Prentsa Aretoa

2021/09/30

EAJ-PNVk azaroaren 27 eta 28an egingo du bere VIII. Batzar Nagusia Barakaldoko BECen

Talde jeltzaleak lau urterik behin egin ohi duen topaketak emango dio hasiera entzute aktiboan oinarri harturik abian jarriko den prozesuari, eta aldi berean eragingo du Alderdiarekin harremanetan jartzeko bestelako molde bat sortzea

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk azaroaren 27an eta 28an egingo du Bere VIII. Batzar Nagusia, Barakaldoko BECen. Hala erabaki du Euzkadi Buru Batzarrak eta hala jakinarazi dio gaur arratsaldean Sabin Etxean batzartu den Aberri Batzarrari. Talde jeltzaleak lau urterik behin egin ohi duen topaketa nagusia 2020 urtean zehar egin behar zen, baina Covid19-aren pandemiak atzeratzeko erabakia hartzera derrigortu zuen alderdi jeltzalea. Egoera aztertu ondoren, Euzkadi Buru Batzarrak eta Aberri Batzarrak ulertzen dute osasun krisiak azken aldi honetan izan duen bilakaera positiboak ahalbidetzen duela Batzar Nagusia osatzen duten 600 pertsonak toki berean batzea, halako bileretara deitzen diren barne kargudun, herri kargudun eta gonbidatu ugariez gain.

Aberri Batzarrak Euzkadi Buru Batzarra berritu zuen 2020ko abenduan. Beraz, VIII. Batzar Nagusirako hizpide nagusia izango da berrikuntza politikorako asmo handiko prozesua abian jartzea, entzute aktiboan oinarrituta. Prozesu honen bidez Euzkadi Buru Batzarrak bilatzen du “Alderdia euskal gizartearekin berriro konektatu ahal izatea, pandemiaren urte bete eta erdiaren ondoren eta mundu berria ekarri duen krisiaren ondoren, erronka berri eta garrantzitsuei aurre egin beharko diegularik”, esan du Mireia Zaratek, Euzkadi Buru Batzarreko Idazkariak. EAJ-PNV entzute aktiboko prozesu honetara abiatuko da egoeraren diagnosi arduratsu eta zehatza egin ondoren. Analisi hau, entzute aktiboaren bidez, euskal gizarteari aurkeztuko dio, herritarrek eurek adierazitako lehentasunak, kezkak, erronkak, proposamenak eta ilusioak bere jarduera politikoan jasotzera begira. “Prozesu honen baitan aztertuko ditugu eta euskal gizartearekin eztabaidatuko ditugu pertsona gisa eta Herri gisa hemendik aurrera askotariko esparrutan planteatuko zaizkigun erronkak: ingurumena babestu beharra eta klima aldaketaren kontrako lana, digitalizazioa, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea, justizia sozialari eusteko eta indartzeko lana, krisi demografikoa eta zahartzea”, gaineratu du burukide jeltzaleak.

VIII. Batzar Nagusi hau ere aukeratu du EBBk Alderdi jeltzalearekin harremanetan egoteko molde berri baten xehetasunak eta ezaugarriak ezagutzera emateko. EAJ-PNVk aukera hau zabaldu nahi die, alderdikide izan beharrik gabe, talde jeltzalearekin harreman zuzena izan nahi duten pertsonei.

Suso Blog
  • Jose Antonio Suso

    Jose Antonio Suso

    ABBko presidentea

    SARTU