Prentsa Aretoa
2020/09/27
EBBk eta Herrialde Buru Batzarrek Forondan berritu dute EAJ-PNVren konpromisoa Euskadirekin eta bere etorkizunarekin
Zelaia hutsik eta Covid-19aren biktimen omenez haga erdian jarri den ikurrinaren azpian, Ortuzarrek jeltzaleen eskua luzatu die “erakunde politiko, sozial eta ekonomikoei eta sindikatuei” denon indarrak batzeko eta Euskadi krisialditik ateratzeko
2020.09.27_Andoni Ortuzar. Foronda
HITZALDIA - 2020/09/27
Covid-19aren pandemiak eragotzi du aurtengo Alderdi Eguna ospatzea, EAJ-PNVk urtero egin ohi duen eta milaka pertsona batzen dituen topaketa politiko handia, eta 1977an egiten hasi zenez geroztik inoiz ospatu gabe utzi ez dena. Gaurko egoerak, alabaina, ez die Euzkadi Buru Batzarreko eta EAJ-PNVren bost Herrialde Batzarretako burukideei (Araba Buru Batzarra, Bizkai Buru Batzarra, Gipuzko Buru Batzarra, Napar Buru Batzarra eta Ipar Buru Batzarra) eragotzi Forondara hurbiltzea eta beren konpromisoa berrestea zuzentzen duten Alderdiarekin eta konpromiso hori zor dioten Aberriarekin. Irailaren amaieran, inoiz ez bezala huts-hutsik egon den zelaiaren aurrean, EBBko presidente Andoni Ortuzarrek topaketaren zergatia azaldu du: “Alderdi honek Herri honekin eta bere etorkizunarekin daukan konpromisoaren garra bizirik mantentzea”. “Gar hori”, gaineratu du Ortuzarrek Forondan piztu den pebeteroaren aurrean, “hemen dago Euzko Alderdi Jeltzaleak bere aberriari lotuta jarraitzen duela adierazteko, gaur egun bizi ditugun garai latz eta konplikatuetan euskal aberrigintzarekin daukagun konpromisoa berresteko eta euskal gizarte osoari adierazteko hemen jarraitzen dugula, zutik, lanean, Euskadi aurrera ateratzeko”.
Ekitaldiak 25 minutuko iraupena izan du eta solemnitate handiarekin egin da. Eguerdiko 12etan, Ortuzarrek eta Herrialde Buru Batzarretako presidente jaun-andreek ikurrina jaso dute ‘Agur Jaunak’ doinua entzun bitartean. Ikurrina haga erdian jarri da zazpi herrialdeetan pandemiaren ondorioz hil diren 2.000 pertsonak gogoan. Jarraian, Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak pebeteroa piztu du garai latz eta ilun hauetan ere EAJ-PNVren konpromisoak bizirik eta indarrean jarraitzen duela adierazteko. Ortuzarren hitzen ondoren, ekitaldia amaitu da ‘Eusko Abendaren Ereserkia’ Euskadiko himnoa abestuaz.
Ortuzarrek aitortu du Alderdi Eguna bertan behera uzteko erabakia bereziki mingarri izan dela, urtero pertsonez gainezka eta ilusioz beteta egon ohi diren zelaiak gaur huts-hutsik daudela ikustean, bereziki aurten, EAJ-PNVk bere 125. urteurrena ospatzen duela gogoan. Baina berretsi du bertan behera uzteko erabakia zuzena izan dela “arduraz jokatu beharra dagoelako”. Ortuzarrek era berean aitortu du pandemiak erabat zapuztu dituela EBBk EAJ-PNVren 125. urteurrena ospatzeko aurreikusita zituen planak. Era berean atzeratu du EAJren Batzar Nagusia, Euzkadi Buru Batzarraren berritzea egiteko, eta Ortuzarrek abendu erdian egitea espero dutela iragarri du. “Alderdia indartu beharra dago. Indartu eta berritu. Gurea moduko alderdi politiko batek, herriaren alderdia denak, jendearen begietatik ikusten duenak, kaletik dabilenaren haize berbera arnasten duenak, adi egon behar du aldaketa sozialen aurrean, joera ezberdinen aurrean, eta erantzuna ematen jakin behar du. Hori da hemendik eta hurrengo Batzar Nagusia egin arte egin beharko dugun lana. Alderdia prestatzea eta, erronka horretarako, onenak aukeratzea”, esan du EBBko buruak.
Bigarren zatian, Ortuzarrek euskal gizarte osoari hitz egin nahi izan dio. “EAJ-PNV da jendearen alderdia. Hau ez da handikeriaz esaten dugun zerbait. Gobernu alderdia bagara eta Erakundeetan bagaude, hori da jendearen alderdia garelako eta hor gaudelako jendearen nahiak errealitate bihurtzeko. Eta jabetzen gara gaur egun pertzepzioak, sentsazioak, aurreikuspenak eta batez ere jendearen bizipenak, konfiantzak baino, kezkak eragiten dituela; positiboak baino, negatiboak direla; lasaitasunezkoak baino, ezinegonak eragindakoak direla. Logikoa da”, baieztatu du. “Egoera honetatik irten gaitezen, batasuna behar dugu, erantzukizuna, bakoitza bere esparrutik. Lehenengo eta behin, jakina, erantzukizun politikoak edo herri karguak ditugunon aldetik. Baina baita sindikatuen eta erakunde ekonomikoen aldetik ere. Baita komunikabideen eta iritzi sortzaileen aldetik ere. Elkarrizketa eta adostasuna behar ditugu eta ez pankartatik edo gatazkarik. Grebak eta aldarrikapenak baino, gure konpromisoak berritu behar ditugu: gure konpromisoa gizarte bidezko eta osasuntsua eraikitzeko; gure konpromisoa kalitatezko zerbitzu publikoekin, osasun zerbitzu onarekin, hezkuntza onarekin eta zerbitzu onekin; euskal Autogobernuarekin, esan dudan guztiaren bermatzaile gisa, aurkeztuko den edozein eraso edo mehatxutik babesteko ezkutu gisa”. Hori dena egiteko, jeltzaleen buruak EAJ-PNVren eskua luzatu die “Herri honetako erakunde sozial eta politiko guztiei, denon artean ezkutu sendo hori egin dezagun, gure hiritargoa babesteko eta ekonomia suspertzeko bidea hartzeko.” Are gehiago, “hurrengo asteotan lanez gainezka egongo garela gogoan”, lanez gainezka birusaren kontra eta beste hainbat arlotan. Lan egingo dugu Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan gaitasun ekonomiko egokia adosteko Euskadiko erakunde guztietatik lan egiteko; ahal ditugun euskal Aurrekonturik onenak egingo ditugu krisiari aurre egiteko; eta munduko borondaterik onenarekin negoziatuko dugu Estatuko Aurrekontu Orokorrak, horiek ere bide onetik joan daitezen. Kalkuluen eta alderdikeriaren gainetik, bakoitzaren ideologiaren gainetik, hiritargoaren beharrak lehenetsi behar ditugu, eta horiei denei erantzuteko, ezinbestekoa da erakunde guztietako aurrekontuak lerrokatuta egotea krisitik irten gaitezen. Bide horretan aurkituko dute EAJ-PNV”.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09