Prentsa Aretoa
2020/03/07
Urkullu “gogotsu, betiko konpromiso sendoarekin eta betiko ilusioarekin” aurkeztuko da berrautaketara
Gasteizko Europa Jauregian egin da gaur Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetara EAJ-PNVk eramango dituen zerrendak osatzen dituzten 38 emakumeak eta 37 gizonak aurkezteko ekitaldia. “Jokoan dugu Euskadiren etorkizuna, dena eman behar dugu kanpaina honetan. Mobilizazioa!”, aldarrikatu du Ortuzarrek
20200307_Hautagaitzak
DOKUMENTOAK - 2020/03/0720200307_Iñigo Urkullu. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2020/03/0720200307_Leixuri Arrizabalaga. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2020/03/0720200307_Andoni Ortuzar. Vitoria-Gasteiz
HITZALDIA - 2020/03/07
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Eusko Jaurlaritza indartsu dago, helburu argiak ditu eta garrantzizko gauzei begira dago. Sailburuak lanean buru belarri, atsedenik hartu gabe. Gure konpromisoa da, gure derrigorra ere bai. Dena ematen jarraituko dugu. Eta jakin dakit , aste konplikatu hauetan, emozioak arrazionaltasunaren gainetik jarri direla ikusirik, zera pentsatzen ari zaretela: ‘Zelan ote dago Lehendakaria?´. Iñigo indartsu dago. Betiko konpromisoarekin, betiko ilusioarekin Euskadi hobea eraikitzeko, gure bidetik jarraituz”. Mezu hunkigarri horrekin atera du Iñigo Urkulluk txalo zaparradarik handienetakoa, gaur eguerdian Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian burrunba ikaragarria eragin duena EAJ-PNVk Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeetara eramango dituen zerrendak osatzen dituzten 75 pertsonak aurkezteko egin duen ekitaldian. 1.300 bat alderdikidek eta alderdizalek bete dute kongresu jauregia eta arretaz eta emozio osoz entzun dituzte Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen eta Leixuri Arrizabalaga, Bakartxo Tejeria eta Urkullu, hurrenez hurren Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zerrendaburuen hitzak. Ekitaldiko elementu nagusia Ikurrina erraldoi bat izan da eta hormatik atera da hautagai jeltzaleak “besarkatuz”.
Urkulluk bukatzear dagoen legealdiaren balantze errealista egin nahi izan du eta Jaurlaritzarekin etorkizunera begira proiektatzen dituen planak nabarmendu ditu. Lehendakariak aitortu du “aste konplikatuak” eta “zailtasunak” bizi izan dituela egunotan, eta Zaldibarko ezbeharra aipatu du. “Une honetan bertan profesionalak daude toki hartan, arazo guztiak erabat konpontzera dedikatuta dauden langileak daude. Lehentasun nagusia Alberto eta Joaquin aurkitzea da” baieztatu du. Koronabirusaren krisiaz ere hitz egin du. “Erabat ulertzen dut ondoriorik larrienak sufritzen ari diren pertsonen mina. Gure osasun sistemak eskaintzen dituen baliabide guztiak jartzen ari gara unean uneko intzidentziei erantzuteko. Erantzukizunez ekingo diogu, arduraz, profesionaltasunez, konfiantzaz eta lasaitasun osoz, gizartean zabalduta dagoen beldurrari aurre egiteko”, adierazi du. Ez da harritzekoa, beraz, Lehendakariak aitortzea bere burua gehiago dagoela “egoera horiei aurre egiteko lanean, hauteskunde kanpainan baino”, baina gaur “geldiune bat” egin nahi izan du, Alderdiaren eskakizunari erantzuteko.
Lehenengo eta behin, balantzea egin du. “Euskadiko Gobernua lideratu dugu bi legealditan eta gehiengo osorik gabe. Horrek dakar akordioetara iristeko prest egon beharra. Beste batzuek Herri hau eraiki nahi dute bakarrik edo besteei betoak jarriaz, edo politika etengabeko gatazka giroan ulertuta. Hori da nork bere baitan mila gaztelu eraikitzea, eta horixe egiten dute. Guk, ordea, Euskadi erreala eraikitzen dugu. Akordioan oinarrituta. Horregatik, akordio anitzak behar direlako, ez dugu nahi genuen guztia lortu izan” Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren aldarazpenean, enpleguaren kalitatea hobetzeko ahaleginean, etxebizitza politikan edo iraganaren memoria kritikoan. “Zintzotasun osoz aitortzen dugu. Ez dugu bat ere gustuko autokonplazentzian erortzea. Egin dena begi kritikoekin ebaluatzea ere bada hobetzeko modua. Gure eredua da”. Orain bai, Urkulluk aurreko legealdian ekonomian, industrian, teknologian, azpiegituretan, prestakuntzan, hezkuntzan, kulturan, gizarte politiketan, ingurumenean, segurtasunean eta autogobernuan lortu direnak eta bete diren helburuak aipatu ditu. “Ekonomia Ituna eguneratuta eta Kupoaren Lege berria; pazientziarekin lan egin da Autogobernu Lantaldean eta oinarri sendo bat dugu oraindik zabaldu behar duguna; eta lehenaldiz, Espainiako gobernuak aitortu du Euskadirekin daukan zorra. Mezu bat Espainiako gobernuari: bada Gernikako Estatutua osorik betetzeko ordua”, ohartarazi du.
Eta, ondoren, etorkizunerako erronkak. Berdintasunetik hasita. “Gure konpromisoa erabatekoa da emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunarekin, familiei laguntzeko politikak, familia eta bizitza pertsonala uztartzekoak, gazteei emantzipatzen laguntzeko proiektuak, umeentzako eskolak,… Benetako berdintasuna eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako borroka”, baieztatu du hurrengo legealdirako aurreikusten dituen helburu eta konpromisoak aipatu baino lehen. Helburu horien artean daude “langabezia tasa %8tik jaistea, biztanle bakoitzeko errenta Europako lehen herrialdeen mailan kokatzea, ikerkuntza eta garapen alorreko inbertsioak Europako batez bestekoaren gainetik jartzea eta Euskadi izan dadila Europan desberdintasun sozial txikiena eta genero berdintasun handiena duten bost herrialdeetako bat”. Halaber, konpromisoa hitzeman du “gobernu egitasmo batekin; elkarrizketarekin eta akordioarekin; enpleguarekin, gizarte politikekin; klima aldaketaren erronkari eta ingurumenari eman beharreko erantzunarekin; berdintasunarekin, giza eskubideekin, bakearekin, elkartasunarekin eta bizikidetzarekin; eta ahalik eta akordiorik zabalenarekin Autogobernu handiagoa eta hobea lortzera begira. Zazpi konpromiso. Nire hitza da. Eta, bete egingo dugu”, amaitu du Urkulluk.
EBBko presidente Andoni Ortuzarrek alderdikide eta alderdizaleei hitz egin die eta mezu argi baino argiagoa luzatu nahi izan die: apirilaren 5era begira, mobilizazioa. Ortuzar harro agertu da barne prozesu demokratiko eredugarriaren ondorioz EAJ-PNVk euskal gizarteari eskainiko dion lantaldearekin. Baina EAJ-PNVri emaitza onak iragartzen dizkioten inkestek alderdikideengan eta hautesleengan sor dezaketen eragin okerraz ohartarazi nahi izan die. “Onak izango dira, baina nik ez ditugu gustuko. `EAJk berdin irabaztea aurreikusten bada, zertarako ahaleginduko gara botoak lortzen?´. `EAJk horren argi irabaztea aurreikusten bada, oporretan joango naiz eta ez da beharrezkoa posta bidezko botoa egitea´. Gogora ezazue duela lau urte gertatu zena: eskukada bete botorengatik galdu genituen 29. eserlekua eta gehiengo osoa Legebiltzarrean, eta legealdi osoan sufritu dugu”, ohartarazi du. “Urte asko daramatzagu Alderdian lan egiten eta gogor ekiten Euskadi merezi duen tokira eramateko, baina apirilaren 5ean eman behar dugun urratsa benetan erabakigarria izango da, berebizikoa. Urrats nagusia izango da Euskadik etorkizun segurua izan dezan. Horregatik, alderdikideok eta abertzaleok, eskatu nahi dizuet kanpaina honetan den-dena ematea. Gure esku dago. 125 urte beteko ditugu, 125 urte bide duina egiten, gure nagusien duintasuna, gure emakumeen duintasuna, gudarien duintasuna, erresistentzia eta erbeste aldiaren duintasuna, eta orain horiek guztiek gaur eskatzen digutena da gure onena ematea, gure zapatak kalez kale eta etxez etxe desegin ditzagula”, esan du.
Ortuzarrek era berean nabarmendu nahi izan du apirilaren 5eko hitzorduaren garrantzia. “Euskadi da jokoan dagoena. Eusko Jaurlaritza. Euskadiko erakundeak dira. Euskal hiritarroi eragiten diguten gauzak kudeatuko dituztenak. Kanpainaurre honi begiratuta, esan genezake berriro ere Moncloara joango dena aukeratuko dugula. Bazter batean PP daukagu hautagaiak atzamarrez izendatuz, eskuineko muturraren ondoan kokatuta daudenak aukeratuz. Beste txokoan daukagu Podemosek Madriletik aukeratu duen hautagaia. Ofiziala da Madrilen baina errebeldea Euskadin, bere hitzetan Lehendakaritzara joateko duen balorerik handiena da Pablo Iglesiasen babesa duela. Pedro Sánchez daukagu direnak eta ez direnak hitzematen Euskadin daukan hautagaia aurrera eramateko. Eta Ezker Abertzalea daukagu Euskadin kanpaina egiten Espainiako Gorteetako PSOErekin dituen balizko akordioak baliatuz. Eskerrak EAJ dagoela, bestela “Vaya Semanita”ren sketch batean gaudela pentsatuko genukeelako”, esan du txantxetan.
M-8aren bezperan, Eusko Legebiltzarreko presidentegai eta Gipuzkoako zerrendaburu Bakartxo Tejeriak hasteko esan duenez “emakumeen aurrerapena eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzea giza eskubide bat da eta justizia soziala lortzeko baldintza bat ere bai; eta ez dira emakumeen arazotzat soilik jo behar. Helburu horiek lortu ondoren baino ezin izango da gizarte bideragarri, bidezko eta garatua eraiki”. “Onartu zenetik 25 urte bete direla, Beijing-go Adierazpenaren hitz horiek beren betiko indarra izaten jarraitzen dute”, gaineratu du. “Matxismoaren aurrean, berdintasuna; mendekotasunari aurre egiteko, berdintasuna; diskriminazioaren aurrean, berdintasuna”, aldarrikatu du. “Ez da utopia bat: gure esku dago, eta lan egiten jarraituko dugu berdintasun hori benetakoa izan dadin”, amaitu du Tejeriak.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburuak konbentzituta esan du EAJ-PNVrentzat berdintasuna dela “elkarbizitzan, etorkizunean eta garapen sozial eta ekonomikoan egiten den inbertsioa. Euskadik bilatu behar du `emakume´ kontzeptua askatasunarekin lotzea, segurtasunarekin, oparotasunarekin eta aukera berdintasunarekin”. Arrizabalagak era berean aldarrikatu du kristalezko sabaiak eta “motxila ikusezinak” desagerrarazi beharra dagoela, aurrera egiten jarraitzeko konfiantzarekin, kontziliazioa eta erantzukidetasuna errealitate izango diren gizartea eraikiz. “Emakumeen eta gizonen talentua bateratzen jarraituko duen Euskadi dut amets, gizarte gisa daukagun %100eko potentziala baliatzeko gai izango den gizartea”. Halaber,hautagai jeltzaleak gogora ekarri nahi izan ditu Estatuan urteko lehen hilabeteetan erail dituzten 14 emakumeak eta baieztatu du bere alderdiak lan egiten jarraituko duela biktimei eta beren alaba eta semeei laguntzeko politika publikoak lantzen. “Gaur, bihar eta egunero EAJren baitan lan egiten dugu generoen arteko benetako berdintasuna lortzeko eta emakumeak eta neskak ahalduntzeko. Beste erronka bat da, ditugun beste hainbat erronka guztien artean, ekonomikoak, demografikoak, ingurumen arlokoak, sozialak eta teknologikoak, inor atzean utzi gabe, garapen ekonomikoaren eta enpleguaren alde eginez”, amaitu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09