Prentsa Aretoa
2019/05/22
Urkulluk bere egin du Urtaranek eta Gonzalezek Sendako ibilbidean Auditoriumaren proiektua gauzatzeko hitzeman duten konpromisoa
Lehendakariak, Vitoria-Gasteizko Alkateak eta Arabako Foru Ahaldun Nagusiak hiritarrak deitu dituzte maiatzaren 26ko hauteskundeetan parte hartzera, Gasteiz eta Arabari “bai” esanez, hirian eta Herrialde osoan giltzarri diren proiektu eta azpiegiturei “bai” esanez
20190522_Ramiro Gonzalez. Auditorio. Vitoria-Gasteiz
MINTZALDIA - 2019/05/22
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak gaur goizean berretsi dute Vitoria-Gasteizekin duten konpromisoa. Eta, hain zuzen ere, Euskadiko hiriburuan datozen urteetan gauzatu nahi dituzten proiektu estrategikoetako baten aurkezpenean egin dute. EAJ-PNVko arduradunek hitzeman dute Musika Ibilbidean ia 10.000 metro koadroko Auditoriuma egingo dutela 1.550 lagunentzako tokia izango duena. Eraikin berria izango da,besteak beste, kontzertu, zenbait opera, biltzar handien osoko bilkura eta akziodunen batzar nagusietarako egoitza. Azken hilabete hauetan Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez landu duten proposamenaren oinarria da garai batean diseinatu eta 2011n bertan behera utzia izan zen BAI Center-a hartzeko proiektatu zen areto sinfonikoa, hasiera batean Euskaltzaindia plazan egiteko pentsatu zena.
Lehendakariak erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du hiriak aurrera egitea lortzeko funtsezko elementu gisa."Gaur asmo onez egin den proiektu bat aurkezten dugu. Vitoria-Gasteizko Auditorium Berria aurkezten dugu. Halako proiektuak soilik egin daitezke elkarlanean eta akordioan oinarrituta”. Urkulluk amaitu du datorren igandean parte hartzea eskatzeko deia eginez, EAJ-PNVren aldeko botoa eskatuz, Vitoria-Gasteizi eta Arabari BAI esateko botoa. "Bai Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate izateari, BAI Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusi izateari, igandean BAI Eusko Alderdi Jeltzaleari”.
Gorka Urtaran alkateak, bestalde, ondorengoa adierazi du: “Vitoria-Gasteiz bezalako superhiri batek espazio duin, moderno eta erakargarri bat behar du kultur jarduerak egiteko, eta Auditoriuma eraikitzeko proiektu hau da erdialdea eta lurperatze-lanek libre utziko duten eremua suspertzeko aurreikusi diren proiektuetako bat”. "Gasteizek anbizioz begiratu behar dio etorkizunari, honelako azpiegiturak garatzearen alde apustu eginez. Igandean, Vitoria-Gasteizek aukeratu behar du EAJ-PNVk ordezkatzen duen etorkizun-ereduaren, hau da, hirirako proiektuak eta azpiegiturak dakartzan ereduaren eta EH Bilduren paralisi, konfrontazio eta ezezkoaren ereduaren artean”.
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak erantsi du EAJ-PNVren asmoa dela Senda ibilbidean “punta-puntako ekitaldiak baldintza onenetan hartu eta musika eta arte eszenikoak sustatzeko moduko” espazio bat eraikitzea. Era berean Gonzalezek azaldu du Auditoriumak lurralde osoari eskainiko dizkiola zerbitzuak eta kultur jarduerak. “Vitoria-Gasteizera Araba osoko herritarra etorri ohi dira euren aisialdiaz gozatzera. Horregatik, funtsezkoa da horrelako ezaugarriak dituen instalazio bat edukitzea, gasteiztarrentzat ez ezik, Arabako eta Euskadi osoko herritarrentzat ere”.
Diputatu Nagusiaren hitzetan EAJ-PNVren aburuz “Auditoriumak aurrera egitea dakar. Eta ez dugu onartuko EH Bilduk aurrera egite hau eragozterik. Ez dugu onartuko Araba bertan behera geratzerik”, ohartarazi du. “EH Bilduk ez du Abiadura Handia nahi, ez du errepide berririk nahi, ez ditu sail ureztatuak nahi, ez du Auditoriuma nahi. EH Bilduk Araba geldiarazi nahi du, atzera egin nahi du. Ez diegu utzi behar”, baieztatu du.
EAJ-PNVk Juan Navarro Baldeweg arkitektoak diseinatu zuen proiektua berreskuratu du, azkenean bertan behera utzia izan zena. Eraikin honen ezaugarri teknikoek aukera emango dute musika ikuskizunak hartzeko,besteak beste kontzertu sinfonikoak eta abesbatzak, kamara kontzertuak, abeslari handien emanaldiak, piano-errezitaldiak, jazz kontzertuak, kantautoreak, pop edo rock kontzertuak, dantza eta opera kontzertuak, eta beste hainbat. Hori dena egin ahal izango da efizientzia akustikoa bermatzen duten baldintzekin, Nagata Acoustics nazioarte mailan oso entzutetsua den enpresaren gainbegiradapean. Halaber, kongresu handien bilkurak eta aurkezpen handiak hartu ahal izango ditu, akziodunen batzar nagusiez, formatu handiko proiekzioez eta era guztietako erakunde eta elkarteen topaketez gain. “Gobernu sozialistaren proiektuaren zati bat berreskuratu dugu eta PPk Auditoriuma egiteko proposatu zuen orubean egingo dugu, Sendako Ibilbidetik ere sarrera egingo dugun arren. Hasierako diseinu hura orube honetan ondo baino hobeto sartzen da”, azaldu du Urtaran Alkateak.
Auditoriumak 1.550 ikus-entzule hartzeko tokia izango du (31 izango dira mugikortasun murriztua duten lagunentzat), antzeztokia erdian izango du eta inguruan plataforma mekaniko batzuk izango ditu behar denean maila ezberdinak egon daitezen. Mariano eta Pablo Bayón anaiek,BAI Centerren proiektuaren egileek, Alkateari jakinarazi zioten proiektuaren parte bat, areto sinfonikoa, kokapen berrira eraman daitekeela. “Beren berme teknikoa daukagu eta hori oso garrantzitsua da”, nabarmendu du Gorka Urtaranek. Halaber, Auditoriumaz gain, beste hainbat espazio hartzen dira barne: atondoa eta zerbitzu-guneak, harrera-lekua, jantzizaindegia, txarteldegia, biltegiak, zamalanerako gunea, denda, kafetegia-jatetxea, areto teknikoak, itzulpen-kabinak, eta abar. Hori guztia 9.688 metro koadroko azalera erabilgarri itxian eta 11.431 metro koadroko azalera eraiki batean. 24.608.000 euroko aurrekontua aurreikusi da, altzariak eta ikus-entzunezko ekipamendua barne, baina BEZ eta eraikuntza-obretako Segurtasun eta Osasun Plana sartu gabe.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09