP, Ciudadanos eta Vox azken egunotan: EAJrekin hitzartuko ez dutela esateko. “Ez dakizue zelango disgustua daukadan!”, esan du brometan. “Nik EAJrentzat aldarrikatzen dut askatasun osoz adosteko gaitasuna, hitzartzeko askatasun osoa”.

Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso izan da Amurrioko ekitaldia ireki duena, eta legealdi honetan Aiarako bost udaletara eta Arabako Batzar Nagusietara EAJ-PNVren ahotsa eraman duten emakume eta gizonei “beren konpromisoa eta inplikazioa” eskertuz egin du. “Ibilbide bat daukagu, esperientzia daukagu. Kalean gaude. Proiektuak ditugu. Garatu nahi ditugun ideiak ditugu eta egingarri egin dezaketen jendea daukagu: jenderik onena”, esan du Susok Amurrioko alkate andre Josune Irabieni hitza eman baino lehen. Amurrioko alkatea berrautaketara aurkezten da eta hitz egiteko izan duen tartean amaitzear dagoen udal legealdiaren balantzea egin du eta hurrengo lau urteotan Amurrioko udalerrian garatuko dituen proiektuak azaldu ditu banan-banan.

Mikel Legarda diputatuak, bere aldetik, apirilaren 28an Arabar hautesleriaren botoak daukan balio handia nabarmendu nahi izan du. “Ez da jokoan egongo Moncloan nor biziko den, baizik eta Arabaren eta Euskadiren defendatzailerik onena nor izango den gure autogobernuak eta gure foruek pairatuko dituzten erasoen kontra; gure garapen ekonomiko iraunkorraren eta gure ongizatearen defendatzailerik onena nor izango ote den; eta bizikidetzaren defendatzailerik onena nor izango ote den”, adierazi du. Diputatuen Kongresurako Arabako hautagaiak, berrautaketara aurkezten denak, era berean esan du EAJ-PNVk “bermea” eskaintzen duela “Arabaren eta Euskadiren ahots bakarra izango delako Madrilen. Gu ez gara sukurtsalak. Gure konpromiso bakarra hemen dago. EAJ Madrilen indartsua denean, bere botoak balioetsi ahal dituenean, Arabari eta Euskadiri ondo doakie”, esan du talde jeltzaleak Madrilen lortu dituenen zerrenda luzea gogoratu aurretik.