Prentsa Aretoa

2021/01/07

Mitxel Unzuetaren heriotza tamaldu du EAJ-PNVk, euskal politikagintzaren funtsezko eragile, gizaseme zintzo eta bakezalearena

Senatari eta legebiltzarkide jeltzale eta Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat izan zena gaur goizean zendu da 88 urte zituela. Goian bego

rss Ezagutzera eman
Mitxel Unzuetaren heriotza tamaldu du EAJ-PNVk, euskal politikagintzaren funtsezko eragile, gizaseme zintzo eta bakezalearena

ARGAZKIA JAITSI

EAJ-PNVk Mitxel Unzuetaren heriotza tamaldu du. Unzueta gaur zendu da 88 urte zituela. EAJk bere doluminik sentikorrena eta hurbiltasuna adierazi nahi dizkie Gernikako Estatutuaren sortzaileetako bat eta Trantsizio garaiko euskal politikagintzako eragile nagusienetakoa izan zenaren senide eta lagunei.

Unzueta Bizkaiko senatari izan zen aukeratua Francoren heriotzaren ondoren egin ziren lehen hauteskundeetan, eta berraukeratua izan zen 1979ko hauteskundeetan. Orduko legealdi konstituziogilean Senatuko Batzorde Konstituzionaleko bozeramaile izan zen. Halaber, Gernikako Estatutuaren testua idatzi zuten Eusko Legebiltzarkideen Biltzarreko presidentea izan zen. Estatutu hura 1979ko urriaren 25ean onetsi zuen Euskadiko hiritargoak. Senatuko etapa amaitutakoan, eusko legebiltzarkide izan zen 1980 eta 1984 urte bitartean. Eskubide Historikoen defendatzaile sutsua zelarik, Unzueta forutasunaren eta Espainiako Konstituzioaren Xedapen Gehigarriaren aktibista izan zen. Gizon pragmatikoa, printzipioen erradikaltasunean oinarrituta, eta aldi berean zuzenbidearen, jurisprudentziaren eta arrazoi historikoaren aldekoa.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Unzuetaren heriotza tamaldu du. “Pertsonarik funtsezkoenetakoa izan da Euskal politikagintzak bizi izan duen unerik esanguratsuenetako batean, Trantsizioaren zirrikituetan aritu zelako Konstituzioaren aurrean euskal herritarren aldarrikapenak defendatuz eta Gernikako Estatutua sortuz”. Ortuzarrek ildo beretik azpimarratu duenez “EAJren baitan, jarrera diskretu eta zuhurrarekin, Unzuetak lan esanguratsua egin zuen burukide gisa. Gizaseme arteza, legegile bikaina eta goitik beherako abertzalea. Pertsona zintzoa izan zen, bakezalea, ezberdinen arteko elkarrizketaren aldekoa eta tolerantea”. EBBko presidenteak baieztatu duenez “gaur Alderdiko buruzagitzan ari garenok, esker ona eta aintzatespena baino ezin dugu adierazi Euskadiren zerbitzura eginiko ibilbidea omenduz. Berak utzi digun eredutik ere ikasi behar dugu, herri hau askatasun mailarik gorenera gida dezagun”.

Euskal abertzale ilustratu, elkarrizketa zale eta burutsuak utzi gaitu gaur, parerik ez duen belaunaldiaren funtsezko parte izan denak. Goian bego.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU