Prentsa Aretoa

2020/04/09

Aitor Estebanek Sánchezi exijitu dio “derrigorrez irentsi beharrak” alde batera uztea eta “lankidetza eta elkarrizketa” balia ditzala krisia “antolakuntzarekin eta planifikatuta” kudeatzeko

Bozeramaile jeltzaleak “bat batean” hartutako erabaki “nahasgarriak” kritikatu ditu eta gogoratu du “Autonomia Erkidegoekin kontatu behar dela”. Era berean aldarrikatu du “gutxieneko jarduera ekonomikoari eutsi behar zaiola, segurtasuna bermatuz, lanpostuak babestera begira”.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, Pedro Sánchezi exijitu dio gaur “lankidetza eta elkarlanaren aldeko apustua egitea” krisi hau kudeatzeko orduan, “derrigorrez irentsi beharrak” alde batera utziz, eta hartu beharreko neurriak “antolatzea eta planifikatzea” eskatu du “bat batean hartutako erabaki nahasgarriak eta ondoren zuzendu egiten direnak” baztertzea.

Alarma-egoeraren luzapena eta Covid-19aren ondorioei aurre egiteko hainbat Lege Dekretu aztertzeko osoko bilkuran, Estebanek baieztatu duenez “zalantza gutxi daude zirkulazioa murriztu beharraren inguruan, pandemiarekin amaituko bada” eta, beraz, baieztatu du EAJ-PNVko diputatuek luzapenaren alde bozkatuko dutela.

Dena dela, bozeramaile jeltzaleak Sánchezi ohartarazi dionez “oso garrantzitsua da erakundeetako eragileekin kontatzea”, horiek izango direlako krisitik ateratzeko egin beharko diren gauza gehienak “aurrera eramango dituztenak”, eta berretsi du Exekutibo zentralaren kudeaketan “elkarrizketa, gehiago hitz egitea eta informazioa elkarren artean partekatzea” falta dela. “Eskatzen dizuet Lege Dekretuak onartzerako orduan gehiago hitz egitea neurriak martxan jarri behar dituztenekin”, laburbildu du.

Zentzu berean, Estebanek salatu du Sánchezen gobernuak “ordenamendu juridikoa eta eskuduntzen banaketa Dekretu Lege bidez aldarazi izana”, “Autonomia Erkidegoen enplegu politika aktiboetarako funtsak desagerraraztearekin gertatu den bezala”, eta gaineratu duenez “erabakiak hartzerako orduan ezin dira horrelako gorabeherak egon”. “Ezin da gauza bat esan eta ondoren kontrakoa, eta ezin dira bat batean kontsultatu gabeko erabakiak hartu; planifikatu gabeak eta gero martxan jarri ahala zuzendu behar direnak”.
Horrela, eta zentzu berean, Estebanek baieztatu duenez “gobernatzea da esparru ezberdinetatik informazioa jasotzea, aldekoak eta kontrakoak neurtzea, eta erabaki errealistak hartzea nahasmena baino, lasaitasuna eta ordena eragingo dutenak, eta horrek behar du erabakiak ordenarekin eta argitasun osoz hartzea, eta kasu batzuetan ez da horrela egin”. Esate baterako, Estebanek ekonomia hibernatzen jartzeko Dekretua ekarri du gogora, ia gau erdian Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, test-en erosketa edo sintomarik ez dutenei edo irteera mailakatuari buruz egin diren iragarpenak. Horien guztien inguruan Estebanek esan duenez “ez dira bat ere zehatzak eta zalantzak eragiten dituzte”.

Estebanek era berean ekarri ditu gogora pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egitera begira Espainiako gobernuak hartu dituen neurriak. “Horietako asko egokiak dira” esan ondoren, jarraian ohartarazi du “koiunturazkoak” direla eta egoerari eusteko balioko ez dutela “krisiak estrukturala izaten amaitzen badu”. “Gerta daiteke enpresa askok egoerari ez eustea eta itxi behar izatea”, esan du. “Hori gertatzeko aukerak minimizatu behar dira eta, segurtasun neurri guztiekin, lan ikuskaritza zorrotzarekin, gutxieneko jarduera ekonomikoari eutsi behar zaio. Bestela, erabateko hibernazioa eskatzen duten berberek lanpostuak eskatuko dituztelako. Eta horretaz ari gara, lanpostuez, autonomoez eta ETEez”. Zentzu honetan, Estebanek argi baino argiago utzi duenez “prozedura arinak behar dira, oztopo burokratikorik gabe” eta gaineratu duenez “oraindik aurreikusi ez diren babes esparru berriak pentsatu beharko dira”.

´Moncloako Itun berriak´ deitu dituztenen inguruan hitz egiteko alderdiak deituko direla esanez Pedro Sánchezek egin duen iragapenari erantzuteko, Estebanek argi eta garbi hitz egin du: “EAJk beti jokatu du ardura osoz, akordioetara iristeko prest egongo gara eta beti egongo gara hiritarren interesa jokoan dagoen guztietan, baina ez gaude 1977an, erakunde demokratikoak daude, autonomien Estatu bat dago eta logikoena litzateke akordioak gaur egungo erakundeetan hartzea eta gobernu eta erabaki esparru ezberdinak aintzat hartuta”.

Amaitzeko, Estebanek erantzun nahi izan die Estatua krisi honetatik indartuta irtengo dela esan dutenei. Guztiz alderantziz, bozeramaile jeltzaleak zera nabarmendu du “Estatua txiki geratu da osasun baliabideen eta baliabide ekonomikoen benetako aurreikuspena egiteko eta egoeraren dimentsioa kudeatzeko”, eta horren erakusle dira Europari egindako deiak. Hain zuzen ere, Estebanek bat egin du Sánchezek “Europako esparrua funtsezkoa da” esanez egin duen baieztapenarekin, baina gaineratu duenez “konfiantza eragin behar da kideengan” eta kritikatu duenez “urteak daramatzagu produkzioa Txinara eramaten kosteak merkeagoak izan daitezen eta irabaziak handitzeko, osasun baliabideak hirugarren batzuen esku utzita eta ezer planifikatu gabe”. Zentzu berean, Estebanek nabarmendu duenez “Ikusi da Estatua ez dela kudeatzailerik onena, Estatua baino eraginkorragoak Autonomia Erkidegoak izan direlako”.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU