Prentsa Aretoa
2021/02/25
EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzaren lan eskerga babestu du, martxoan espetxeen transferentzia Euskadira iristea lortzeko
Jeltzaleek ziurtatu dutenez, "Ez dute atsedenik hartuko" eskumen guztiak gauzatu arte, eta Miquel Iceta Sanchezen Gobernura iristeak negoziazio prozesuari bultzada argia ematea espero dute. "Albiste bikaina izango litzateke Icetarekin Gernikako Estatutua betetzea. Gobernu honen eta talde honen konpromisoa irmoa da", esan du Laura Perez Borinaga legebiltzarkideak
EAJ-PNVren talde parlamentarioak Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana babestu du, Gernikako Estatutuan jasotako eta duela 40 urte baino gehiagotik falta diren eskumen guztiak ahalik eta lasterren Euskadira eskualdatzea lortzeko. Ostegun honetako osoko bilkuran, jeltzaleek jarrera irmoa izateko deia egin diote Jaurlaritzari, iazko urrian Madrilekin adostutako eta berrikusitako transferentzien kronograma bete dadin. Egutegi horretan, lantzen ari diren gaien lehen bloke bat aurreikusi da, eta horien artean espetxeen kudeaketa edo Bizitzako Gutxieneko Diru-sarrera daude. Laura Perez Borinaga legebiltzarkideak jarduera-plan bat izatearen garrantzia azpimarratu du, eta, batez ere, plana betetzeko bi aldeen konpromisoa eta borondate politikoa izatearen garrantzia. "Gure Gobernuak indar handiz gidatzen du autogobernu osoa lortzea eta lortutakoa defendatzea, autogobernu gehiago baita herritar guztientzako ongizate handiagoaren sinonimo. Printzipio sendoak eta konpromiso argiak daude orain arte Espainiako Estatuaren esku egon diren eskumen guztiak bere gain hartu ahal izateko. Erakutsi dugu hemendik kudeatzen badugu hobeto kudeatzen dugula".
Espetxeen kudeaketari dagokionez, "Zaila eta ertz askokoa" den gaia, Perez Borinagak uste du eskualdatzeak zentro horien funtzionamendua hobetzea eta presoen birgizarteratzea ahalbidetuko duela. Era berean, gizartea nahita ez nahasteko eskatu die eskuineko alderdiei, "Espetxeen kudeaketak ez duelako zerikusirik espetxe politikarekin", Espainiako Gobernuaren esku jarraituko baitu. "Zuek bost izarreko hotelak aipatzen dituzue, amnistia, preso guztiak kalean jartzea… eta errealitatetik urrun. Pertsonez, ekipamenduez eta azpiegiturez ari gara". Ordezkari jeltzaleak PP+C´s taldearen inkoherentzia eta zinismoa salatu du, Estatutuan sinesten ez duelako, baina Gernikara argazkiak ateratzera joaten delako. "Bere ekintza politiko guztia eskumenak geldiaraztera bideratuta dago, eta besteei egutegi adostu bat bultzatzeari eta garatzeari uko egiteko exijitzera. Estatutua ez betetzera deitzen dute, edo bestela esanda, legea nahita ez betetzera deitzen dute. Estatutua zapaltzen dute, baina gero Gernikako Arbolaren ondoan posatzen lehenak dira".
EAJ-PNVko legebiltzarkideak gaiaren konplexutasuna aitortu du, eta Iñigo Urkulluren kabinetea transferentzia "segurtasun juridiko osoz eta baldintza tekniko onenekin" egiteko lanean ari dela esan du.
Alderdi jeltzalea itxaropentsu agertu da Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministeriora iritsiko delako, sentsibilitate berezia duen gizona, eta komunikazio arin eta zintzoa duena. "Konfiantza dugu bere jarreran, eta albiste bikaina izango litzateke hartutako konpromisoak berak betetzea. Espero dugu elkarrizketa arina izaten jarraitzea, azkenean, legegintzaldi honetan, prozesu hori burutu ahal izateko. Bidea elkarrizketa, ulermena eta leialtasuna oinarri hartuta egiten ari da. Ez dut zalantzarik aste hauetan aurrera egingo dela eta laster, lan gogorraren ondorioz, materia berriak iritsiko direla Euskadira"
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Eusko Jaurlaritza
2024/07/01
Eusko Legebiltzarra
2024/06/22
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Eusko Legebiltzarra
2024/06/20
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25
EBB
2023/04/09