Prentsa Aretoa
2019/05/17
EAJ-PNVk Berrikuntza eta Enplegurako Zentro bat sortzea proposatu du, bertan erakundeak, enpresak, unibertsitatea eta LHko zentroak elkarlanean aritu daitezen
Gorka Urtaranek Vitoria-Gasteizko enpresak modu argian babesten dituen gobernuaren beharra azpimarratu du. Ramiro Gonzalezek EAJren eta EHBilduren ereduak kontrajarri ditu. EAJk 4.0 industriaren berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustua egiten duen bitartean, EH Bilduk hau guztia arriskuan jartzen du
20190517_Ramiro González. Programa EFFICIENCY
MINTZALDIA - 2019/05/17
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Hiru ildo nagusitan ardaztu dituzte gaur goizean Gorka Urtaranek eta Ramiro Gonzalezek euren kanpaina-proposamenak: etorkizuneko enpleguen sorrera, eragile sozioekonomiko guztiekiko elkarlana erronka horri aurre egiteko eta talentua gorde eta erakartzearen aldeko apustua. Horren harira, Vitoria-Gasteizko alkatea eta Arabako diputatu nagusia berriro izateko EAJ-PNVk aurkeztu dituen hautagaiek proposatu dute trenbidea lurperatzeak libre utziko duen espazioa aprobetxatzea Basque Center of Innovation (BCI) eratzeko. Berrikuntza eta enplegura zuzenduta egongo den zentro hori unibertsitateko campusean bertan kokatuko da eta aukera emango du sinergiak sortzeko unibertsitatearekin, lanbide-heziketako zentroekin, ikerkuntza-espazioekin eta enpresekin beraiekin.
Berrikuntza eta Enplegurako Zentrorako aurreikusi den kokapenetik bertatik, Urtaranek nabarmendu du espazio horrek izango duen zeregin garrantzitsua konponbide berritzaileen garapenean, bai alderdi teknologikotik bai sozialetik, zeren eta prestakuntza eta kualifikazio-arloetan, norberaren zein besteren konturako enpleguaren sustapenean eta hiriko sektore ekonomikoen sosteguan arituko baita lanean. “Nazioarteko erreferente bilakatzeko asmoa duen zentro bat proposatzen dugu. Vitoria-Gasteizek badauka abangoardiako kokaleku hori garapen iraunkorraren arloan. Orain, Basque Center of Innovation-ek aukera ematea nahi dugu hiri-berrikuntza iraunkorraren arloan ere lider izan gaitezen”, zehaztu du alkatetzarako hautagai jeltzaleak.
Horretarako, BCIk hub kolaboratibo baten egiturapean funtzionatuko du eta bertan elkarlanean arituko dira enpresak, lanbide-heziketako zentroak eta ikerkuntza-zentroak. “Ahaleginak batzeari esker lortzen ari dira konponbiderik onenak etorkizuneko lanbideak diseinatzeko orduan. Lau urte hauetan gai izan gara hezkuntza- eta enpresa-arloetako eragileekin batera lan egiteko, gradu dual berriak, titulu akademiko berriak edo, bideojokoen alorrean, nazioarteko campus bat ezartzeko helburuz. Bide horrexetatik jarraitu nahi dugu, gure etorkizun ekonomikoaren zati handi bat berrikuntzaren alorrean erabakitzen dela oso jakitun izanda”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.
Prestakuntzarekin batera, ekintzailetzarako formula berrien sustapena izango da BCIren beste lan-esparruetako bat. Horretan ere sektoreko erakunde nagusiekiko (enpresari gazteak, nagusiak, eta abar) elkarlana balio handikoa izango da konponbide berritzaileak aurkitzeko.
Hori guztia bestelako sektore ekonomikoak ahaztu gabe. “Hiri-berrikuntza iraunkorra arlo ugariri dago begira, ingurumen-inpaktua murrizteko konpromisoa duen industria bati begira, gure landa-eremuan ekonomia zirkularreko ereduak garatzen dituzten ekoizpenei begira, hiria definitzen duen eta bezeroak artatzeko bere burua etengabe birdefinitzen duen zerbitzu-sektore bati begira. Eta, halaber, kontsumo-ohiturak aldatzen ari diren ekonomia sozial eta solidarioko eredu berriei begira dago. Hori guztia izango du langai Berrikuntza eta Enplegurako Zentroak”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.
BCIren kokapen estrategikoa da proiektu honen beste alderdi aipagarrietako bat. Unibertsitateko campusean bertan dago kokatuta, Vitoria-Gasteizen abiadura handia lurperatzean sortuko den Zabalgana Salburua ekobulebarraren lehenengo lerroan. “Ekobulebarrak aukera ematen digu unibertsitatearen eta erdialdearen arteko loturak estutzeko, oso kontuan izanda erdialdean ekonomia- eta gizarte-alorretako erakunde ugarik egiten dutela lan. Ekobulebarra aukera, aurrerabide eta modernizaziorako espazio bilakatzen da eta bertan dauka BCIk izateko arrazoia”, azpimarratu du Urtaranek.
Azken batean, gaur Vitoria-Gasteizen bi eredu daude, EH Bildurena eta EAJrena. Enpresetatik bizimodua ateratzen duen hiri bat gara. Gasteizko familiek gure industriatik ateratzen dute bizimodua eta sustatu egin behar da industria. Azken 4 urteotan Bilduren proposamen bakarra egon da Gasteizko enpresentzat...zergak igotzea" azpimarratu du Gorka Urtaranek.
Efficiency programa enpresa berriak erakartzeko
Bestalde, Ramiro Gonzalez diputatu nagusi eta berrautaketarako hautagaiak Efficiency programa aurkeztu du, zeinak Arabara enpresa berriak eta talentua erakartzea baitu helburu. “Aberastasuna sortzeko motor bat izango da, biziberritze industriala sustatzeko eta gure helburu anbiziotsuena bultzatzeko baliagarri izango dena: enplegu betea lortzea”, azaldu du EAJ-PNVren hautagaiak.
Arabako Foru Aldunditik Ramiro Gonzalezek defendatu nahi duen programa berriak berrikuntzan eta dibertsifikazioan oinarritutako hainbat ekintza batuko ditu eta enpresa berriak erakartzeaz ez ezik, Araban kokatuta dauden enpresak garatzeaz ere arduratuko da. Ekintza zehatzen bitartez beteko du asmo hori, besteak beste: banda zabala Arabako industrialde guztietan jartzea; logistika-sektorea bultzatzea; eta enpresa eragile handien hornitzaileak izango diren poloak-parkeak sortzea.
Era berean, Efficiency programak lurzoru eta ekipamendu industrialen arloko eskaintza lehiakor bat aurkeztu nahi du eta, halaber, laguntza berriak bultzatu nahi ditu berrikuntza, dibertsifikazioa eta jarduera berrien garapena sustatzeko helburuz. Horrez gain, bertoko zerga-sistema erabiltzeko asmoa dauka Araba erakargarriago bilakatzeko.
“Araba aukera handi ugariko lurralde bat da. Eta datozen urteotan bere potentzialtasunak erakutsi nahi ditugu”, hitzeman du Ramiro Gonzalezek, zeinak gogora ekarri baitu EAJ-PNVk “Araban sinesten duela industria-lurralde lider gisa”. “Erabat sinetsita gaude Arabak Europan abagoardiako postuak merezi dituela bere potentzial ekonomikoari esker. Ziur gaude Arabak talentua daukala baita berrikuntzak egin eta dibertsifikatzeko gaitasuna ere. Enplegua eta aberastasuna sortzeko. "Arabaren etorkizunak bi proiektu ditu aurrean: EH Bildurena eta EAJk ordezkatzen duena. Ezaguna duzue gure eredua, Euskadiren apustua da 4.0 industriaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen alde. Arabako ekonomiaren euskarriak dira. Ezin dugu arriskuan jarri", amaitu du Gonzalezek.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09