Prentsa Aretoa

2019/12/17

`Miñano auziaren´epaia. Ortuzarrek barkamena eskatu du eta gogora ekarri du EAJ-PNVk “arin eta eraginkortasun osoz” erantzun zuela gertakariak ezagutu bezain laster

EBBko buruak jeltzaleen konpromisoa berretsi du “etikoki gaitzesgarria den edozein praktikaren kontra”, eta nabarmendu du gaur ezagutzera eman den epaia ez dela “EAJren kontrako ebazpena”, argi eta garbi egiaztatu baita “EAJrekin inolako zerikusirik ez duten jarrerak eta ekintzak” azaltzen dituelako

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Andoni Ortuzar, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, hedabideen aurrean agertu da gaur goizean Arabako Probintzia Auzitegiak, `Miñano auzia´ izenez ezagutzen den auziaren epaia ezagutzera eman eta ordu bete geroago. Ondorengoa da Ortuzarrek Sabin Etxean eginiko agerraldian irakurri duen adierazpena, kazetariek egin dizkioten galderak erantzun aurretik.

'Miñano auzia'izenekoaren epaia ezagutu dugu gaur. Esan beharrik ez dago auto judiziala onartzen dugula. Halaber, argi izan behar da oraindik behin behinekoa dela, errekurtsoak aurkeztu ahal direlako. Aldi berean, beti egin dugun moduan, gaur eta hemen aldarrikatu nahi dugu etikoki gaitzesgarria den edozein praktika, herritarren zerbitzura lan egiteko helburuaren kontrakoa dena, Euzko Alderdi Jeltzalearen praktika eta asmoetatik kanpo dagoela.

Aukera berdintasuna kaltetuko duen edozein ustelkeria gaitzesten dugu eta gaitzetsiko dugu, berdin pertsonen edo entitateen aberaste okerra bilatzen bada edo lasterbide okerrak eta bidegabeak bilatzen baditu. Ustelkeria beti da ustelkeria, berdin dio milioika euro badira zein kopuru txikiak badira. Eta, are kondenagarriagoa da, gizartearen ondasunen kontra egiten bada, herritarren dirua eskuratzeko egiten bada.

Egoera honetan, arreta desbideratzeko saiakera egin genezake. Halako auzi bat epaitzeko behar izan den denbora luzeaz hitz egin genezake. Hamar urte izan dira, hamar, eta aldi honetan guztian etengabeko salaketa egon da gai honen inguruan. Era berean, gogora ekar genezake denbora honetan guztian izan den intentzionalitate politikoa, EAJ ustelkeria-sare batean inplikatzen saiatuz, inoiz ez denean, eta berriro diot, inoiz ez, EAJ eta haren finantziazioa ikerketan inplikatu. Akusazioak, instrukzioa, prozesu paraleloa deslegitimatzen saia gintezke. Gertatutakoari garrantzia kentzen saia gintezke, baina ez dugu egingo.

Erabat gaitzesten ditugu auzi honetan epaitu eta kondenatu diren ekintzak. Gure gaitzespena erabatekoa da. Erabatekoa da gaur eta erabatekoa izan zen atzo eta ikerketaren berri izan genuen momentuan ere. Epaiak azaltzen dituen jarrerek eta ekintzek ez daukate zerikusirik EAJ-PNVrekin. Guztiz alderantziz, EAJ beti egon da eta egongo da halako jardueren eta jarreren kontra.

Bigarrena: esparru politikoa, zoritxarrez, ez dago gaur ezagutu den epaian azaldu diren ekintza okerretatik libre. Gizakiak halakoak egiten ditu batzuetan, zoritxarrez. Dena dela, EAJ-PNVk praktikatzen duen lan politikoa euskal gizarte osoaren bizimodua eta ongizatea hobetzera bideratuta dago. Denon ongia hobetzera. Baina, hala ere, barkamenak eskatu nahi dizkiogu euskal gizarte osoari, gure erakundearen baitan ere, epaiaren arabera, horren modu okerrean jardun duten batzuk egon direlako.

Alderdi honen alde esan behar dut atxiloketak eta gaur kondenatuak izan diren pertsonak auziperatuak izan zirenean arintasun osoz eta zalantzarik gabe erabaki genuelako erantzukizun publikoetatik eta barne arduretatik ateratzea. Eta ez hori bakarrik. Gure barne araudi eta estatutuak aldarazi genituen. Horri esker, Euzkadi Buru Batzarrak gaur alderdikidetza kautelaz eten ahal die ustelkeria kasuengatik ikertuak diren alderdikideei eta, zigortzeko epai irmoa ematen denean ere, Alderditik kanporatzeko espedientea ireki dezake dagokion barne epaitegiaren aurrean.

Era berean, argi baino argiago utzi nahi dugu gaur ezagutu dugun epaia ez dela, inola ere, EAJ-PNVren kontrako epaia, hainbatek behin eta berriz esan arren eta gaur ebatzi den prozedura judizialarekin nahastu gaituzten arren. Gezur bat mila bider errepikatu arren, gezurra da eta ez da sekula egia izango.

Epaiak dio epaitu eta epaitzen diren egintzak jarrera eta gertaera partikularrekin lotuta daudela, erabat pertsonalak direla. Ez dugu zalantzarik: aitortu behar dugu orain kondenatuta dauden pertsona horiek zerikusia izan dutela alderdi honekin. Ez dugu errealitatea ezkutatuko, ezta kamuflatzen saiatuko ere. Epaitutako eta kondenatutako gertaerei ere ez diegu garrantzirik kenduko. Auzitegi batek eman dien garrantzia dute. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eta, gainera, epaiak errekurtsoak onartzen ditu oraindik.

Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, ehunka emakume eta gizonen zintzotasuna eta zuzentasuna aldarrikatu nahi dugu, beren denbora eta beren familia, ondarea, ongizatea eta zerbitzu publikoan aurrera egiteko gaitasuna eman duten herri karguena eta barne karguena. Guztientzat onena bilatzen duen jendea da, "Denak berdinak" direla diotenen kritika errazak bidegabeki astintzen duena. Ez. Ez da egia. Herri honetan, Euskadin, herri kargudun gehienak, ordezkari politikoak, alderdi guztietakoak, zintzoak gara, garbiak gara. Eta gaur berretsi nahi dugu zintzotasunarekin, egiarekin, gardentasunarekin eta guztion ongizatearekin hitzeman dugun konpromisoa.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU