Prentsa Aretoa

2019/04/04

Ramiro Gonzálezek Miñanon desgaitasuna eta mendetasuna duten pertsonen autonomia hobetzeko ikertuko duen Berrikuntza Teknologikorako Zentroa irekitzearen aldeko apustua egin du

Berriro ere ahaldun nagusi izateko aurkeztuko den EAJ-PNV alderdiaren hautagaiak honako hau planteatu du: proiektuak esparru teknologikotik, unibertsitate-esparrutik eta hirugarren sektoreko esparrutik datozen eragileen lankidetza izatea

rss Ezagutzera eman
Ramiro Gonzálezek Miñanon desgaitasuna eta mendetasuna duten pertsonen autonomia hobetzeko ikertuko duen Berrikuntza Teknologikorako Zentroa irekitzearen aldeko apustua egin du

ARGAZKIA JAITSI

  • 20190404_ Ramiro González
    2019/04/04

    ARTXIBOA JAITSI

Arabak etorkizunera begira dituen erronketako bat urtetik urtera areagotuz doan pertsona ezinduen eta mendeko pertsonen kopurua da. EAJ-PNV taldeak datozen lau urteetarako proposaturiko neurrietako bat Mendetasunarentzako eta Desgaitasunarentzako Berrikuntza Teknologikorako Zentroa sortzea da. Zentro horren helburua aipaturiko pertsona taldeak planteatzen dituen beharrizanei erantzun apropos bat emango dioten produktu eta zerbitzu berri eta espezifikoen inguruko ikerketa, berrikuntza eta esperimentazioa izango da.

Horrela iragarri du Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak. Era berean, zentro berri hori Miñanon dagoen Arabako Parke Teknologikoan kokatzeko asmoa adierazi du. “Desgaitasuna eta mendetasuna duten pertsonen autonomia, bizi-kalitatea eta arreta hobetzea bilatzen duten produktu eta zerbitzu berritzaileak izan nahi ditugu. Teknologia eta ezagutza pertsonenganako arretarekin bateratuko ditugu”, adierazi du EAJ-PNVko hautagaiak.

Jakinarazi duenaren arabera, zentro horrek hainbat arlorekin loturiko proiektuak landuko ditu:  etxebizitzetako egokitzapenekin loturikoak; aplikazio domotikoekin; mugikortasun, irisgarritasun, garbitasun eta komunikaziorako laguntza-produktuekin; informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaini dezaketen laguntza mota ororekin eta aplikazio mugikor eta informatikoekin loturikoak.

Beharrizan handiena duten pertsonentzako ikertu eta berritzea, laguntzaren kalitatea hobetzeko berritzea; hori izango da gidatuko gaituen erronka”, baieztatu du.

Desgaitasuna eta mendetasuna duten pertsona gehiago

EAJ-PNVren proiektuaren aurkezpenean zehar, Ramiro Gonzálezek gogorarazi du gure lurraldean 20.000 pertsonek dutela desgaitasuna. Beste 11.000 pertsonek mendetasun-mailaren bat dute aitortuta eta, hortik, erdiak baino gehiagok, gainera, desgaitasun-mailaren bat dute. “Kopuru horiek ikusita ondorioztatu daiteke geroz eta pertsona gehiagok eskatzen dituztela beren bizi-kalitatea eta autonomia hobetzen laguntzen dieten baliabideak. Erronka handi bat daukagu aurretik eta lan egin behar dugu pertsona horiei orain eta etorkizunean ere irtenbideak eskaintzeko”, adierazi du ahaldun nagusiak.

Azken urteotan, Arabako Foru Aldundiak inoiz baino baliabide eta prestazio gehiago eskaintzen dituela eta inoiz baino pertsona gehiago artatu dituela gogorarazi du. Bestalde, ZainduzAraba datorren uztailean martxan jarriko den programa bat azkentzen ari da, mendetasuna duten pertsonen zaintzaile ez profesionalei laguntza eta atsedena eskainiko dien programa bat.

Zentro bateratzailea

Baina hobetzen jarraitu behar dugu”, gaineratu du EAJ-PNVko hautagaiak. Hautagai horren helburua, hain zuzen ere, honako hau da: Mendekotasunarentzako eta Desgaitasunarentzako Berrikuntza Teknologikorako Zentro berrian, dagoeneko Araban gizarte zerbitzuen berrikuntzan lan egiten duten eragileen lankidetza lortzea da.

Elementu integratzaile bat falta zaigu, ahalegin guztiak bateratuko dituena”, azaldu du; erreferentzia eginez egoitza Arabako Parke Teknologikoan izango duen zentro berriaren izaerari.

Martxan jartzeko, Arabako Foru Aldundiak gizarte-osasunaren esparruan esperientzia zabala izango duten bere zenbait eragileren lankidetza izango du, “sinergiak maximizatzeko”, azaldu du.

Berrikuntza Teknologikorako Zentroa baliagarria izango da elementu eragile gisa eta koordinaziorako gune gisa. Bertan, harremanetan jarriko dira Araban mendetasunaren eta desgaitasunaren esparruan dagoeneko garatzen ari diren berrikuntzarako ekimen guztiak. Gune horretan, bestalde, errealitate eta beharrizan berriak antzemango ditugu, eta horien inguruan lan egingo dugu. Elkarlana, arlo horren inguruko ezagutza handitzea eta gure pertsonen autonomia hobetuko duten produktu, zerbitzu eta proiektu berriak sortzea sustatuko dugu”.

Lankidetza eragile teknologikoekin eta unibertsitateko eta hirugarren sektoreko eragileekin

Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi du lau izango direla etorkizuneko Mendekotasunarentzako eta Desgaitasunarentzako Berrikuntza Teknologikorako Zentroan parte hartuko duten aktoreak: Arabako Foru Aldundia, eragile teknologiko bat, unibertsitate-esparrua eta hirugarren sektorea.

Aliantza honen erdigunean mendetasuna eta desgaitasuna duten Arabako herritarrak egongo dira; pertsona horiek ezinbestekoak izango dira talde horri gure lurraldean ematen zaion arretan Berrikuntzarako Zentroa funtsezko elementu bilakatzeko”, adierazi du.

Zentroaren balioak eta helburuak

Ramiro Gonzálezek zentroaren balioak gizarte-berrikuntza, lankidetza, ikerketa, komunikazioa, ezagutza eta pertsonak kontzeptuekin laburbildu ditu. Era berean, proiektuaren hiru helburu nagusiak zerrendatu ditu:

-Gizarte-teknologiaren garapena; mendetasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.

-Eragile desberdinen baterako lana, aipaturiko pertsonen autonomia eta komunikazioa eta horiek inguruarekin eta gizartearekin duten lotura, zaintza pertsonalak eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzen dituzten tresnen garapenean.

-Mendetasunari erantzuna emateko eredu integral bat sustatzea; pertsona helburu nagusitzat hartuta.