Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2021/11/24

EAJ-PNVk bere VIII. Batzar Nagusia egingo du asteburuan, `Abian zurekin´ goiburupean

Barakaldoko BECek datorren asteburuan hartuko du alderdikide jeltzaleen topaketa handia. Bilkura berean emango dira ezagutzera entzuketa aktiboko prozesua, bai eta Alderdiarekin harremanetan jartzeko, komunikatzeko eta solaskidetza aktiboa izateko tresna berri bat ere

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

‘Abian zurekin’. ‘En marcha contigo’. Hauxe izango da EAJ-PNVren VIII. Batzar Nagusiaren goiburua, talde jeltzaleak lau urterik behin egin ohi duen bilkura handiarena, zeina datorren asteburuan Barakaldoko BECen egingo baitu. Ekitaldi nagusi honen xehetasun guztiak eman ditu ezagutzera gaur arratsaldean Euzkadi Buru Batzarreko idazkari Mireia Zaratek. Talde jeltzaleak lau urterik behin egin ohi duen barne topaketaz gain, non zazpi herrialdeetatik etorriko diren 600 bat ordezkari batuko diren, 2021eko Batzar Nagusiak EAJ-PNVri emango dio bi proposamen berri ezagutzera emateko aukera. Lehenik eta behin ,entzuketa aktiboko prozesu bat, hurrengo hilabeteotan zehar garatuko dena, eta horri lotuta Alderdiarekin harremanetan jartzeko tresna berri bat, ohiko alderdikidetzaz apartekoa, bai eta beste alderdi politikoek aurreikusten duten “zale“ figuraren bestelakoa ere. Batzar Nagusiaren itxiera igandean egingo da, 11:30etik aurrera egingo den ekitaldi politiko nagusiarekin , bertan hitz egingo du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak. Hitzaldi politikoaz gain musika, dantza eta bideoak eskainiko dira; eta EAJ-PNVko gazteek, bai eta EGIko kideek, parte hartze nabarmena izango dute bertan. Hauxe dena egingo da indarrean dauden osasun neurri guztiak zorroztasun osoz betez. “Gure alderdikideak animatzen ditugu, gure lagun guztiak, alderdizaleak, horren egun berezian gurekin ospatzera etor daitezela. Zain izango gaituzue, segurtasun guztiak betez eta ilusioz beterik”, esan du Zaratek.

VIII. Batzar Nagusia, hasiera batean, 2020ko uztailerako zegoen aurreikusita, baina pandemiak alderdi jeltzaleak derrigortu du birritan atzeratzera. Salbuespen gisa, pandemiak denoi ezarri zigun salbuespen egoeran, Aberri Batzarrak, 2020ko abenduaren 10ean, EBBren presidentea eta zortzi burukideak aukeratu zituen. “Asteburuan egingo duguna ohiz kanpoko Batzar Nagusia izango da, atipikoa erabat. Ez da EBB berria aukeratuko”, baieztatu du Zaratek,“baina bai gertatuko da alderdikideekin berriro elkartzea, 2020an eta 2021ean Alderdi Egunean edo Aberri egunean elkartu ezinik egon ondoren”.

Gaurko prentsaurrekoan, Zaratek `Abian zurekin´ goiburuaren esanahia azaldu nahi izan du “Biztanleriaren %90tik gora txertatuta eta gaur egun nahiko egoera zailean gauden arren, Euskadi zutik dago, martxan dago. EAJ-PNV ere bai. Horregatik, alderdikide eta alderdizaleekin batuko da berriro ere, toki seguru batean egingo du, gainera”, eta arestian esandako bi tresnaren bidez egingo du hori: entzuketa aktiboko prozesua da bata eta Alderdiarekin harremanetan jartzeko bestelako molde berri bat da bestea. Prozesu biak emango dira ezagutzera larunbat arratsaldean eskainiko den prentsaurrekoan.

Zaratek argitasun osoz eta irmoki esan du jeltzaleen topaketa indarrean dagoen osasun araudia zorroztasun osoz betez egingo dela. “Pandemia osoan egin dugun bezala, gure eskuetan dagoen guztia jarriko dugu eta ahalegin guztiak egingo ditugu BECera hurbilduko diren pertsona guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Behar besteko neurriak hartuko ditugu: segurtasun distantziak, derrigorrez eta une oro eraman beharreko maskara, aireztatze egokia eta instalazioetara sartzeko eta handik irteteko sistema, gaurko egoeran bete beharreko protokoloak jarraituz”.

VIII. Batzar Nagusia larunbatean hasiko da, goizeko 9:30ean, ohiko barne eztabaidarekin. Oraingo honetan ez da txosten politikorik aurkeztuko, baina Euzkadi Buru Batzarrak bai partekatuko du Batzar Nagusiko ordezkariekin Euskadiren orainaren eta etorkizunaren diagnostiko bat, agiri hori ere abiapuntu nagusia izango delarik hiritarrekin esandako solaskidetza hori ezartzeko. Larunbat arratsaldean entzuketa aktiboko prozesua aurkeztuko da, bai eta Alderdiarekin harremanetan jartzeko molde berria ere. Larunbatean emango dira ezagutzera haien izena, identitate korporatiboa eta egutegia. Igandean, 11:30etik aurrera, BECeko 1. Pabilioian, ekitaldi politiko publikoa egingo da, Batzar Nagusiari amaiera emanez.