Prentsa Aretoa

2021/06/02

EAJ-PNVk eta PSE-EEk animalien babesa eta ongizatea handituko duen legea bultzatu dute Legebiltzarrean

Arauak, aldundiekin eta udalekin adostuta, debekatu egingo du harrera-zentroetan animaliak hiltzea, eta gogortu egingo du gizarte moderno bati ez dagozkion jokabideetarako zehapen-araubidea. "Gizarte moderno baten berezko jarrera humanitarioagoak lortzeko bidean aurrera egin nahi dugu"

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk eta PSE-EEk animalien babesa eta ongizatea handituko duen legea bultzatu dute Legebiltzarrean

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Lagun egiteko animaliak babesteko lege proposamena erregistratu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Arau horrek oso-osorik eguneratzen du orain arte indarrean egon den legea, 1993koa, eta kontuan hartzen ditu aldundiek eta EAEko udalek egindako ekarpenak, arlo horretan eskumena duten erakundeak baitira.

Lege-proposamen honen helburu nagusia da animalien babes-maila handitzea eta haien ongizatea hobetzea, "Ezin baitira objektu huts gisa tratatu". Orain indarrean dagoen legean jada jasota dauden sentsibilizazio- eta hezkuntza-neurriak erabat berrikustea eta horietan sakontzea dakar, "Portaera humanitarioagoak eta gizarte modernoaren berezkoak" bilatuz. Testuaren sinatzaileek onartu dute "beharrezkoa eta zentzuzkoa" dela animalien errespetua eta defentsa segurtasun handiagoz zaintzeko. Natura-ingurunean basafaunaren babesa eta kontserbazioa legearen eremutik kanpo geratzen dira, eta ehiza, arrantza eta tauromakia arautzen dira, araudi eta legeria espezifikoen bidez. Debekatuta daude, ordea, uso-tiroen lehiaketak, animalien arteko borrokak eta zirku-ikuskizunak eta animaliekin egiten diren feria-atrakzioak (karruselak).

Luis Javier Telleria eta Txarli Prieto legebiltzarkideek, zigorrak gogortu dituztela nabarmendu dute, animaliari egiten zaion kaltearekiko proportzionalak izango baitira. Larrienen kasuan, isuna 100.000 eurokoa izan daiteke. Animalia babesteko edo pertsonen osotasun fisikorako beharrezkoa denean, kautelazko edo behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira. "Zoritxarrez, gure gizartean ohikoak dira tratu txarrak, abandonua, beharrezkoa ez den mina edo arreta-utzikeria. Animalien arduradunek animaliak edukitzeak duen erantzukizuna beren gain hartzea nahi dugu, tratu egokia eta gizatiarra ematea eta bizitza osoan merezi dituzten betebehar, zaintza eta arreta bereziak betetzea". Arau honen xede izango dira, 1. artikuluan jasotzen den bezala, lagun egiteko animaliak eta hiriko edo gatibu dauden basoko animaliak.

Eusko Jaurlaritzak bere legegintza-egutegian lege-testu hori aurtengo bigarren seihilekoan bidaltzea aurreikusita bazuen ere, bi taldeek uste dute baliagarria eta positiboa dela Elkarrekin Podemosek aurreko legealdian Legebiltzarrean egindako lana aprobetxatzea. Alderdi moreak orain jeltzaleek eta sozialistek oinarritzat hartzen duten lege proposamena aurkeztu zuen. Ñabardura garrantzitsu batekin: Elkarrekin Podemosek ez zuen gaia kudeatzen duten erakundeen (Aldundiak eta Eudel) esku utzi testua. Proposamen honek badu kontraste-lan bat.

Ekimena bultzatzen duten taldeek oposizioko talde guztien laguntza espero dute, eta guztien "erantzukizunean, zorroztasunean eta seriotasunean" konfiantza dute legerik onena adosteko, negoziatzeko eta ixteko. "Gure jarrera zintzoa da eta akordio batera iritsi ahal izango garela uste dugu, batzen gaituen gauza sendo bat dagoelako: animalien ongizatea eta babesa ziurtatzea, krudelkeria eta tratu txarrak saihestuz", adierazi dute bi legebiltzarkideek.

ZERO SAKRIFIZIOA ETA EUTANASIA

Araudi berriak betebehar eta debeku orokor batzuk jasotzen ditu animaliaren titular edo jabeentzat, bai eta animaliaren zainketaz arduratzen diren erakundeentzat ere. Berritasun gisa, harrera-zentroetan dauden animaliak hiltzeko debekua nabarmentzen da, bertan sartu zirenetik igarotako denbora gorabehera. Abereen osasuna, osasun publikoa edo ingurumen-segurtasuna dela eta bakarrik hil ahal izango da, albaitariaren txostena jaso ondoren. Era berean, animalien eutanasiaren figura ezartzen da, zeina gaixotasun edo gaitz sendaezina edo mina eragiten dioten gaixotasunak dituzten animaliei bakarrik aplikatu ahal izango zaien; albaitari batek agindu eta egingo du beti. "Ezin izango da gauzatu gaixotasuna tratatzeko modukoa denean".

ANIMALIEKIN SALEROSTEA

Legearen artikuluetan jasotzen denez, baimendutako merkataritza-helburuak dituzten establezimenduen titularrek bakarrik egin ahal izango dute animalien merkataritza, eta debekatuta egongo da partikularrek salerostea. Debekatuta dago, halaber, animalia biziak erakusleihoetan erakustea. Zentro horietan txakurrak eta katuak saltzeko katalogoak edo antzeko bitartekoak erabiliko dira, eta ez da beharrezkoa animaliak bertan egotea. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak esterilizatu egin beharko dira, eta berariazko administrazio-lizentzia beharko da txakurrak edukitzeko.

ANIMALIEN IDENTIFIKAZIOA

Galdutako, abandonatutako edo lapurtutako animaliak errazago aurkitzeko, titularrak behartuta egongo dira animalia horiek identifikatu eta erregistroan inskribatzera (AIEO, lagun egiteko animaliak identifikatzeko erregistro orokorra), jaio eta bi hilabeteko epean eta titulartasuna erosi edo aldatu eta hamar eguneko epean. Animaliaren heriotzaren berri ere eman beharko dute. Legedi honen arau-hausleei buruzko informazio-atal bat sortuko da.

Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean argitaratuko da Abereen Ongizaterako eta Babeserako Erakundearteko Kontseilua sortzeko dekretua, zeinaren helburu nagusia izango baita erakunde eskudunen arteko lankidetza sustatzea eta pertsonen eta animalien arteko tratu ona eta bizikidetza sustatzea.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU